es | eu | en | fr

Emilio Arrieta konpositorearen jaiotzaren bigarren mendeurrenaren oroitzapena

2021/05/21
Emilio Arrieta konpositorearen jaiotzaren bigarren mendeurrenaren oroitzapena
Emilio Arrieta Corera

2021eko urriaren 20an, 200 urte beteko dira Emilio Arrieta (Gares, 1821 - Madril, 1894), XIX. mendeko operan eta zarzuelan funtsezko nafar musikagilea, jaio zenetik. Efemeride hori dela eta, Nafarroako Gobernuak, Garesko Udalak eta Baluarte Fundazioak elkarlanean jardun dute urte honetan zehar beren musika-ondarea berreskuratu, zabaldu eta ospatzeko.

Baluarte Fundazioak eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak, Nafarroako Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboaren (AMAEN) bidez, musika- eta programazio-izaerako hainbat ekintza egin dituzte, Arrietaren lana zabaldu, gorde eta zabaltzeko, bere jaiotzaren bigarren mendeurrenean. Jarduerak garatzeko, Espainiako Egileen eta Editoreen Elkarte Nagusiko Artxiboaren (SGAE) laguntza izan dute.

Rebeca Esnaola Kultura eta Kirol sailburuak, Oihan Mendo Garesko alkateak, María Antonia Rodríguez Baluarte Fundazioko zuzendari kudeatzaileak eta Oliver Díaz maisuak eta orkestra-zuzendariak musikariaren jaiotzaren bigarren mendeurrena ospatzeko prestatutako jardueren egutegia aurkeztu dute.

Baluarte Fundazioaren programazioa

Nafarroako musikagilearen lana nabarmentzeko lehen ekintza San Francisco de Sena hiru ekitalditako zarzuela berreskuratzea izan da. Zarzuela hori ez zen kontzertu batean entzuten 1883an Madrilen estreinatu zenetik. Obra hau zorrotz berrikusi da Baluarte Fundazioak Oliver Díaz maisuari eskatutako edizio kritiko batean, SGAEren Artxiboan gordetako eskuizkribuetatik abiatuta.

Emaitza Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren hurrengo abonu-denboraldian (2021/2022) entzun ahal izango da, zehazki, 2021eko abenduaren 30ean, “Maisuaren itzulera” izenburupean.

Interpretatzaileak ondorengoak izango dira: Alejandro Roy tenorra, Beatriz Díaz sopranoa, Ángel Ódena baritonoa, Ricardo Bojórquez baxua, Julen Jiménez tenorea eta Itsaso Loinaz tiplea. Horiekin batera, Gayarre Elkarteko Opera Lagunen abesbatza lirikoa (AGAO) eta Nafarroako Orkesta Sinfonikoa izango dituzte lagun, Díaz maisuak Baluarten zuzenduta.

Bigarren mendeurrena dela eta, beste erreskate garrantzitsu bat argitaratu gabeko Recuerdos de ‘El dominó azul’ en forma de obertura lana da. Francisco Camprodón-en libretoa duen izen bereko zarzuelaren orkestra-egokitzapena da. Madrilgo Circo antzokian estreinatu zen 1853an.

Jatorrizko partitura Huarte familiaren ondarean kokatu da, Nafarroako Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboko teknikariek egindako antolaketa lanetan. AMAENen egindako lanaren edizio kritikotik aurrera, Baluarte Fundazioak grabazioa egingo du irailean Nafarroako kongresu-jauregiko areto nagusian, Jesús Echeverría maisuak zuzendutako Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren eskutik.

Talde artistiko bera arduratuko da Capricho para orquesta sobre temas de Gaspar Sanz formatu handiko beste orkestra lana erregistratzeaz. AMAENgo Arrieta katalogoaren barruan, soprano eta pianorako “Abesti” lirikoak ere grabatu egingo dira, Nafar Fonoteka hornitzeko eta konpositorearen ondare fonografikoa aberasteko sinatutako lankidetza-hitzarmenaren barruan. Ganbera-grabazio horiek irailean eginen dira.

