Fernando Remacha Villarrek (Tutera, 1898 - Iruñea, 1984) bere jaioterrian biolin ikasketak hasi zituen Tuterako katedraleko organista zen Joaquín Castellanorekin, nahiz eta honek instrumentua menderatu. Iruñean zela, biolina ikasten segitu zuen Felipe Aramendiarekin. 1911n Madrilera lekualdatu ondoren, José del Hierrorekin biolin eskolak eta Conrado del Camporekin konposizio eskolak jaso zituen. 1918ko Santa Zezilia egunean harmoniako diploma eta lehen saria lortu zituen, azken hau Salvador Bacarisserekin partekatua.
Madrilgo bere lehen konposizioetan Remachak Espainiako eta Europako abangoardietako konposizio estilo ezberdinetara jo zuen. Horrela, La Maja vestida-k herrikoitasunaren trataera berri bat aurkezten du, nazionalismo musikala ulertzeko modu berri bat 27ko gainerako konpositoreek jarraitutako zutena. 1919an konposatutako ballet hau ez zen 1937ra arte estreinatu, eta pianorako erredukzioan bakarrik.
1923an Arte Ederren Akademiak deitutako Erroma Saria irabazi zuen. Erroman egin zuen lau urteko egonaldian, Gian Francesco Malipierorekin lan egin zuen, bere benetako maisutzat hartuko zuena. Madrilera itzuli zenean, oposizioz, Fernández Arbosen Sinfonikan sartu zen, Ricardo Urgoitiren Filmofono zinematografikoan lan egitera igaro zen arte. Bertan, Don Quintín el Amargao, La hija de Juan Simón, ¿Quién me quiere a mí? eta Centinela alerta filmentzat musika konposatu zuen.
Musikako lehen Sari Nazionala 1933an iritsi zen, Concierto para Violín, Viola, Violoncello y Piano konposizioarekin. Bigarren aldiz irabazi zuen Musikaren Sari Nazionala Gerra Zibilaren erdian, 1938an, 1924an Italiako Asolo herrian sinatutako Cuarteto para cuerda lanarekin. Egin egunkariari eskainitako elkarrizketa batean, Malipiero maisuarentzako ariketa gisa nola idatzi zuen aipatu zuen.
Gerra Zibilaren ondoren, Remacha izan zen 27ko belaunaldiko konpositoreen artean erbesteratu ez zen bakarra. Tuteran kokatuta, familiaren burdindegian lan egin zuen. Hala eta guztiz ere, konposatzen jarraitu zuen eta 1946an obra bat, Cartel de Fiestas, aurkeztu zuen San Ferminetako Lehiaketa Artistiko-literariora. Miguel Echeveste (1893-1962) organista, piano irakasle eta Iruñeko Musika Akademiaren zuzendariaren funtsean, obraren jatorrizko partitura aurkitu da, lehiaketara aurkezturiko kopia baino ez zen kontserbatzen.
Urte horretatik aurrera, Remacharen presentzia gero eta handiagoa izan zen Nafarroako kultur bizitzan, harik eta 1957an Pablo Sarasate kontserbatorio inauguratu berriko zuzendari izendatu zuten arte. Kargu berriak bere denboraren zati handi bat betetzen zion arren, konposatzen eta errekonozimenduak jasotzen jarraitu zuen. 1963an Tomas Luis de Victoria saria eskuratu zuen Jesucristo en la Cruz kantatagatik. Obra 1964ko martxoaren 27an estreinatu zen. Partituraren edizioa Pedro de Felipek egin zuen, Fernando Remacharen ikasle eta kolaboratzaileak.
1967an Lizarrako Antzinako Musika Astea sortu zen, Done Jakue Bidearen Lagunek bultzatuta. Fernando Remachak 1976ra arte zuzendu zuen jaialdia. 1973ko otsailaren lauan, Remachak Pablo Sarasate Kontserbatorioko zuzendari izateko ordezkapena eskatu zuen. Musikagileak berak adierazi zuen bezala, uko egitearen arrazoia, besteak beste, lan burokratiko handia izan zen.
Remacharen aldeko sariak eta errekonozimenduak gero eta ugariagoak izan ziren, besteak beste, Nafarroako Unibertsitateak honoris causa doktore izendatu izana edo Tuterako seme kutun izendatu izana. 1980an, Musikako hirugarren Sari Nazionala iritsi zen, oraingo honetan, bere musika-ekoizpen osoa omentzeko.
Sarrera librea eta doakoa.
Lekua: Beheko Galeria
Ordutegia: Egunero 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.