es | eu | en | fr

Artxiboen Nazioarteko Eguna 2024

Nafarroako Errege Artxibo Nagusia

2024/06/07

Artxiboen Nazioarteko Astearen karietara, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak herritar guztientzat bideratutako doako hainbat jarduera antolatu ditu. Artxiboen Nazioarteko Eguna ekainaren 9an ospatzen da, 1948an UNESCOren babespean Artxiboen Nazioarteko Kontseilua sortu zela ospatzeko. Efemeride hori Artxiboen Nazioarteko Kontseiluak edo International Council of Archives (ICA) erakundeak aldarrikatu zuen 2008an, eta 2019an Artxiboen Nazioarteko Astea izenekoa aste osora zabaldu zen.

Ekainaren 3tik (astelehena) 9ra (igandea) burutuko den aurtengo Artxiboen Nazioarteko Astearen kanpainak #CiberArchivos du goiburu. 2023. urtearen amaieran ICA-ko 400 kide baino gehiagok eta sektoreko profesionalek hautatutako lelo horrek aurrerapen teknologikoek artxiboetan duten eraginari buruzko elkarrizketa birtualaren parte izatera gonbidatzen ditu artxiboetako eta dokumentu-kudeaketako profesionalak, bai eta antzeko erakunde eta sektoreak ere. Datuen boterea aprobetxatzean eta teknologia berriak erabiltzean, artxiboek gizarteei erabaki informatuak hartzeko, gardentasuna sustatzeko eta kultura-ondarea zaintzeko aukera ematen diete.

Aurten Artxiboen Nazioarteko Eguna ospatzeko ate irekien jardunaldi bat aurreikusi da, bisita gidatuekin. Gaztelaniaz eta euskaraz egingo diren bisitak jende guztiarentzat zabalik egongo dira, 11:00etan, artxiboko teknikarien eskutik. Ibilbidean zehar, parte-hartzaileek Rafael Moneok diseinatutako eraikina, Iruñeko Errege Jauregi gisa duen jatorria, gaur egungo funtzioak eta egunero egiten diren artxibo-lanak eta dokumentazioa zaharberritzeko lanak ezagutu ahal izango dituzte. Bisitara joan ahal izateko 848 42 46 67 telefonoan izena eman beharko da, astelehenetik ostiralera goizeko ordutegian deituz.

Ordua: 11:00etan.

Topalekua: Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren sarrerako atea.

Sarrera librea eta doakoa, 848 42 46 67 zenbakian izena eman ondoren.