Gainera, urteko azken hiruhilekoan, Nafarroako musikariaren inguruko hainbat musika-hitzordu izango dira. Urriaren 14an, Nafarroako Errege Artxibo Nagusian, musikagilearen soprano eta pianorako abestien errezitaldi lirikoa egingo da. Abestiak Sonia de Munck sopranoak eta Miguel Huertas piano-jotzaileak interpretatuko dituzte.

Lau egun geroago, urriaren 19an, Baluarte Auditorioan, ikusleek Marina, Arrietako opera-zarzuela unibertsalena, entzun ahal izango dute. Elenko gehienak Foru Komunitateko kantariek osatzen dituzte; besteak beste, Andrea Jiménez sopranoa, José Luis Sola tenorea, Borja Quiza baritonoa eta Pablo Ruiz baxua. Horiek AGAOren abesbatza lirikoarekin, Iruñeko Orfeoiarekin eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin bat egingo dute, José Miguel Pérez-Sierra maisuaren zuzendaritzapean.

Azkenik, abenduaren 3an, Nafarroaren Egunean, bigarren mendeurrenean berreskuratutako eta Echeverría maisuak zuzendutako bi orkestra-obrak interpretatuko dira: Recuerdos de ‘El dominó azul’ en forma de obertura eta Capricho para orquesta sobre temas de Gaspar Sanz.

Garesko Udalaren programazioa

Bestalde, Garesko Udalak, musikariaren jaiotzaren bigarren mendeurrenean, zazpi ekintza zehatzetan zehazten den jarduera-egutegiari buruzko programazioa antolatu du. Horietako bitan Nafarroako Gobernuak parte hartu du; hau da, Iruñeko Orfeoiaren kontzertuan eta Jesús Echeverríak emandako hitzaldian.

Abesbatza-ziklo bat antolatzen duen Garesko Emilio Arrieta Abesbatzak hiru emanaldi eskainiko ditu Santiago Apostol elizan (ekainaren 5ean eta 19an eta uztailaren 3an). 150-300 lagunentzako edukiera mugatua izango dute, non Galar Abesbatzak, Barañain Abesbatzak eta herriko elkarteak hartuko duten parte. Errepertorioan Arrietaren lan bat sartu beharko dute.

Uztailaren 10ean, Iruñeko Orfeoiak kontzertu bat eskainiko du Julián Mena plazan (300-400 lagunentzako tokia izango du). Bertan, Verdiren, zarzuelaren eta Puentesinoko konpositorearen lanak eskainiko ditu, Andrea Jiménez eta José Luis Sola bakarlari nafarren emanaldiarekin.

Urriaren 20an eta 22an Jesús Echeverría-k emango duen Recuerdos de ‘El dominó azul’ en forma de obertura lanaren eta María Encinas Cortizok eskainiko duen Emilio Arrietaren irudiari buruzko hitzaldiak izango dira.

Emanaldien zikloa amaitzeko, beste bi kontzertu eta disko bat grabatuko dira. Sabina Puértolas-ek musikariarengandik berreskuratutako ahots-lanak eskainiko ditu. Urriaren 23an izango da, Santiago Apostol elizan, eta 150 eta 300 pertsona arteko edukiera izango du. Bigarrena, hilaren 24an, igandean, Nafarroako Abesbatzen Federazioak eskainiko duen kontzertua da non Koru sinfonikoaren, Fluencias hari-laukotearen eta Francesca Croccolino piano-jolearen emanaldiak izango diren.

Programazioari amaiera emateko, disko bat grabatuko dute Sabina Puértolas-ek, Ruben Fernández-ek eta gainerako kolaboratzaileek, Arrietaren lanak agerrarazteko, partituretatik haratago.

Zerrendara itzuli