es | eu | en | fr

Iruñeko Zezen-Plazaren mendeurrena (1922)

Nafarroako Errege Artxibo Nagusia

2022/06/01 - 2022/08/11

Iruñeko Zezen-Plaza San Fermin jaiekin gehien identifikatzen den hiri guneetako bat da eta, gainera, 1922an inauguratu zenetik, hiriko mugarri arkitektoniko ezagunenetako bat da. Horregatik, Iruñeko zezen-plazaren mendeurrena betetzean, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak (AGN) Zezen-Plazari buruz gordetzen duen dokumentazioaren zati bat erakustera bideratuko du udako mikroerakusketan.

Nahiz eta Iruñean zezenketak aspalditik ospatzen diren, halako ekitaldiak toki arruntetan egiten ziren; esaterako, Gaztelu Plazan, zezen jardueretarako egokitzen baitziren, aldi baterako elementu desmuntagarriak jarriz, hala nola tribunak, hesiak edo defentsak. Hain zuzen ere, Felipe V.a eta Saboiako María Luisa errege-erreginen arteko loturaren harira Iruñean egindako zezenketarako enkargatutako palkoa irudikatzen duen XVIII. mendearen hasierako dokumentu grafiko interesgarri batekin irekitzen da erakusketa.

Egoera XIX. mendearen erdialdean aldatu zen, hiriak zezen-plaza finko bat izatea erabaki zuenean. Plaza hori Karmeldar Oinutsen komentu zaharraren lurretan eraikiko zen, Gaztelu Plazaren inguruetan. Hala eta guztiz ere, lehen zezen-plaza egonkor honek bizitza iragankorra izango zuen; izan ere, 1853ko Sanferminetan inauguratu eta hiriko zezen-jaiak hartuko zituen beste handiago batek ordezkatu baitzuen. Horien erakusgarri dira plazan XIX. eta XX. mendeetan zehar egindako ekitaldiak iragartzen dituzten kartelak.

Urteek aurrera egin ahala, tauromakiarekiko zaletasuna handituz joan zen eta baita Iruñeko plaza zaharraren zahartzea ere. Horrek guztiak gero eta nabarmenagoa egin zuen zezen-plaza berri bat izateko beharra. Mandatu horrek behin betiko izaera hartu zuen Iruñeko II. Zabalgunea eraikitzeko proiektua onartu zenean; izan ere, haren hiri-sare berrian zezen-plaza zaharra tartekatu egiten zen, eta behar-beharrezkoa izango zen, 1921eko udan plaza zaharraren zati bat su hartu zuenean.

Horretarako, Erruki-Etxeak ekimena hartu zuen, eta Iruñeko Udalari plaza berri bat eraikitzeko ardura hartzea proposatu zion. Plaza hori, San Ferminetako entzierroen ohiko ibilbidea ez aldatzearren, II. Zabalgunerako diseinatutako hirigintza-etxadiekin erabat lerrokatuta zegoen zezen-plaza zaharretik oso gertu proiektatu zen. Plaza berriaren proiektua Francisco Urcola arkitektoari eskatu zitzaion, Sevillako eta Donostiako zezen-plaza espainiarren proiektuak idazten esperientzia baitzuen. Hainbat hilabete obratan eman ondoren, plaza berria 1922ko Sanferminetan inauguratu zen, mundu osoan edukiera eta ospe handiena duten zezen-plazetako batean bilakatuz. Gainera, Iruñeko arkitektura-mugarri ezagunenetako bat da, eta, harrezkero, zezen-ikuskizunak ez ezik, kontzertuak ere hartzen ditu. Hain zuzen ere, Iruñeko zezen-plazaren mendeurreneko kartelekin eta argazkiekin ixten da mikroerakusketa.

Sarrera librea eta doakoa.

Lekua: Beheko Galeria

Ordutegia: Egunero 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.