es | eu | en | fr

Iruñeko Ganbara Abesbatzaren 75. Urteurrena (1946)

Nafarroako Errege Artxibo Nagusia

2021/11/01 - 2021/11/30

Iruñeko Ganbara Abesbatzak eskainitako lehen kontzertuaren 75. urteurrena betetzen denean, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak elkarte hori gogoraraziko du azaroko mikroerakusketan, gordetzen dituen erakundeari buruzko zenbait dokumentu erakutsita.

1946. urtea zen, Iruñeko Orfeoiko kideek osatzen zuten Iruñeko Ganbara Abesbatzak Iruñeko musikaren panorama aberastu zuenean. Urteetan zehar, abesbatzak, Luis Morondo maisuak zuzenduta batik bat, ospe handia lortu zuen Nafarroan, Espainian eta baita atzerrian ere. Abesbatzak hainbat sari jaso zituen, besteak beste, 2018ko Vianako Printzea Saria.

Hasieran taldea osatzen zuten 14 kideak (6 emakume eta 8 gizon) 1946ko abenduaren 11n jendaurrean aurkeztu ziren lehen aldiz Iruñeko Coliseo Olimpian, Iruñeko Santa Cecilia Orkestrarekin batera emandako kontzertu batekin. Garai hartako prentsak goraipatu egiten du Erakundeak emandako lehen emanaldi hura, zeinean, mikromuestra abiatzeko esku-programan ageri den bezala, Liszt, Lassus, Monteverdi, Georges eta Bortniainsky-ren lanak interpretatu ziren.

1970ean, bere musika-jarduera sendotuta, Taldeak, 1964an onartutako Elkarteen Legearen arabera, bere funtzionamendua erregularizatzeari ekin zion. Horretarako, Iruñeko Zapatería kaleko higiezin batean erakundearen egoitza soziala finkatu eta Iruñeko Ganbara Abesbatza izena jarri zuten estatutu batzuk idatzi zituen. Mikroerakusketan erakusten den alean ikus daitekeen moduan, estatutu horiek berak xedatu zuten elkarteak hiru bazkide-mota izango zituela: abeslariak (abesbatzako kideak), babesleak (Elkartea sostengatzen dutenak) eta ohorezkoak (Elkartearen alde emandako zerbitzuen bereizketa gisa izendatuak).

Eratu zenetik, Elkarteak musika-jarduera handia garatu zuen eta horren erakusgarri dira Nafarroan eta Nafarroatik kanpo egin dituen emanaldi eta kontzertu ugariak. Hain zuzen, Iruñean aurkeztu eta hilabete gutxi batzuetara, Elkarteak inguruko probintzietako hiriburuetan ere eskaini zituen emanaldiak; hala nola, Logroñon eta Donostian. Hiri horiei Espainiako beste leku batzuk gehituko zitzaizkien hurrengo urteetan.

Hala ere, hasiera-hasieratik, Elkartea atzerriko herrialdeetan bidaiak eta birak egiten eta nazioarteko lehiaketetan parte hartzen hasi zen. Kanpoko jarduera horrek erakundearen ospea nabarmen handitzen lagundu zuen. Alde horretatik, Mexiko Berriko hiriburu den AEBetako Santa Fe hiriko alkatearen bando ikusgarria erakusten da. Horren bidez, 1991ko martxoaren 11 “Iruñeko Ganbara Abesbatzaren Eguna” izendatu zuen, urte hartako AEBetako biraren barruan erakundeak hiri horretan eskaini zuen kontzertu berezia zela eta.

Halaber, Kubako Gobernuko Kultura Ministerioak eta Habanako Antzoki Handiak 1989an Kubako hiriburuan egindako Hispanoamerikako Abesbatza Zikloan parte hartzeagatik Elkarteari eman zioten diploma ere ikusgai jarri da. Dokumentu horrekin amaitzen da erakusketa.

Sarrera librea eta doakoa.

Lekua: Beheko galeria

Ordutegia: Egunero 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.