es | eu | en | fr

Gerra

Nafarroako Errege Artxibo Nagusia

2021/06/25 - 2021/12/31

Miguel Escribano Páez, Pablo de Olavide Unibertsitateko Historia Modernoko irakaslea da Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak antolatu duen erakusketa honen komisarioa. Erakusketa 1521eko ekainaren 30ean gertatutako Noaingo batailari buruzkoa da, zeinetan amaiera erabakigarria izan zen Nafarroako erresumarentzat. Bertan, garaiko Europako armadarik boteretsuenak borrokatu ziren. Armadan nafar gudariek parte hartu zuten, batzuk Francisco I.aren eta Enrique de Albret-en armada frantsesari laguntzen, Asparroteko André de Foix jaunak zuzendua, eta beste batzuk Karlos V.aren Gaztelako armadari, kondestablearen eta Gaztelako almirantearen agindupean. Azken hauek guduan garaile suertatu ziren.

Gerraren ondorioak

Komisarioak egindako azalpen-diskurtsoa gertaeren kontakizun soiletik urruntzen da, borroka bere testuinguru historikoan kokatzen du, eta gatazka beliko orok hura jasaten zuen gizartearentzat, bereziki Nafarroako gizartearentzat, zituen ondorioetan jartzen du arreta. Alde horretatik, lau multzotan egituratzen da erakusketa, non ikuspegi osagarrietatik aztertzen duen gerraren errealitatea. Lehenengo blokean, “Gerraren bideak” izenekoan, gatazkek estatu modernoen eraikuntzan eta Europako hegemoniaren aldeko borrokan XVI. mendean izan zuten zeregina aztertzen da. Bigarren multzoak, "Gerra deituriko zorigaitza", garaiko Europako batailaren oihartzunak gogorarazten ditu, eta biztanleria zibilak jasan zituen kalteak eta porrotak (exilioak eta garaituen zoria) eragindako giza drama nabarmentzen ditu. “Gerra eta gizartea” izeneko hirugarren multzoak, gatazkek gizarte-mugikortasunerako, soldaduen bizitzan edo gerretan emakumeek izan zuten rolean izan zituzten ondorio sozialak gogorarazten ditu. Eta, azkenik, “Gatazka amaitu, bakeari ekin” izeneko laugarren multzoan, bakea eraikitzeko botere publikoak ezarritako gatazkak eta adiskidetze-politikak konpontzeko izan ziren jardunbideak eta oztopoak azaltzen dira.

Dokumentu eta pieza bakarrak

Gertaeren ikuspegi osoa emateko, balio nagusia eman zaie dokumentu-iturriei, eta Espainiako eta Europako artxiboetan gordetzen diren Noaingo batailari buruzko testigantza garrantzitsuenak bildu dira. Guztira, 52 dokumentu daude ikusgai. Horietatik 28 Nafarroako Errege Artxibo Nagusikoak dira, 14 Simancaseko Artxibo Nagusikoak, 3 Indietako Artxibo Nagusikoak, 2 Torre do Tombo Arkibo Nazionalekoak (Portugal), 2 Frantziako Bibliothèque Nationaleko Eskuizkribuen Departamentukoak, bat Départementales des Pyrénées-Atlantiques artxibokoa, bat Valladolideko Errege Kantzelaritzaren Artxibokoa eta bat Artxibo Historiko Nazionalekoa.

Azaldutako agiri guztien artean, Nafarroaren historiarako funtsezko testigantzak nabarmentzen dira; hala nola, Noaingo guduaren aurretik Asparrós-ek Frantziako Francisco I.ari bidalitako gutuna, Gaztelako kondestableak eta almiranteak Adriano de Utrecht kardinalari bidalitako gutuna gatazka kontatzen edo Panamako hirira bidalitako Errege Zedula, Nafarroan lortutako garaipena jakinaraziz. Gerraren ondorioen eremuan, Los Arcos-eko bizilagunek egindako eskaera erakusten da, frantsesek hirian jasandako lapurretaren ondoren; Gaztelara ihes egindako beaumontarren harremana Frantziako armadaren aurrerapenaren aurrean, Asparrós jenerala Noaingo guduan harrapatua eta, ondoren, erreskate baten truke askatua izandakoaren zorteari buruzko kontakizuna, Miguel de Bértiz hiltzera kondenatzeko epaia, lesa majestate krimenagatik edo Joanicote kapitainaren heriotzaren kontakizuna. Gatazkaren inplikazio sozialei dagokienez, Juan Renaren Oiartzungo emakume okindegien grebari buruzko gutun bat edo Iruñeko harresien eraikuntzan lan egiteagatik soldatapeko emakume eta neskameen nomina bat daude ikusgai. Azkenik, bakerako bideek berreskuratu egiten dituzte Carlos V.ak 1523 eta 1524an agramontarrei emandako barkamenak, Carlos V.a eta Francisco I.a bakea tratatzera gonbidatzen duen Adriano VI.a aita santuaren brebea eta Nafarroako kondestablearen eta Nafarroako mariskalaren arteko adiskidetzeari buruzko Juan Renaren txosten bat.

Erakusketa osatzeko, bilduma partikularretatik eta Nafarroako gaztelu eta gotorlekuetan egindako indusketa arkeologikoetatik ateratako izaera belikoko pieza multzo paregabea dago. Zehazki, Muruzabalgo Zabalegui-ko markesen jauregiko XVI. mendeko armadura bikaina nabarmentzen da, gaur egun Nafarroako Museoan gordeta dagoena. Pieza hau arkuz eta lis-lorez apaindutako kapazete batekin batera agertzen da. Kapazete hori Frantziako erregearen ikurra da, XVI. mendearen hasierakoa. Segur aski, gerra-trofeoa da, eta Garesko Santiago parrokian egon da ikusgai bostehun urtez. Kriptaren ezkaratzean eta erakusketaren aitzinean, zenbait pieza arkeologiko ageri dira; hala nola, gezi eta baleztazko puntak edo zaldunen kontra erabilitako burdinazko sasiak. Hori guztia Irulegi gazteluko indusketetan aurkitu da, Iruñeko gotorlekutik datozen katapultekin jaurtitzeko harrizko bolañoak dira, eta, horrez gain, armamentuaren bilakaera erakusten duten bi pieza esklusibo ere badaude, hala nola, XV. mende amaierako mandoble bat eta XVI. mende amaierako ezpata bat.

Erakusketa etenik gabe egongo da zabalik urte amaiera arte. Erakusketarako uztailaren 17an hasiko diren doako bisita gidatuak antolatu dira larunbatetan, 12:00etan. Horretarako, plaza erreserbatu beharko da 848 42 46 67 telefonora deituta. Udazkenerako aurreikusita dago erakusketaren katalogoa argitaratzea, gai horretan adituak diren pertsonak bilduko dituen hitzaldi zikloa eta Secretvm taldeak Baluarte Auditorioko ganbera aretoan interpretatuko duen "la morte de la ragione. Los canciones y danzas cortesanas en torno a 1521" antzinako musika kontzertua.

Sarrera librea eta doakoa.

Lekua: Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko Kripta Protogotikoa

Ordutegia: 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara egunero, baita jaiegunetan ere.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo erakusketaren webgunera.