es | eu | en | fr

Iruñeko Blokeoaren 150. Urteurrena (1874)

Nafarroako Errege Artxibo Nagusia

2024/10/01 - 2024/10/31

1874ko irailaren 3an, Nafarroako lurretan hirugarren karlistaldiaren azken gertakarietako batean, tropa karlistek probintziako plaza nagusia inguratzeari ekin zioten, bost hilabetez luzatuko zena. Iruñeko blokeoa hasi zela 150 urte bete direnean, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak (AGN) gertakari horrekin zerikusia duten zenbait dokumentu erakutsiko ditu bere hileko mikroerakusketan.

Blokeoa hasi zenean, hiriko goarnizioa 1.200 gizonez eta Boluntarioen Batailoiko beste 800 gizonez osatuta zegoen. Haien aurrean, tropa karlistak, Juan Ortigosa jeneralaren agindupean, setiatutako hiriaren inguruan ingurabide bat sortuz hedatu ziren, Uharten, Atarrabian, Berriozarren, Berriogoitin, Berriobeitin, Arazurin, Zizur Nagusian, Zizur Txikian, Mutiloagoitin eta Mutiloabeitin destakamentuak edukita. Ordurako egoera larria zen, Nazioko Gobernuak blokeoa ezarri baitzuen Ebrotik tropa karlistak ahultzeko, eta komunikabideak, hala nola telegrafoa edo trenbidea, geldirik baitzeuden.

Hainbat lekukotasun iritsi zaizkigu karlisten setiotik Iruñeko hirira eratorritako egoerari buruz, batez ere egunkari eta memoria garaikideen bidez, Aniceto eta Nemesio Lagarde anaien album bikainaz gain. Horietan, blokeoak herritarrengan izan zituen ondorio gogorrak deskribatzen dira, batez ere hornidurarekin lotutakoak, karlistek elikagaiak eta erregaiak sartzea galarazi baitzuten. Setioaren lehen egunetatik, agintari militarrek zein zibilek kontsumo-ondasunetatik lor zitezkeen prezioak eta kopuruak ezarri behar izan zituzten. Haragia ondasun urri bihurtu zen, 1874ko abendutik gaixoentzat bakarrik gordez. Txakurra, katua edo arratoia bezalako beste haragi mota batzuk merkatu beltzean saltzeak elikagai horren eskasia eta bertako biztanleei ezarritako baldintza gogorrak erakusten ditu. Egoera hain etsigarria izatera iritsi zen, ezen, 1875eko urtarrilean, agintari militarrek bando bat igorri baitzuten baliabide propiorik ez zuten pertsona guztiak hiritik ateratzeko aginduz, bizirauteko baliabide gutxi baitzeuden.

Elikagai eskasiarekin batera, Iruñeak ur falta larria jasan zuen karlistek Subitzatik zetorren hornidura moztu zutelako, hiriko iturriak emaririk gabe utziz. Horri arazo higienikoak eta sukar tifoideoak eta disenteria bezalako gaixotasunen hedapena gehitu behar izan zitzaizkien. Tifusa heriotza kausa nagusi bilakatu zen. Egur falta ere nabarmendu zen, eta, horren ondorioz, agintariek hiriaren inguruko zuhaiztiak mozteko agindua eman zuten. Ur-hornidura Caparrosoko errotan, Arga ibaiaren ertzean, jarritako galdategi baten jabe izandako Salvador Pinaquy industrialariak berak asmatutako ponpaketa-sistema baten bidez konpondu zen. Huts egindako saioren baten ondoren, azaroaren 6an Gazteluko plazako iturritik ura jariatzea lortu zuen. Gertaera hori tokiko agintarien presentziarekin ospatu zuten herritarrek, erraldoi eta buruhandien konpartsak eta Miserikordia Etxeko musika bandak girotutako festa batean.

Azkenik, 1875eko otsailaren 2an, hasi eta bost hilabetera, gobernuaren tropen etorrerak, zeinen buru Domingo Moriones jenerala baitzegoen, amaiera eman zion Iruñearen blokeoari, hiriak bere historian jasan duen azkenekoari.

Sarrera librea eta doakoa.

Lekua: Beheko Galeria

Ordutegia: Egunero 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.