es | eu | en | fr

Atzera Begirako Artearen erakusketaren mendeurrena

Nafarroako Errege Artxibo Nagusia

2020/02/01 - 2020/02/29

Atzera Begirako Artearen Erakusketaren mendeurrena Iruñean (1920) bete den honetan, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak otsaileko erakusketa txikia eskaini du efemeride hori gogoratzeko, hura nafar artelanen erakusketa izugarria izan baitzen, Nafarroako leku guztietatik bildutakoak.

Erakusketa paregabea

XIX. mendearen bukaeran piztu zen foru erakundeetan oroitzapenezko erakusketak antolatzeko interesa. Horrela, 1883ko Sanferminetan, lehen erakusketa bat jarri zen ikusgai Iruñean, Nafarroako Objektu Historikoak eta Artistikoak izenburupean, Nafarroako Monumentu Historikoen eta Artistikoen Batzordeak sustatua, ondare historiko eta artistikoa zaindu eta erakusteko eginkizunaren baitan. Dena den, 1920ko Atzera Begirako Arte Erakusketaren munta eta formatua askoz ere handiagoak izan ziren. Eusko Ikaskuntzaren II. Biltzarraren jarduera osagarria izan zen, biltzar hori Iruñean egin baitzen. Hala Nafarroako Foru eta Probintzia Diputazioak nola Iruñeko Udalak nahiz Katedraleko Kabildoak bat egin zuten ekimenarekin, eta antolaketa batzorde bat eratu zen. Batzordeburua Javier Arbizu izan zen, eta idazkaria, berriz, Julio Altadill.

Sekulan ikusgai jarri gabeko ahalik eta objektu historiko eta artistikorik gehien biltzea izan zen asmoa, Nafarroako ondare eta kultur ibilbidea kronologikoki eta gaiz gai banatuta ezagutzera emate aldera. Erakusketa Iruñeko Katedraleko klaustroan paratzea erabaki zen, bai eta katedraleko bertako beste gela batzuetan ere. Monumentuen Batzordeak, herriz herriko ordezkarien bidez, udal, parrokia eta gizabanakoei gonbidapena igorri zien, erakusketarako piezak utz zitzaten. Lan horrek emaitza ona izan zuen, mila pieza inguru bildu baitziren Iruñeko erakusketan ikusgai jartzeko: margolanak, eskulturak, urregintza-gaiak, numismatika, etab.

Hainbat agintarik erakusketari atxikimendua adierazi eta beren jabetzapeko objektuak igorri zituzten, Nafarroako hainbat alkate eta parrokoren agiriek erakusten duten bezala; agiriak ere ikusgai daude. Era berean, erakusketan ikusgai dago bai jabeek utzitako piezak kontrolatzeko erregistro-liburua, bai piezak entregatu izanaren frogagiri-taloitegiak, eta horietan aski ongi ikusten da zenbat eta zenbat pieza jarri ziren ikusgai. Egun haietan Iruñeko Katedraleko klaustroan hartutako argazki batzuk artelan kopuru izugarriaren lekuko dira, eta orain ere ikusgai daude Artxiboan.

Garai hartako ikuskerekin bat, jendaurrean erakusteko pieza “artistikoen” artean agiri historikoak ere jarri ziren ikusgai, hala nola Kasedako 1772ko Ordenantzak. Aipatu dokumentua, hain zuzen ere, lehen zenbakiarekin zerrendatu zen behin-behineko katalogoan, gero behin betiko katalogoaren argitalpena etorriko zelakoan. Behin betikoak, ordea, ez zuen argia ikusi, eta Katalogo Aurrerapenarekin inauguratu zen erakusketa, uztailaren 18an. Francisco Bergamín, gobernazio ministroa, etorri zen erakusketa zabaltzera. Erakusketa arrakastatsua izan zen benetan, hala ikusleetan, nola hedabideen aldetik izandako oihartzunean. Atzera Begirako Arte Erakusketa errege Alfontso XIII.ak itxi zuen, 1920ko uztailaren 25ean, hau da, erregeak Nafarroara egindako hirugarren bisitaldi ofizialean.

Sarrera librea eta doakoa.

Lekua: Beheko Galeria

Ordutegia: Egunero 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.