es | eu | en | fr

Romanz. En Lengoage de Navarra

Nafarroako Errege Artxibo Nagusia

2026/06/19 - 2026/12/13
  • Komisariotza: Fermín Miranda García, Cristina Tabernero Sala.

Erakusketa honek nafar hizkuntzaren garrantzia nabarmentzen du. Erdi Aroan Nafarroan erabiltzen zen hizkuntza erromantzea zen, latinetik eratorria, eta haren lehen lekukotasun idatzietatik abiatuta, nafar monarkiaren eta administrazioaren lurralde-, epaitegi- eta zerga-arloetako hizkuntza “ofizial” bihurtu zen arteko bilakaera azaltzen da. Testuinguru eleaniztun hartan, nafar hizkuntza euskararekin batera bizi izan zen lurraldearen zati batean, baita burgoetako okzitanierarekin eta aljametako hebreerarekin nahiz arabierarekin ere. Hala ere, indar handia hartu zuen notariotzan eta udaletan, eta gizarte-maila guztiek, nobleziatik hasi eta nekazaritzaraino, erabiltzen zuten. Garaiko testuek argi erakusten dute hizkuntza horrek bere garaian izan zuen garrantzia. Izan ere, garaikideek «lengoage de Navarra», «idioma de Navarra (ydiomate Navarre)», «idioma de la tierra de Navarra (ydiomate Navarre terre)» edo, besterik gabe, «romanz» edo erromantzea deitzen zioten. Erakusketak, halaber, hizkuntza horren ezaugarri soziolinguistikoak aztertzen ditu: haren jatorri latindarra, lurraldean izan zuen hedapena, idatzizko erabileran nagusitu izana eta nafarren ahozko hizkeran izan zuen bilakaera, Erdi Aroaren amaieran eta Aro Modernoaren hasieran gaztelaniarekin lotu zen arte; baita gaur egun ere gure eguneroko hizkeran iraun duten hitz eta esamoldeak ere.

Erakusketako ibilbidea hiru bloketan banatzen da. Lehenengoak, «Nahasmendu-garaietan» izenekoak, latin klasikotik bereizten hasi zen hizkuntzaren hastapenak aztertzen ditu. Bigarrenak, «Noren hizkuntza?», hiztunak ditu ardatz, non erakusten duen nola nafar hizkuntzaren erabilera ohiko bihurtu zen gizarteko esparru guztietan. Hirugarrenak, «Hizkuntza zertarako?», erromantzeak izan zituen erabilerak azaltzen ditu, Erdi Aroko Nafarroako gizartearen komunikazio-behar guztiak asetzeko balio izan zutenak. «Nafar lurraldeko hizkuntza» administrazioaren, kulturaren eta jarduera pribatuen esparru guztietara hedatu zen, eta ia edozertarako erabili zen: kontuak egiteko — errenten lur-neurketetan, erroldetan, kontabilitate-liburuetan, alistamenduetan eta «su» edo etxe-unitate fiskalen zerrendetan—; kontatzeko —testu historikoetan eta poemetan—; otoitz egiteko —katekismoetan eta sermoietan—; ondarea uzteko eta dohaintzan emateko —testamentuetan eta xedapenetan—; aurreko dokumentuak erromantzera aldatuz biltzeko — bezerroetan, kartularioetan, erregistroetan eta bestelako bilduma dokumentaletan—; eta zin egiteko, itunak adosteko eta negoziatzeko —Koroaren eta Erresumaren artean, Nafarroako errege-erreginek nafar hizkuntzan egiten zuten errege-zinean—.

