es | eu | en | fr

Nafarroako Artxiboak Gordailuan Jaso du Iruñeko Santa Zezilia Kontzertu Elkartearen Funtsa

2019/03/15
Nafarroako Artxiboak Gordailuan Jaso du Iruñeko Santa Zezilia Kontzertu Elkartearen Funtsa

Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak gordailuan jaso du, duela 140 urte sortu eta Estatuan jardunean diharduen orkestrarik zaharrena bide den Iruñeko Santa Zezilia Kontzertu Elkartearen funts dokumentala. Horren tratamendua bukatu bezain laster, Nafarroako Musika eta Arte Eszenikoen Artxiboko ondare dokumentalari gehitu eta musikazaleen nahiz horren ikerketan interesatuta dauden pertsona guztien eskura jarriko da.

Artxiboen eta Ondare Dokumentalaren Zerbitzuko zuzendari Joaquim Llansó Sanjuanek eta Elkarteko lehendakari Mª Jesús Artáiz Zabalzak ezagutzera eman dute gaur hitzarmenaren edukia.

Zenbait arrazoi tarteko, Santa Zezilia Kontzertu Elkartearen funtsa hiru artxibotan gordeta kontserbatu da gaurdaino: zati bat Huarte Solchaga familiak egindako dohaintzaren barnean iritsi da Nafarroako Artxibora; orkestrako ezinbesteko kidea izan zen Alberto Huarteren 1910eko hamarkadako dokumentazioarekin batera, zehazkiago esanda. Legatu hau identifikatu eta antolatzeko fasean dago artxiboaren barnean.

Bestalde, jatorrizko funtsaren zati handi bat, partituren artxiboa, Nafarroako Orkestra Sinfonikoak eskuratu zuen 2016an. Egun, Nafarroako Artxiboa orkestrarekin batera lan egiten ari da partitura historikoen inbentarioa osatzeko proiektua gauzatu eta partitura horiek Nafarroako Musika eta Arte Eszenikoen Artxiboaren programan txertatzeko.

Azkenik, Elkartearen gordailuak Iruñeko orkestra munduaren ezagutu eta ikertzea ahalbidetuko duen ikuspegi orokorra ematen du. Hartara, gordailuan utzi dira Elkartearen aktak, kontu-liburuak, proiektuak, espedienteak eta kontabilitateko agiriak, baita jarduneko bazkideen erregistroa (musikariak), bazkide babesleena (dohaintza-emaileak), estatutuak eta arautegiak, memoriak (1933-1991), eskuko programak (1940-1991), musika artxiboaren inbentarioa eta partituren fotokopiak ere. Halaber, gordailuan sartu dira erretratuak, argazkiak, diapositibak eta negatiboak biltzen dituen irudi-bilduma (1904-1991), planoak, Julian Gaiarre kantu lehiaketak, beste erakunde batzuen oroimenezko argitalpenak, prentsa-dossierrak, agendak, liburu eta aldizkariak, dokumentu solteak eta inprimakiak.

Elkartearen zutoihala ere gordailuan utzi da.

Gordailurako hitzarmenean aurreikusitako akordioak

Gordailuari atxikitako agirien tratamendu teknikoari dagozkion artxibo barneko lanak bukaturik, dokumentazioa Elkartearen historia ezagutu nahi duten pertsona guztien eskura jarriko da, gordailurako hitzarmenean adostakoaren arabera:

– Nafarroako Artxiboak agirien zaintza eta babes egokia bermatuko du, eta horiek zabaltzeko ekimen guztietan, ondasunak Santa Zezilia Kontzertu Elkartearen funtsetik ateratakoak direla adieraziko du, egilea nor den ere zehaztuz, hala badagokio.

– Agiriak hamar urtez gordeko dira, eta denbora hori hamarna urteko epeen bitartez luzatzen ahalko da, baldin eta aldeetako batek sei hilabeteko aurrerapenaz kontrako borondaterik agertzen ez badu. Dohaintza egiteko aukera ere ireki da.

– Dokumentazioa behar den zehaztasunaz deskribatuko da, ikerketarako eskuragarria eta zabalkunderako erabilgarria izan dadin.

– Bi aldeek jarduketa-plana onartuko dute urtero, dokumentazio horren gainean egin beharreko lanak zehazteko.

– Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak gordailuan utzitako artxiboa digitalizatzeko proiektuari ekingo dio, eta horren ikerketan interesatuta dauden pertsonen eskura jarriko du Internet bidezko zein modu presentzialeko kontsulta publikoaren bitartez. Elkarteak ateratako irudien bereizmen handiko kopia digitala jasoko du.

– Bi entitateek lankidetzan jardungo dute, musika funtsen garrantzia aldarrikatu eta ezagutzera emateko Nafarroako Errege Artxibo Nagusian bertan antolatu beharreko jardueretarako.

Espainian jardunean diharduen orkestrarik zaharrena

Iruñeko “Santa Zecilia” Kontzertu eta Elkar-Laguntza Elkartea deitzona 1879an eratu zen, eta ondorioz, egun Estatu osoan jardunean diharduen orkestrarik zaharrena da.

Taldearen sorreran, garrantzi handikoa izan zen Pablo Sarasatek Iruñean orkestra bat izatearen alde agertu zuen asmoa. 1883ko Arautegiaren arabera, “musikaren artea gorengo mailara jaso eta eritasunen kariaz bazkideen arteko laguntza bultzatzea” da Elkartearen helburu nagusia, betiere kontuan hartuz Elkarteko hirurogeita hamar “bazkide” horiek orkestrako instrumentistak baizik ez zirela.

Taldeko lehen zuzendaria izan zen Joaquín Maya, Iruñeko Musika Akademiako garai hartako zuzendaria, eta haren ondotik itzal handiko beste izen batzuk etorri ziren: Larregla, Saco del Valle eta Saint Saëns.

Orkestrak uztaileko festetako kontzertuetan jardun ohi zuen Sarasaterekin batera eta hirian antolatutako bestelako ekitaldi ofizial eta erlijiosoetan. 1908an, musikaria hil zenean, orkestra gainbeheran sartu zen, harik eta, 1932an, Musika Akademian irakasle zebilen Felipe Aramendiaren omenezko ekitaldiaren kariaz, berpizten hasi zen arte.

Geroztik, orkestra zuzendu zuten pertsona ospetsuen artean, Luis Morondo nabarmen daiteke, 1945etik 1960ra bitartean.

Ehun urtetik gorako erakunde bati dagozkion gorabeheren eraginez, kasu askotan gertaera politiko eta sozialen segidari loturik, Elkartearen gaurdainoko ibilbidean garrantzi handia izan dute Iruñeko Udalak, Nafarroako Diputazioak eta Nafarroako nahiz Iruñeko aurrezki kutxek, izan ere, 1970eko hamarkadaren hasieran, Elkartearen jarduera finantzatzea erabaki zuten, hileko kontzertuen antolaketa nahiz hiriko ekitaldi nagusietan zuen parte-hartzea sustatuz (San Zeziliaren eguna, San Ferminen bezpera nahiz Sarasateren omenezko Santu Guztien eguneko errespontsua).

2016an, Elkarteak zuen balio handiko partitura bilduma Nafarroako Orkestra Sinfonikoak eskuratu zuen, baina Elkartearen esku gelditu zen Nafarroako Artxiboan gordailuan utzitako funts dokumentalari dagokion musikagintzaz besteko artxibo instituzionala.

Zerrendara itzuli