es | eu | en | fr

Rosario Arteagaren jaiotzearen mendeurrena (1923-2019)

Nafarroako Errege Artxibo Nagusia

2023/09/01 - 2023/09/30

Publikoarentzat ia ezezaguna izan arren, Rosario Arteagak biolinista karrera garrantzitsua izan zuen Espainian, Frantzian eta Portugalen. Guzti hau, edozein jarduera publiko garatzeko emakumea izatea zailtasun gehigarria zen garai batean. Hori dela eta, haren jaiotzaren mendeurrena betetzean, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak (AGN) haren figura balioetsi nahi du, Nafarroako biolin-jotzaile horri buruz gordetzen dituen dokumentuetako batzuk azalduz, gehienak Arteaga familiaren funtsean kontserbatuak, zeina Maria Luisa Arteaga Gomis ilobak eman zion AGNri 2020an.

Mariano Arteaga eta Maria del Rosario Agirreren alaba, Rosario Arteaga 1923ko apirilaren 28an jaio zen Iruñean. Ama, biolin kontzertista, 5 urtetik aurrera hasi zen Rosario trebatzen. Felipe Aramendiak prestatu zuen Rosario 1935ean Madrilgo Conservatorio Nacional de Música y Declamación-eko azterketetara libreki aurkezteko. Erakusketako lehen dokumentuek erakusten duten bezala, Arteagak lau biolin ikastaro gainditu zituen deialdi honetan. 1936tik aurrera, lehen kontzertuak ematen hasi zen, eta urte horretan bertan Lehen Ansoleaga Saria irabazi zuen. 1939an Sarasate Saria lortu zuen, erakusketa txiki honetan ere ikusgai dagoena.

1939an Donostiako Conservatorio Municipal de Música-n hasi zituen biolin ikasketak eta 1940/41 ikasturtean Iruñeko Academia Municipal de Música-n matrikulatu zen Santos Laspiur irakaslearekin pianoa ikasteko. Erakusketan 1940/41 ikasturteko matrikula-liburua eta ikasle-fitxa ikus daitezke.

1950eko urrian Arteaga Parisko Conservatoire National de Musique-n sartu zen Gabriel Bouillon maisuarekin trebatzeko. Garai horretatik aurrera, interpretazio-ibilbide garrantzitsua hasi zuen, eta horren berri eman zuten hainbat argitalpenek, hala nola Diario de Navarra egunkariak.

1958tik 1963ra, Arteagaren jarduerak nabarmen egin zuen behera, amaren zaintzaren ardura baitzuen. Horregatik ikusmin handia sortu zuen 1963ko maiatzaren 28an Gayarre Antzokian Sociedad de Conciertos Santa Cecilia Orkestrarekin egindako emanaldiak.

1964an plaza bat lortu zuen oposizio bidez Radio Televisión Española Orkestran, eta 1965eko urtarrilaren 25ean sartu zen erakundean. RTVEko Orkestraren aurkezpen ofiziala 1965eko maiatzaren 27an egin zen Madrilgo Teatro de la Zarzuela antzokian.

Erretiroa hartu zuen arren, 1988an, Arteaga ez zen musikatik aldendu eta hainbat taldetan parte hartu zuen 2019an hil zen arte. Bere ibilbide osoan zehar, Rosario Arteagak hainbat pertsona ospetsurekin kolaboratu zuen edo harremanak izan zituen eta haien sinadura-koadernoa bildu zuen.

Sarrera librea eta doakoa.

Lekua: Beheko Galeria

Ordutegia: Egunero 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.