1974ko ekainaren 18an Tafallatik Noainera doan Nafarroako autobidearen lehen zatiaren lanak hasi ziren. Egungo AP-15 autobideak beste bi tarte barne hartzen zituen: alde batetik, Castejón eta Tafalla artekoa, Ebroko autobidearekin bat egiten duena, eta, bestetik, Berriozar-Irurtzungoa. Irurtzungo saihesbiderako lotunea ireki zenean, 1980an, Nafarroako lehen ordainleku-bide azkarraren azken zatia amaitu zen. Efemeride haren mende erdia betetzen denean, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak (AGN) bide-azpiegitura horren historiarekin zerikusia duten zenbait dokumentu erakutsiko ditu hileroko mikroerakusketan.
Ahalmen handiko bide-sare baten garapena 1960ko hamarkadatik aurrera hasi zen gauzatzen Espainian, jarduera ekonomikoaren gorakadaren, ibilgailu-parkearen hazkundearen eta errepideen pilaketaren ondorioz. Herri Lan Ministerioak onartutako Espainiako Autobide Nazionalen Programa 1967. urtean aurkeztu eta gero, bide berriak martxan jarri ziren, eta, aldi berean, Nafarroarako berariazko plan bat diseinatzeko beharra nabarmendu zen, probintzia programa horretatik kanpo geratu baitzen. Urtebete geroago, Nafarroako Foru Aldundi Probintzialak Iruñea Zaragoza eta Gipuzkoarekin lotuko zuen ahalmen handiko bide azkar baten, emakida erregimenean, bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa aztertzeko azterlana enkargatu zion AEPO S.A. ingeniari aholkularien elkarteari. Mikroerakusketa honetan azaldutako mapa batean ikus daitekeen bezala, bideragarritasun-azterlanak trazadura desberdinak aztertu zituen, eta Alagón-Iruñea-Irurtzun-Tolosa ardatzaren alde egin zuen, Zaragozatik barrena Mediterraneo itsasoa eta Kantauri itsasoa lotuko zituen korridore nazionalarekin lotzeko irtenbide funtzional onena zelakoan.
Nafarroako Foru Aldundi Probintzialak, Erriberri-Iruñea-Irurtzun autobidearen zatia eraikitzea premiazkoa zela erabaki eta gero, hasierako tartea maiatzaren 10eko 22/1972 Legeak onetsitako Garapen Ekonomiko eta Sozialerako III. Planean sartzea lortu zuen. 1972ko irailaren 13an, Nafarroako autobidearen lehen fasea eraikitzeko, kontserbatzeko eta ustiatzeko lehiaketa argitaratu zen, zeinetara bi enpresa aurkeztu ziren.
1973ko ekainaren 8ko Hitzarmenaren bidez, Nafarroako Foru Aldundi Probintzialak Jesús Huarte Beaumont-ek Audenasa merkataritza-konpainiaren izenean eta ordezkaritzan aurkeztutako eskaintzari esleitu zion kontratua. Konpainia hori Banco Central, Banco Hispano Americano Dragados y Construcciones S.A. eta Huarte y Compañía S.A. enpresek eratzen dute. Iruñeko Lurralde Auzitegiko Administrazioarekiko Auzien Salak emandako epaiaren bidez, esleipendun ez den lizitatzaileak errekurritutako esleipena baliogabetu egin zen. Nafarroako Foru Aldundi Probintzialak Auzitegi Gorenera jo arren, azkenean bertan behera utzi zuen eta, 1974ko ekainaren 28an, Audenasa sozietateari zuzenean esleitzearen erabakia hartu zuen.
Nafarroako autobideko Tafalla-Noain lehen tarteko obrak 1974ko ekainaren 17an hasi ziren eta urtebete geroago, ordea, amaitu, 1976ko otsailean trafikora irekiz. Castejón-Tafalla tartea 1977an amaitu zen, eta Ebroko autobidearekiko lotura, aldiz, 1978an. Berriozar-Irurzun sekzioa osatu ondoren, 1980ko abenduaren 31n trafikoari zabaldu zitzaion Irurtzungo saihesbidearekiko lotura. Proiektu osoaren mugarri berezi bat, eta aldi berean A-15 Nafarroako autobidearen irudi adierazgarria, Ebro ibaiaren gaineko Antso Nagusia zubia, Castejón parean, izan zen, Javier Manterolak diseinatua eta bere garaiko ingeniaritzaren lorpentzat hartua, 1978ko irailaren 1ean inauguratu zena.
Sarrera librea eta doakoa.
Lekua: Beheko Galeria
Ordutegia: Egunero 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.