es | eu | en | fr

Baxenabarre, lurralde berezia/ Basse Navarre

Nafarroako Errege Artxibo Nagusia (Areto Nagusia)

2018/10/10 - 2019/01/13

Erakusketa 2019ko urtarrilaren 13ra arte bisitatu ahalko da, egunero, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara bitartean. 

Susana Herreros Lopetegik komisariatutako erakusketa hau bi zatitan taldekatutako 16 beira-arasez osatuta dago, eta horietan, esparru txiki eta estrategiko horren bilakaera jarri dute ikusgai, jatorrietatik Frantziako Iraultzaren (1789) ondorioz erresuma bezala desagertu zen arte.

Lehendabiziko zatian, bortuez haraindiko nafar administrazioa eratu eta hedatzeko prozesua aztertu da. Lurraldea eratzeko prozesua, aldiz, azpijokoak, saldukeriak eta hilketak nagusi ziren egoera baten murgilduta osatu zen: XII. mendearen bukaerako Europako potentzia handien arteko ezinikusiak, Ingalaterrako Plantagenet dinastiak kontinentean zituen lurralde zabalak, Filipe Augusto errege zuen Frantziako Capeto familiaren kaltetan, azken hau erresuma osoaren gaineko agintea berreskuratu nahian baitzebilen. Leonor Akitaniakoa erreginak Ingalaterrako gortean sustatutako senideen arteko borrokak, aita seme-alaben aurka, hauek aitaren aurka eta denak elkarren aurka jarriz. Honi maitasunezko istorio bat gehitu behar zaio, komenentziazkoa izan arren. Hori guztia arras feudalizatuta zegoen gizarte baten testuinguruan, III. Gurutzada hasteko zorian zegoela eta Nafarroako koroak Pirinioez harantzago jotzeko zuen gutizia bizia tarteko zela.

Erakusketaren bigarren zatian, lurralde horren ezaugarri nagusiak laburbildu dira: horren balio estrategiko ukaezina, Pirinioez bi aldeetako merkantzien nahiz erromesen joan etorrietarako geldialdi gisa; Albretarrekiko leialtasunean oinarrituta Royaume de la Basse Navarre edo Baxenabarreko Erresuma bihurtu zen aitonen seme eta soldaduen sorleku izaera, edota Gaztelako tropek Nafarroa mendean hartu ondoko bilakaera eta erresistentzia. Testuinguru honetan, hainbat aliantza, erreklamazio eta iskanbila gertatu dira Austria, Albret eta Borboi familien artean Nafarroako Errege-Erreginaren tituluaz jabetzeko.