es | eu | en | fr

Juduak Nafarroako Erresumatik kanporatu zituzteneko 525. Urteurrena (1498)

Nafarroako Errege Artxibo Nagusia

2023/04/01 - 2023/04/30

1498an, kristautasunera bihurtzea onartzen ez zuten juduak Nafarroako Erresumatik kanporatuak izango zirela erabaki zen. Neurri horrek, Nafarroako komunitate juduen historia luze eta loretsuari amaiera emateaz gain, 1492. urtean Gaztela eta Aragoiko koroetan bizi ziren juduentzat eta urtebete lehenago, 1497an, Portugalgoentzat, hispaniar erresumetan komunitate hebraikoak egotearen azken puntua izan zen.

Efemeride horren 525. urteurrena betetzean, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak (AGN) apirileko mikroerakusketan ikusgai jarriko ditu ekitaldi horrekin zerikusia duten zenbait dokumentu.

Nafarroako komunitate juduen presentzia gorantza joan zen Erdi Aroan, garai horretan sarritan jaso baitzuten Koroaren babesa eta laguntza. Bere bizitasunaren adierazgarri dira, bereziki Tuterako judutasunaren kasuan, erresumako handiena, bai Benjamín de Tudela idazle eta bidaiaria bezalako izen handiko pertsona ospetsuak, bai AGNn gordetako ondare dokumental hebraikoa, non hainbat ketubot (ketubá, sigularrean,) nabarmentzen diren, hau da, eskritura hebrearrean idazten ziren erlijio juduaren berezko ezkontza-kontratuak. Erakusketa, hain zuzen ere, 1300. urtean ezkondu ziren bi judu tuterarren arteko loturaren ketubárekin irekitzen da.

Nafarroako judutegien oparotasun-giroa XIV. mendean hausten hasi zen. Garai hartan, Mendebaldeko Europan oso ohikoak ziren judutarren aurkako sentimenduak, non, besteak beste, Ingalaterrako eta Frantziako erresumetatik kanporatzeko prest baitzegoen. Ildo horretan, 1328an dokumentatu zen Lizarrako merindadeko zenbait komunitate judutarrei egindako eraso odoltsua, eta, era berean, XV. mendearen amaieran, Gorteen eskaera bati erantzunez, Gabriel de Albret erresumaren ordezkari nagusiak juduei igande eta jaiegun erlijiosoetan eguerdia baino lehen (meza-ordua) beren judutegietatik irtetea debekatu zien. Agindu hori biztanleria kristauarekin izan ditzaketen istiluetatik babesteko modu bat bezala uler daiteke.

Gauzak horrela, 1492an Gaztela eta Aragoitik kristautasunera bihurtzea onartuko ez zuten juduak kanporatzea xedatu zenean, nafar juduen zortea agerikoa zen; izan ere, hasiera batean Gaztelako eta Aragoiko judu askok etxe berri gisa Nafarroa hautatu zuten arren, Errege Katolikoek Penintsulako gainerako erresumetan izan zuten eragin politiko ikaragarriak eta nafar erregeek Frantzia eta Gaztela-Aragoi artean mantentzen saiatu ziren oreka politiko zailak 1498an Nafarroan, Manuel I.a erregeak urtebete lehenago Portugalen egin zuen bezala, kanporatze neurria errepikatzera eraman zituen.

Nafar juduen kanporatze xedapena itxuraz gorde ez den arren, badira bere benetako existentziaren berri ematen duten hainbat dokumentu. Horiek 1498ko lehen hilabeteetako kronologia eta Joan III.a eta Katalina I.a errege-erreginek berek egindako egiletza ondorioztatzeko aukera ematen dute.

Hala ere, nafar juduen errotze- eta gizarteratze-mailak bultzatuta, beste erresuma hispanikoetako juduekin gertatu zen bezala, horietako askok kristautasunera bihurtzea erabaki zuten, beren lurraldetik atera beharrik ez izateko. Horrela, mikroerakusketa 1510ean egindako kristautasunera bihurtutako Tuterako bizilagunen erroldaren kopia batekin ixten da.

Sarrera librea eta doakoa.

Lekua: Beheko Galeria

Ordutegia: Egunero 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.