es | eu | en | fr

Emilio Arrietaren Jaiotzaren Bigarren mendeurrena (1821)

Nafarroako Errege Artxibo Nagusia

2021/10/01 - 2021/10/31

Emilio Arrieta Corera Garesen jaio zen 1821eko urrian. Musika-arterako dohainak eta interesa erakutsi ondoren, Arrietak prestakuntza sendoa jaso zuen XIX. mendeko konpositore espainiar ezagunenetariko bat izatera iritsiz. Horregatik, bere jaiotzaren bigarren mendeurrena betetzen denean, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak (AGN) urriko mikroerakusketan erakutsiko ditu nafar konpositore ospetsu honek zaindu edo ekoitzi dituen zenbait dokumentu.

Haur bat zela umezurtz geratu zenez, Emilio Arrietak Gares jaioterria utzi eta Madrilera eta, ondoren, Milanera joan zen. Han, Lonbardiar hiriburuko kontserbatorioko ikasle gisa prestakuntza jasoko zuen. Hain zuzen ere, mikroerakusketa Ildegonda operaren partituraren ale batekin hasten da. Italian bere musika-prestakuntza amaitu zuen lan horrek Milango Kontserbatorioaren konposizio-saria jaso zuen ere bai.

Espainiara itzulita, Emilio Arrieta Isabel II.a erreginaren kantu-irakasle izendatu zuten, eta, gainera, erreginak La Conquista de Granada izeneko opera konposatzeko ardura eman zion. Opera horren eskuz idatzitako partitura mikroerakusketan ere ikus daiteke.

Italian bigarren egonaldi labur bat egin ondoren, Arrieta Madrilen bizitzen jarri zen behin betiko, non konposaketari ekin zion, zarzuelaren alorrean ospe berezia hartuz. Genero horretan dozenaka obra konposatu zituen, eta, horrela, musika-antzerkiaren modalitate horren prestigioari eta ospeari lagundu zion.

Alde horretatik, La Sota de Espadas libretoaren eskuizkribua eta De Tal Palo, Tal Astilla izeneko partituraren lana daude ikusgai. Azken hau 1863an konposatutako ekitaldi bateko zarzuela bat da.

1868ko iraileko Iraultza Loriatsua gertatu ondoren, Emilio Arrieta Musika eta Deklamazio Eskola Nazionaleko (XIX. mendearen bukaera arte iraun zuen kontserbatorio madrildarraren izen berria) zuzendari izendatu zuten. 1894an hil zen arte bete zuen zuzendaritza postu hori, non hark indartu egingo luke zentro horretan eskainitako musika-ikasketen erreforma.

Aldi honi dagokio Ambrosio Arriola maisuak Arrietari Parisen idatzitako gutun bat, non eskolako zuzendari gisa, sei piano-estudio baloratzeko eskatzen dion. Lan horretarako Arrietak berak zuzenduko zuen batzorde bat izendatu zuen.

Halaber, Arrietak kontserbatorioaren zuzendaritza bete zuen aldiari 1876. urtean kontserbatorioko 2. mailako ikasleei proposatutako solfeo-azterketaren ale bat dagokio.

Hil ondoren, hainbat omenaldi egin zizkioten Arrietari, besteak beste, Iruñean eta Garesen dauden kaleen eskaintza. Erakusketa, hain zuzen ere, Nafarroako hiriburuko Emilio Arrieta kaleko postal historiko batzuekin ixten da.

1989an, Nafarroako Gobernuak Emilio Arrietaren dokumentu-funtsaren zati bat erosi zuen. Ondoren, funts hori AGNn gordeko zen, zaindu eta zabal zedin.

Sarrera librea eta doakoa.

Lekua: Beheko Galeria

Ordutegia: Egunero 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.