es | eu | en | fr

Lizarra Artxiboan Entzuten da

Nafarroako Errege Artxibo Nagusia

2026/06/14

Artxiboak musika-ondarearen kontserbaziorako erakunde gisa duen garrantzia ukaezina da. Hala ere, ikuspegi hermeneutiko batetik, musika-ondareak interpretazio-egintzan hartzen du zentzua. Testuinguru honetan, Lizarrako Musika Bandak ondare hori gaurkotu egiten du, Lizarrako soinu-memoriarekin elkarrizketa zuzena ezarriz.

Programa argi eta garbi sonoritatez bereizitako bi zatitan banatuta dago, nahiz eta aipatzen dituzten eskualdeetako folklorearekin estu-estu lotuta egon. Lehena bandarako idatzitako nazioarteko obrek osatzen dute, eta bigarrena, berriz, gaita eta bandarako konposizioei eskainita dago, taldearen eta Nafarroako musika tradizioko soinu berezienetako baten, bereziki Lizarrari lotutakoa, arteko elkarrizketa agerian utziz.

Obertura gisa, Marino Apesteguía lizarrako musikariak —1940ko hamarkadan musika-bandaren zuzendari izan zenak— konposatutako Estella obra, Lizarrako Udalaren martxa ofiziala, aurkezten da. Gaur egun, Udalbatzaren ekitaldi ofizial batzuekin batera egiten den martxa da. Interpretatzen den bertsioa euskal-nafar musika-esparruari lotuta dagoen Tomás Aragüés Bernad konpositoreak moldatu du gaita eta bandarako.

Lehenengo zatia Eric Swiggers konpositore holandarraren Accretio-rekin inauguratzen da, zeinak Laarbeekeko (Herbehereak) hiri-eskultura batean inspiratutako hazkuntza eta kohesio komunitarioari buruzko gogoeta musikala planteatzen baituen. Obraren idazkera energia handiko pasarte erritmikoen eta izaera liriko eta adierazkorreko atalen arteko txandakatzean egituratzen da.

Ondoren, Songs from the States interpretatuko da. Pieza horretan, Nahoiro Iwai moldatzaileak AEBetako musika herrikoiko hainbat doinu biltzen ditu, tartean Jambalaya, cajún errepertorioari lotutakoa. Medleyk Ipar Amerikako folkloreko hainbat hizkera musikaleren irakurketa estilizatua eskaintzen du.

Bestalde, Robert W. Smith estatubatuarraren Ireland: Of Legend & Lore lanak irlandar iruditeria historiko eta legendarioan murgiltzen da doinu tradizionalen bidez. Obrak elkarren kontrastean dauden hiru atal egituratzen ditu; horietan izaera martzialeko eta dantzagarriko materialak uztartzen dira, herrialdeko paisaiak, gazteluak eta pertsonaia mitikoak iradokiz.

Lehen zatia amaitzeko, Let Me Entertain You interpretatuko da, zeinak Robbie Williamsen britainiar pop-rockeko kanta adierazgarrienetako batzuk bandaren esparrura ekartzen baituen.

Bigarren blokean, berriz, gaitak instrumentu bakarlari gisa duen zeregina nabarmentzen da, bai eta bandaren moduko talde baten soinu-testuinguruaren barruan duen aldakortasuna ere. Lizarran harreman honek ibilbide luzea du, bere lehen erreferentzia dokumentatua 1879koa delarik. XIX. mendearen amaieran, kontzertu bateratuak ugariak izan ziren, batez ere San Fermin jaietan. Tradizio hori indartu egin da gaur egun Lizarrako Gaiteroen lanari esker, bai eta 1993an Lizarrako Banda sortu zenetik egindako enkarguei esker ere; izan ere, enkargu horiek gaita talde instrumentalean erabat txertatzea ahalbidetu dute. Zentzu honetan, atal honetako konposizioak gaiteroek eurek hainbat konpositoreri egindako eskaeren emaitza dira. Lehen hiru obrak Ángel Briz Lázcoz moldatzailearen, Nafarroako eta Euskal Herriko musika-ondarearen berreskurapenean nabarmendu zen figuraren, gaita eta bandarako egindako moldaketa-lanaren fruitu dira.

Nobleza Obliga Enrique Broca (1843-1900) aragoiar musikariak, Santa Zezilia Orkestrako kontzertinoa izandakoak, sortu zuen. 1884ko Sanferminetan Iruñeko Zientzia, Arte eta Literatura Lehiaketan saritutako euskal gaiei buruzko rapsodia da.

Kataluniatik, Marc Timón i Barcelóren Puigsoliuenca lanak Joaquim Serraren Puigsoliu lana berrikusten du, koblarako poema sinfonikoa —sardanari lotutako prestakuntza instrumental katalana—, egilearen konposizio adierazgarrienetakotzat jotzen dena. Bere gaiak oinarri hartuta, Timónek Serraren oroimenez eraikitzen du sardana hau.

Pablo Sarasate (1844–1908) biolinista nafar birtuosoak konposatutako Capricho Vasco lana bere arreba Paquitaren bertso batzuetan eta folkloreko elementuetan inspiratua dago, besteak beste jatorriz hirutar konpasean idatzitako zortzikoan. Interpretatutako bertsioak, ordea, bere izaera indartzen du genero honen bereizgarria den 5/8 konpasaren bidez.

Egitaraua Koldo Pastor nafar konpositorearen Lizarrako Irudiak (Imágenes de Estella) lanarekin amaitzen da. Obra Ega hiriko hiru irudi tipiko gogora ekartzen dituen triptiko bat da: “Erraldoiak”, erraldoiek jaietan egiten dituzten desfile eta dantzetan inspiratua; “Los Llanos”, Ega ibaiaren ondoko ibilaldi bat deskribatzen duen mugimendu liriko eta kontenplatiboa; eta “Jurramendiko Hegaletan”, non izaera kontrastatuko materialak zortziko-airearekin uztartzen diren, soinu-hedadura handiko amaiera batera iritsi arte. 

Judith de Miguel Rubio
Asociación Cultural “Unión Musical Estellesa” / Lizarrako Musika Kultur Elkarteko
Banda de Música de Estella / Lizarrako Musika Banda
Presidentea 

Interpretatzaileak 

  • Gaiteros de Estella / Lizarrako Gaiteroak
  • Banda de Música de Estella / Lizarrako Musika Banda, Isaac Irimia Roaren zuzendaritzapean 

Egitaraua

  • Estella - Marino Apesteguía / Tomás Aragüés Bernad
  • Accretio - Eric Swiggers
  • Songs from the States - Arr. Naohiro Iwai
  • Ireland: Of Legend & Lore - Robert W. Smith
  • Let Me Entertain You - Robbie Williams, Guy Chambers; arr. Don Campbell
  • Nobleza Obliga - Enrique Broca / Ángel Briz Lázcoz
  • Puigsoliuenca - Marc Timón i Barceló / Ángel Briz Lázcoz
  • Capricho Vasco - Pablo Sarasate / Ángel Briz Lázcoz
  • Lizarrako Irudiak (Imágenes de Estella) - Koldo Pastor 

Lekua: Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko lorategidun patioa

Ordua: 12:00.

Sarbide librea eta doakoa lekua bete arte.