es | eu | en | fr

Abendua, Antzinako Musikaren hilabetea Nafarroako Errege Artxibo Nagusian

2024/12/09
Abendua, Antzinako Musikaren hilabetea Nafarroako Errege Artxibo Nagusian
Fiteroko Sakramentario Zistertarraren partitura gregorianoaren xehetasuna (AGN)

Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak (AGN), Nafarroako Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboaren programaren barruan, Udazken Artximusikalaren zikloko jarduerekin jarraituko du, aste honetan antzinako musikari eskainitako bi ekitaldi, hitzaldi bat eta kontzertu bat, eskainiz. Jarduera hauen helburua publikoari musika-ondarearen aberastasuna hurbiltzea da, Espainiako Erdi Aroko eta Errenazimentuko musikan arreta jarriz. Bi jarduerak Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko ekitaldi aretoan burutuko dira eta sarrera librea eta doakoa izanen da, leku guztiak bete arte.

Hitzaldia

Santiago Ruiz Torres irakasleak abenduaren 10ean, asteartea, arratsaldeko 19:00etan, “Nafarroako Artxiboaren zati liturgiko-musikalak: ondare funts sakabanatu baten fisionomia” izeneko hitzaldia emango du. Bertan, Ruiz Torresek AGNn gordetako zati liturgiko-musikaletan sakonduko du, ondare funts honen ikuspegi zehatza eta Nafarroako antzinako musikaren ikerketarako duen garrantzia eskainiz.

Santiago Ruiz Torres Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean Musikologian Doktorea izateaz gain, Piano eta Zuzendaritza Koraleko espezialitateetan goi-mailako tituluduna ere bada. Gaur egun, Salamancako Unibertsitatean ari da irakasle. XII. mendetik XIX. mendera bitarteko kantu lau iberiarra da bere ikerketa-ildo nagusia, zeina hainbat ikuspegitatik heldu dion gai horri: iturrien katalogazioa, errepertorioaren analisia eta interpretazioa, teoria eta musika-notazioa. Egun, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Carmen Julia Gutiérrez Doktoreak zuzendutako Spanish Early Music Manuscripts (SEMM) proiektuaren parte da, zeina Erdi Aroko musika hispanoaren datu base bat sortzean datza. 2015ean sortu zen CANTUS Index-en parte gisa, gai bereko baliabidea, baina nazioarteko estaldura duena. VII. mendetik XVI. mendera bitarteko kronologiarekin, bilaketak egin daitezke kantuen, generoen edo erlijio-jaien zerrenden arabera, bai eta iturri moten, kronologiaren, hiriaren eta notazio motaren arabera ere, besteak beste. Azken finean, antzinako musika hispanoa aztertzeko ezinbesteko iturria da datu base hori. Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak aktiboki kolaboratzen du SEMM proiektuarekin, bere Erdi Aroko eskuizkribu musikalen bilduma eskainiz.

Kontzertua

Ziklo honi luxuzko amaiera emateko, abenduaren 11n, asteazkena, arratsaldeko 19:00etan, AGNko areto nagusian “Amodiozko bataila” izeneko kontzertua emango dute Raquel Andueza iruindar sopranoak eta Jesús Fernández Baena tiorbistak.

Kontzertu honetan, XVII. mendeko espainiar musika eta garai bereko Italian eta Frantzian egindako konposizioak zeharkatzen dituen egitaraua bat interpretatuko da.

Errepertorioak La Ausençia, Arrojome las naranjicas eta Una batalla de amor izeneko lan anonimoak barne hartuko ditu, Enrico Radesca, Francesco Cavalli, Jean-Baptiste Lully eta Marc-Antoine Charpentier konpositore ezagunen konposizioekin batera. Europako musika barrokoaren emozio bizietan murgilduko ditu bertaratutakoak.

Informazio gehiago nahi izanez gero, AMAEN Nafarroako Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboaren webguneko agenda kontsulta dezakezu.

Zerrendara itzuli