Erakusketan XI. mendetik XV. mendera bitarteko Nafarroako Erresumako dokumentu bereziak daude ikusgai, guztiak nafar hizkuntzan idatziak. Dokumentu horiei esker, hizkuntza horren bilakaera historikoa, soziala eta linguistikoa ezagutzeaz gain, gaur egun ia erabat ezezaguna den Erdi Aroko Nafarroako gizartearen alderdi bat ere ezagutarazten da. Guztira, Nafarroako nahiz Espainiako hainbat artxibotan gordetzen diren 52 dokumentu bildu dira. Horietatik 36 Nafarroako Errege Artxibo Nagusitik datoz; izan ere, artxibo horrek Erdi Aroko nafar hizkuntzaz idatzitako 60.000 dokumentu baino gehiago gordetzen ditu, eta erakusketarako horien artean aukeraketa zorrotza egin da. Gainerako dokumentuak erakunde hauetatik datoz: hiru Artxibo Historiko Nazionaletik; bat Zaragozako Unibertsitateko Liburutegitik; bost Iruñeko Katedraleko Artxibo eta Liburutegitik; bat Orreagako Errege Kolegiatako Artxibotik; bi Tuterako Eliz Artxiboetatik; bat Tuterako Udal Artxibotik; bi Erriberriko Udal Artxibotik; eta bat Genevillako Udal Artxibotik. Dokumentu horien artean bereziki nabarmentzekoa da "Liber Regum" edo Erregeen belaunaldien eta leinuen liburua. Espainian erromantzez idatzitako lehen kronikatzat jotzen da, eta, gainera, nafar-aragoieraz idatzia dago. Halaber, ikusgai dago "Cantar de Roncesvalles", karolingiar gaietako poema epiko nagusietako baten nafar bertsioa. Ez dira falta, bestalde, Nafarroako Foru Orokorra —erresumako kode juridiko nagusia—, Martín Garcés Don Costal Tuterako notarioaren Nafarroan gorde den lehen notario-protokoloa, ezta 1280ko Nafarroako Erresumako Comptosen Erregistroa ere, bere motako dokumentu-sail berezi horretako lehen aleetako bat. Erakusketan Nafarroako monarkiaren kartulario nagusiak ere ikus daitezke, hala nola Tibalt II.aren kartularioa eta Karlos III.aren Kartulario Nagusia, baita eliz arloko dokumentu esanguratsuak ere, besteak beste XIII. mendeko Fiteroko kartularioa, 1257ko Irantzuko "Libro Rubro" eta Barbazán apezpikuaren Katekismoa. Horiez gain, testu kronistiko eta narratiboak ere badaude, hala nola XV. mendeko Vianako Printzearen Nafarroako Errege-erreginen Kronika eta "Complaynna que de sí face Navarra", agaramontarren eta beaumontarren arteko gatazken garaian idatzitako Nafarroaren lamentua. Nafarroako monarkiaren agiri nagusien artean daude 1231ko Antso VII.a Azkarraren eta Jaime I.a Konkistatzailearen arteko adopzio-itunaren akta, Tibalt II.ak Iruñeko katedralean foruak zin egin zituela jasotzen duen akta eta Parisen egindako Filipe II.a Luzearen zin-egitearen akta. Halaber, nafar nobleek Koroari egindako leialtasun-zinak, 1299ko infantzoien batzarren akordioa, 1328ko Garesko hiribildu onen akordioa, Joana II.aren eta Filipe III.a Evreuxkoaren tronuaren oinordetza aldarrikatzen duena, eta biak 1329an Iruñeko katedralean errege gisa aldarrikatu zituzteneko akta. Urte berekoa da, era berean, Erriberriko Gorteen 1329ko akta, koroaren oinordetzari buruzkoa; agiri horren jatorrizko aleak frantsesez nahiz nafar erromantzean prestatu ziren, subirano berriek hobeto uler zitzaten.

Jarduerak

Doako bisita gidatuak antolatu dira larunbat goizero, aurretik 848 42 46 67 telefonoan erreserba eginda.

Komisarioek erakusketako testu eta dokumentuen eduki osoarekin egindako erakusketako katalogoa argitaratuko da laster.

Udazkenean jarduera gehiago izango dira, bai haurrei eta familiei zuzendutako tailer didaktikoak, bai komisarioen parte-hartzea izango duen hitzaldi-ziklo bat, bere garaian iragarriko dena.

Lekua: “Antso VI.a Jakituna” aretoa (kripta protogotikoa)

Ordutegiaegunero 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, asteburuak eta jaiegunak barne.

Sarrera librea eta doakoa.