Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak (AGN), martxoaren 20tik 22ra bitarte, Musika Dokumentazioko Espainiako Elkartearen (AEDOM) urteko batzar nagusia hartu zuen, baita batzordeen barne-bilera gehienak ere. Ekitaldia antolatzeko eta ospatzeko, Nafarroako Orkestra Sinfonikoa-Baluarte Fundazioa, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioa-Musikologia Departamentua eta Iruñeko Udala izan zituen laguntzaile gisa.
Elkarte honek artxiboen, liburutegien eta musika-dokumentazioko zentroen berezko funtzioetan interesa duten pertsona eta erakunde guztiak biltzen ditu, bai eta musikako dokumentu-ondarea babesteko eta hari balioa emateko lan egiten dutenak ere. Elkarte honen helburuen artean, ondorengoak aurkitzen dira: musikan aritzen diren edo musika materialak dituzten erakundeen jarduerak sustatzea eta alor horietako pertsona eta erakundeen arteko lankidetza indartzea, jarduera horien guztien hedapena sustatzea eta musika entitate horien garrantzi kultural eta soziala hobeto ulertzen saiatzea. Gaur egun, 125 kide ditu guztira, horietatik 71 instituzionalak eta 54 pertsonalak dira. Nafarroako Errege Artxibo Nagusia AEDOMeko bazkide instituzional gisa sartu zen 2018an, Nafarroako Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboa programa abian jarri ondoren.
Batzarraren jardueren programa martxoaren 20an, ostegun arratsaldean, Nafarroako Artxiboko ekitaldi aretoan, Orkestra Sinfonikoen Artxiboen Batzordeko kideen harrerarekin batera hasi zen. Asanblea hori ostiralera arte, hilak 21, luzatu zen, goizeko eta arratsaldeko saioak eginez. Osteguneko programazioari amaiera emateko, bertaratutakoek Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren “Luces y sombras” izenburupeko 8. abonu-kontzertura joateko aukera izan zuten, Baluarte Auditorioko areto nagusian.
Martxoaren 21ean, ostirala, AEDOMeko gainerako lan-batzordeen barne-bilerak egin ziren: Soinu Artxiboen Batzordearenak eta Musika Artxiboen Batzordearenak, AGNren egoitzan, eta Kontserbatorioetako Liburutegien eta Musika Ikastegietako Batzordearenak, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren egoitzan. Bileren amaieran, arratsaldean, Nafarroako Artxiboan bertan, Iruñeko Ganbara Abesbatzaren kontzertu bat eskaini zen, David Gálvez Pintadoren zuzendaritzapean, artxiboetan –bereziki Nafarroako Artxiboan– kontserbatutako obren programa batekin, eta Nafarroako sustraiei buruzko beste batzuekin ere bai.
Azkenik, martxoaren 22an, larunbat goizean, AEDOMeko bazkideen Batzar Nagusia egin zen Nafarroako Artxiboko areto nagusian, zeinetan Zuzendaritza Batzordearen berritzea bozkatu baitzen. Jardueren egitaraua arratsaldean amaitu zen, Iruñeko alde zaharrera egindako bisita turistiko gidatuarekin.