es | eu | en | fr

Maximiniano Hijónen Jaiotzaren Bigarren Mendeurrena (1825)

Nafarroako Errege Artxibo Nagusia

2025/05/01 - 2025/05/31

Logroñoko Maximiano Hijón Ibarra arkitektoaren izena Nafarroari estu-estu lotuta dago, hainbat proiektu garrantzitsuren egilea izan baita; horien artean, toki berezia du Nafarroako Jauregiko edo Jauregiko Tronu Aretoaren dekorazioaren diseinuak. Hori dela eta, bere jaiotzaren bigarren mendeurrena betetzean, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak (AGN) arkitekto errioxar honek Nafarroarekin duen loturarekin zerikusia duten hainbat dokumentu erakutsiko ditu hileroko mikroerakusketan.

Maximiano Hijón Logroñon jaio zen 1825eko otsailaren 21ean. Madrilgo Arte Ederretako Kontserbatorioan egin zituen ikasketak, eta, ondoren, San Fernandoko Arte Ederretako Errege Akademian sartu zen, 1846an titulua lortuz. Arkitekto ibilbidearen lehendabiziko urteak bere jaioterrian garatu zituen, 1855ean Logroñoko udal arkitekto izendatu zutelarik. Garai hartan ere Francisco Coello kartografo militarrarekin lehendabiziko lankidetza egin zuen, Atlas de España y sus Posesiones de Ultramar lan ospetsuaren Toledori zegokion planoa eginez. Geroago, lan horretarako, beste plano eta mapa batzuk egiten lagundu zuen, hala nola Nafarroako probintziakoa.

Nafarroarekiko zuen harremana 1858an hasi zen, Diputazioak Bideetako zuzendari izendatu zuenean eta bere egoitza Iruñera eraman zuenean, non 1867ra arte egon zen.

Nafarroan egindako egonaldi horretan garatu zuen Hijónek bere ibilbide profesionalaren etaparik nabarmenetako bat, garrantzi publiko bereziko eraikinetarako proiektuak eginez.

Horrela, Bigarren Irakaskuntzako Institutu Probintziala hartzeko eraikinaren proiektuaren ardura hartu zuen, gaur egun Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren (NAPI) eta Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egoitza hartzen duena. Eraikinaren proiektuak, lehen aldiz Iruñean, burdinazko egitura baten erabilera barne hartu zuen eta bere planoak 1876ko Filadelfiako Erakusketa Unibertsalean erakutsiak izatera iritsi ziren.

Hala ere, 1860ko hamarkadaren hasieran, Elisabet II.a erreginak Iruñera egin behar zuen eta azkenean egin ez zen bisitaren prestaketen esparruan, Hijónek bere ibilbideko enkargurik garrantzitsuenetako bat jaso zuen: Probintziako Jauregiko Tronuaren Aretoaren diseinu eta dekorazio-programa ikonografikoa. Obra hau egiteko, diseinuaz gain, Hijón arduratu zen artistak aukeratzeaz eta kontratatzeaz, horien artean, Constancio López Corona, bere iloba eta Ourenseko Arte Ederren Eskolako zuzendaria, zeinak egongelan otoitz egiten duten hiru erretratu erregio margotu baitzituen (Najerako Gartzia III.arena, Peñalengo Antso IV.arena eta Antso V.a Ramiritzarena), baita egonaldiko hainbat eszena historiko ere.

Gainera, Nafarroan izan zen garaian, Nafarroako Monumentu Historiko eta Artistikoen Batzordeko kide ere izan zen Hijón, Leireko monasterioaren desamortizazioa ezeztatzeko eta Eunateko baselizaren eta Kontuen Ganberaren eraikinaren kontserbazioa sustatzeko asmoz Juan Iturralde y Suit eta Pablo Ilarreguirekin lankidetzan arituz.

Nafarroan hamarkada bat eman ondoren, 1867an, Hijón Logroñora itzuli zen, non probintziako arkitekto izendatu zuten. Calahorrako eta La Calzadako elizbarrutietan ere lan egin zuen arkitekto gisa, elizak berreskuratzeko lan handia eginez.

Hala eta guztiz ere, 1880ko hamarkadan, Nafarroan proiektu berriak egiteko berriro deitua izan zen Maximiano Hijón.

Hala, 1884an, Nafarroako Kredituak etxebizitza-eraikin berri bat diseinatzeko eskatu zion Iruñeko Gaztelu Plazako 44. zenbakirako, zeinetan, Institutu Probintzialaren kasuan bezala, Belgikan egindako metalezko egitura bat ere erabiliko baitzuen horretarako. Obrak egin eta gero, eraikin berriaren lehen solairua Nuevo Casino Principal elkartearen egoitza izateko bideratu zen eta beheko solairuan Café Iruña izenekoa ireki zen, hau ere Hijónen lana, gaur egun ere irauten dutenak.

Hijónen bigarren etapa profesional hau Nafarroan 1887an Tafallako udal eskolak hartzeko eraikinaren enkarguarekin itxi zen. Gaur egun Garcés de los Fayos Ikastolaren instalazioak hartzen dituen higiezina da, eta Nafarroan Maximiano Hijónek egindako azken obra izango litzateke. Maximiano Hijón Logroñoko etxean hil zen 1891ko uztaila-ren 12an.

Lekua: Beheko Galeria

Ordutegia: Egunero 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

Sarrera librea eta doakoa.