es | eu | en | fr

Tomas Asiain Magañaren jaiotzaren mendeurrena

Nafarroako Errege Artxibo Nagusia

2022/11/01 - 2022/11/30

Tomas Asiain Magaña (1922-1989) XX. mendeko nafar konpositorerik errespetatuenetako bat da. Haren jaiotzaren mendeurrena dela eta, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak (AGN) azaroko mikroerakusketa eskaini dio, Nafarroako Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboaren (AMAEN) egitarauaren barnean dagoen dokumentu-funtsean gordetzen den ondarearen zati bat publikoari erakutsiz. Funts hori bere seme-alabek eman zioten Nafarroako Liburutegi Nagusiari 1995ean, eta AGNn sartu zen 2017ko abuztuan, transferentzia bidez. 

Asiain maisuak Luis Gil Lasheras eta Tomas Gimenezekin hasi zuen bere musika heziketa Tuteran. 15 urte zituela Tuterako Udal Bandan jotzen hasi zen. 18 urterekin Zaragozako Akademia Orokor Militarrean sartu zen. Oposizio bidez, Madrilgo Akademia Laguntzaile Militarreko Bandako 1. errekinto postua lortu zuen, eta musika-ikasketekin jarraitu zuen Ricardo Dorado irakaslearekin.

Lehen etapa honetan, Asiainek estilo ezberdinetako hamabost lan idatzi zituen, horietako batzuk sarituak izan ziren La Ronda del Rabal bezala, 1961eko Pasodoble Lehiaketa Nazionaleko lehen saria lortu zuena. Canciones del Mundo argitaletxeak 1962an erosi zituen edizio-eskubideak.

50eko hamarkadan ezagutu zuen Fernando Remacha, eta bizitza osoan izan zuen harremana harekin. Remacharen eraginak bere lehen obra garrantzitsuetako bat konposatzera eraman zuen: Suite de las Tres Danzas. Obra Madrilen konposatu zen 1956ko martxoan eta Jacan estreinatu 1971n. La Pamplonesak 1997an interpretatu zuen lehen aldiz Suite hau desagertutako Carlos III zinemetan. Hurrengo urtean, La Pamplonesak RNEren eskutik grabatu zuen konposizioa.

1961ean Jakara bidalia izan eta gero, Seminarioko Schola Cantorumaren zuzendaritza hartu zuen, ikasleen abesbatza antolatu zuen “Domingo Miral” Batxilergoko Institutu Nazionalean eta, 1962ko maiatzean, Orfeón Jacetano sortu zuen. Modu honetan, aktibitate handiko garai bat hasi zuen, bai zuzendaritza eta bai konposaketa aldetik. Horren adibide, garai hortan estilo desberdinetan konposatutako hogeita bost inguruko obrak

1971n Iruñera bidali zuten, División de Montaña Nº 6ko banda zuzentzera, bere interpretazio aktibitatea murriztuz. Garai hartan bere proiektu handienetako bat hasi zuen: Misa de Sallent. Meza hau, doinu monodikoez osatuta dago, Asiain ahoz aho altxatutako kantuetatik berreskuratzen joan zena eta Sallent de Gállegoko (Huesca) adineko batzuek bakarrik gogoratzen zutena. Misa de Sallent 1977ko azaroan estreinatu zen. Asiainek kopia bat eman zion Tuterako Udalari.

Iruñetik “Fernando Remacha” Musika Kontserbatorioa sortzen lagundu zuen, eta bertako irakasle izatera iritsi zen. 1983an erretiratua, erreserba militarrera pasatu zen komandante-zuzendari musikari mailarekin, Musika Militarren Kidegoan lor zezakeen mailarik handienarekin. Tuterara bizitzera itzuli eta gero, 1985ean “Joaquín Gaztambide” Abesbatza sortu zuen eta “Fernando Remacha” Musika Kontserbatorioan aholkularitza lanak egin zituen. Urte horretan, gehien zabaldutako obretako bat argitaratu zen: La Muerte no es el final. Pasodobletik, bandarako musikatik eta koru musikatik igaroz eta konposizio militar honetaraino doan konposizio hau, Tomas Asiainek bere ibilbide zabalean landu zituen estilo aniztasunaren adibide bat da.

1989ko urtarrilaren 21ean hil zen, bere Suiterako konponketa batean lanean. Hil ondoren, omenaldi gisa, Orfeón Jacetanok bere hainbat obra grabatu zituen CD batean, eta Tuterako Udaletxean kale bat eskaini zion.

Sarrera librea eta doakoa.

Lekua: Beheko Galeria

Ordutegia: Egunero 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.