es | eu | en | fr

Beotibarko batailaren 700. Urteurrena (1321)

Nafarroako Errege Artxibo Nagusia

2021/09/01 - 2021/09/30

“Beotibarko gudua” deritzonaren 700 urte betetzen direnean, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak efemeride hori gogoraraziko du iraileko mikroerakusketan, gaizkileen mugari lotutako hainbat dokumentu erakutsiz.

Gaizkileen muga, Erdi Aroan, Gaztela eta Nafarroako erresumen arteko mugaren ipar-mendebaldeko zatia ezagutzeko erabili ohi zen izena da. Gipuzkoako eta Arabako gaizkileek eremu horretako Nafarroako eskualdeen kontra egiten zituzten harrapaketa eta erasoen ondorio da izen hori, non, batzuetan, Nafarroako koroaren zerbitzuko ofizialen errepresio eta zigor lanak eragiten zituzten. Eragiketa horietako batean, 1321ean, Beotibarko gudua gertatu zen, beranduago, ospe handia lortuko zuena. Hori dela eta, gertaera hartatik zazpi mende betetzen direnean, NEANek iraileko mikroerakusketan gertaera horiei buruzko hainbat dokumentu erakutsiko ditu.

Nafarroako Erresumako ipar-mendebaldeko segurtasunik eza, alde batetik, mugako eta erliebe menditsuko beste eremu guztien komuna zen, baldintza geografiko horiek bandolerismoaren alde egiten baitzuten. Baina, bestetik, bereziki erantzuten zion Behe Erdi Aroaren hasieran noblezia-leinu oinaztarrei lotutako gipuzkoar eta arabar gaizkileek zuten botere-egoerari, Iruñeko eta Lizarrako merindadeetako abeltzain nafarrak baitzituzten biktima nagusietako bat. Horrela, 1312an, Nafarroako Enguerrand de Villiers gobernadore frantsesak Etxarri Aranazko biztanleei forua ematea onartu zuenean, mikroerakusketari hasiera ematen dion dokumentuan egiazta daitekeenez, adierazi zuen Aranazko Lurraldeko (Sakana eskualdea) biztanleak izan zirela Etxarrin herri gotortu bat eraikitzeko eskatu zutenak (azkenean Etxarri Aranatz hiribildua sortuz egingo zena), aipatutako Aranazko Lurraldea gaizkileen mugan zegoela zehaztuz.

Hain zuzen ere, 1321ean, Etxarri Aranazko biztanleria baimendu eta urte gutxira, Beotibarren facienda (armak edo borroka esan nahi duena) gertatu zen, gipuzkoarrek Gorritiko gaztelu nafarra hartu zutenean. Hori zela eta, Iruñeko eta Lizarrako merinoek gizon batzuk bildu zituzten hura berreskuratu ahal izateko. Kontuen Ganberako dokumentu-funtsean gordetzen den eta aukera honetan jendaurrean erakusten den eragiketaren gastuen xehetasunen arabera, nafar indarrek gaztelua setiatu eta birkonkistatzea lortu zuten. Ondoren, zigor espedizio bati ekin zioten, irailaren 19ra arte Gipuzkoan barneratuz. Egun horretan, kontabilitate-agiriak berak adierazten duen bezala, facienda gertatu zen, non, historiografiaren arabera, gipuzkoarrek indar nafarrak enboskatu zituzten Beotibarko haitzartean, Tolosa inguruan.

Nafarroako porrotak Beotibarren izan zuen eragina hain nabarmena izan zen ezen, gerora, elementu legendario eta literarioekin engranatu zen kontakizuna, non bi merinoek ere bizia galdu baitzuten. Nabarmentasun hori dela eta, erresumako hiribildu garrantzitsuenetako batzuek ere auzia hasi zuten Nafarroako Pons de Mortagne gobernadore frantsesaren aurka 1321ean, Gipuzkoako sarraldi horren gidaritzan izandako ustezko zabarkeriagatik.

Handik urte batzuetara, eta inguruko arazoak ugaritzearen ondorioz, Gaztelako Alfontso XI.a eta Nafarroako Felipe III.a erregeek adiskidetasun-itun bat adostu zuten 1330ean. Bertan, lankidetzan arituko zirela hitz eman zuten gaizkileek eragindako kalteei aurre egiteko. Hala ere, horrek ez zuen eragotzi hurrengo hamarkadetan gatazkek bere horretan jarraitzea eta mugako Ataun eta Ausa gazteluak Nafarroak behin betiko galtzea eta Gipuzkoara pasatzea.

Sarrera librea eta doakoa.

Lekua: Beheko Galeria

Ordutegia: Egunero 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.