es | eu | en | fr

Erakusketa bat, ate irekien eguna eta kontzertu bat, Nafarroako Artxiboak Artxiboen Nazioarteko Astean eskainiko dituen proposamenetako batzuk

2019/06/01
Erakusketa bat, ate irekien eguna eta kontzertu bat, Nafarroako Artxiboak Artxiboen Nazioarteko Astean eskainiko dituen proposamenetako batzuk

Ekainaren 9an ospatuko den Artxiboen Nazioarteko Egunaren kariaz, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak hainbat jarduera antolatuko ditu datorren astean, artxiboak herritarrengana hurbiltzeko xedez. Horien artean, kirolaren historiari buruzko erakusketa bat, ate irekien eguna, antzinako musika espainiarraren kontzertu bat eta musikaren eta arte eszenikoen funtsen webgunearen aurkezpena.

Honela, Nafarroako Artxiboak bat egingo du Artxiboen Nazioarteko Kontseiluak 1948an UNESCOren babespean sortu izanaren urteurrena ospatzeko bultzatu dituen ekitaldiekin. Ikerketa, kultura, oroimena eta gardentasunaren mesedeko erakunde hauen balioa nabarmentzea da Artxiboen Nazioarteko Kontseiluaren helburua nagusia.

MAENA webgunea

Foru Exekutiboak, Artxiboen eta Ondare Dokumentalaren Zerbitzuaren bitartez, Musikaren eta Arte Eszenikoen Nafarroako Artxiboaren programa bultzatu zuen 2017an Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren zeregin teknikoen barnean.

Artxiboaren funtsak eta zerbitzuak ezagutzera ematea da bere helburu nagusietako bat, baliabide guztiak ikertzaileen eta gainerako interesdunen eskura jarriz. Horren ezagutza errazteko, astelehenean, ekainak 3, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak azken hilabeteotan jasotako funts musikal eta eszenografikoei buruzko informazio guztia nahiz herritarrei zuzendutako zerbitzuak biltzen dituen webgune berria aurkeztuko da.

Astelehenaz geroztik erabiltzeko moduan izanen den webgune berri honi esker, informazio zehatza jasotzen ahalko da egun eskuragarri dauden 27 funts musikalei buruz, antzerkiko 7 funtsei buruz eta dantzako 3 funtsei buruz. Gainera, Artxibo Irekia web-bilatzailerako sarbidea eskainiko du, Fernando Remacha, Tomás Asiáin, Jesús García Leoz, Mariano García Zalba, Felipe Gorriti, Pablo Sarasate eta Arturo Campionen funts musikalei buruzko deskribapen-fitxak tarteko. Informazio hau MAENA-Musika esparruaren barnean eskuratzen ahalko da.

Ondoren, beste funts dokumental batzuk sartuko dira bilatzaile horretan, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko teknikariek dagokien tratamendu artxibistikoa osatu ahala.

Webgunearen aurkezpena Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko ekitaldi aretoan eginen da 12:30etan, eta interesdun guztiendako irekita egonen da. Streaming bidez ere jarraitzen ahalko da www.amaen.es webgunean, “Multimedia – Zuzeneko emankizunak” atalaren bitartez.

TRANSports erakusketa

Halaber, ostegunean, ekainak 6, 12:00etan, “TRANSports. Garraiorik kirolera” erakusketa ibiltaria inauguratuko da. Artxiboen eta Ondare Dokumentalaren Zerbitzuak bultzaturiko ekimen honetarako, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak lankidetzan jardun du Nafarroako Foru Komunitatearen ondoko Pirinioez bi aldeetako zenbait lurraldetako artxibo historikoekin; hala nola, Huescako Probintziako Artxibo Historikoa, Huescako Diputazioaren Artxiboa eta Huescako Fototeka, Gipuzkoako Artxibo Nagusia eta Archives Départamentales des Pyrenées Atlantiques (Paue, Frantzia).

Artxibo horietako teknikarien laguntzaz, zenbait garraiobidek XIX. eta XX. mendeen artean kirol jarduera bihurtu arte izandako bilakaerari buruzko erakusketa prestatu da. Eraldaketa horren jatorriak dira giza-trakzioa, animalia-trakzioa eta geroko trakzio mekanikoa, eta horien bilakaeraren ondorioz, erakusketan bildutako zortzi kirol hauek sortu ziren: atletismoa, mendizaletasuna, arraunketa, eskia, txirrindularitza, hipika, automobilismoa eta abiazioa.

TRANSports erakusketa aipatutako kirolei buruzko zortzi informazio-panelek osatzen dute. Horietan, kirola bakoitzaren sorrerari buruzko zertzeladak eta lurraldez lurralde izandako bilakaeraren alderdirik nabarmenenak bildu dira, aipaturiko artxiboetako dokumentazioaren bitartez. Erakusketa osatzeko, XX. mende hasierako 3 ikusentzunezkotan, eskiak, mendizaletasunak eta abiazioak Baiona eta Paue aldean emandako lehendabiziko urratsak izanen dira ikusgai Pirinio Atlantikoetako Departamentuko Artxiboen eskutik, eta hiru beira-arasatan, mendizaletasuna, txirrindularitza eta automobilismoari buruzko Nafarroako zenbait agiriren kopiak ikusten ahalko dira.

Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak erakusketaren edukiak biltzen dituen 44 orrialdeko liburuxka jarriko du salgai.

Bisita gidatuak

Ostiralean, ekainak 7, ate irekien eguna eginen da, publiko guztiendako gaztelaniazko zein euskarazko bisita gidatuen bitartez. Bisitak 12:00etan eta 17:00etan eginen da, artxiboko teknikarien eskutik.

Horietan parte hartu nahi dutenek Artxiboko sarreran egon beharko dute (Maiatzaren Bia kalea, z/g, Iruñea) bisitak hasi baino bost minutu lehenago. 17:00etako bisita gidaturako, 848 42 46 67 telefonoan izena eman beharko da, 09:00etatik 14:00etara bitartean.

Ibilbidean zehar, bertaratutakoek Rafael Moneok diseinaturiko eraikina ezagutzen ahalko dute, baita Nafarroako errege-erreginen jauregi gisa duen jatorria, egungo betekizunak, eguneroko artxibo-jarduna eta agiriak zaharberritzeko lanak ere.

Kontzertua

Azkenik, hilaren 7an bertan, jardueren asteari bukaera emateko, “Antzinako Musika Espainiarra” kontzertua eginen da Ricardo Visusen Lagunen lankidetzaz eta Alicia Griffiths harpa-jotzailearen eta Dorota Grzeskowiak sopranoaren parte-hartzeaz. Errepertorioak XVI. eta XVIII. mendeen arteko partiturak, musika herrikoia, gabon kantak eta doinu sefardiak bildu ditu, besteak beste.

Kontzertua 19:00etan hasiko da Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko ekitaldi aretoan eta sarrera librea eta doakoa izanen da, baina lekua mugatua denez gero, beharrezkoa izanen da gonbidapenak aldez aurretik jasotzea Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren sarreran, ostiralean bertan, 17:30etatik aurrera.

Kontzertua zuzen-zuzenean ikusten ahalko streaming bidez www.amaen.es webgunean, “Multimedia – Zuzeneko emakizunak” atalaren bitartez. Orrialdea kontzertuaren aurretik abiaraziko da.

Zalantzak argitu eta iradokizunak egiteko telefono honetara deitzen ahalko da: 848 42 46 67.

Bideoak

Nafarroako Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboko (AMAEN) web-orriaren aurkezpena
03/06/2019

Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren Areto Nagusia

Zerrendara itzuli