es | eu | en | fr

Faro-Bueno familiak "Retablo de Figurillas" titiriteroen konpainiako funtsa dohaintzan eman dio Nafarroako Artxiboari

2019/11/29
Faro-Bueno familiak
Dohaintzan emandako txotxongiloen lagina

Nafarroako Gobernuak dohaintzan jaso du Faro-Bueno familiaren "Retablo de Figurillas" titiriteroen konpainarien funtsa. Nafarroako Errege Artxibo Nagusian gordeko dira dokumentuak eta 385 txotxongilo eta eskenatokiko bestelako objektuak, foru Exukutiboak aldi baterako utziak, Tolosako TOPIC Txotxongiloen Nazioarteko Zentroan izango dira.

Rebeca Esnaola Kultura eta Kirol sailburua izan zen atzo osteguna, azaroak 28, funtsaren aurkezpen ekitaldian, Ana Bueno emailearekin batera. Ekitaldian Idoya Otegui Tolosako Txotxongiloaren Nazioarteko Zentroko zuzendariak eta Joaquim Llansó Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuko zuzendariak ere parte hartu dute.

Artxiboan gordeko den zatiak, Juan Faroren dokumentu pertsonalak barne hartzen ditu, "Retablo de Figurillas" konpainiarekin lotutakoak. Horien artean, nabarmentzekoak dira antzerki-lanen testuak, bai sortzailearen portugaldar garaiari dagozkionak, bai konpainiarentzat berarentzat idatzitakoak, baita karikaturadun pertsonaien eta tresneriaren regletak, marrazkiak eta eskemak ere.

Juan Faroren dokumentu pertsonalak ere dohaintzan eman dira, marrazkilari gisa zuen alderdiarekin lotutakoak, berak idatzitako txotxongiloei buruzko eskuliburuak, koaderno autobiografikoekin batera. Dohaintzan sartzen dira "Retablo de Figurillas" konpainiari buruzko dokumentuak: dokumentazio-administratiboa, fundazio-akta, jardueren koadernoa, datak eta tokiak adierazita; eta txotxongiloen inguruko liburuak, horien artean Juan Faro y Ana Bueno: Retablo de Figurillas izeneko monografia, Juan José eta Pilar seme-alabek 2013an egina, eskulanak, txotxongiloen musika-hezkuntza eta didaktika, halaber, kartelak, egitarauak, argazkiak eta kasseteko zintak eta bideoak.

Aldi baterako lagapena Tolosako Txotxongiloen Nazioarteko Zentroan

Txotxongilo eta bestelako objektu eszenografikoen multzoa, Faro-Bueno funtsaren zati banaezin gisa, gorde, zabaldu eta aldi baterako lagapen erregimenean erakutsiko du Nafarroako Gobernuak Tolosako TOPIC-Txotxongiloaren Nazioarteko Zentroari, beste lau urtez luza daitekeen aldi baterako. Lagatako objektuek, txotxongiloez gain, Juan Farok eraikitako dekoratuak, gazteluak (horien artean, 1995eko "Retablillo de Navidad" altzaria nabarmentzen da) eta askotariko tresneria dituzte.

Hitzarmenaren arabera, aldi baterako erakusketa bat sortzea aurreikusten da, Kulturako Zuzendaritza Nagusiarekin – Vianako Printzea erakundearekin batera, eta katalogo egokia argitaratuko da Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren kontura.

Esan beharra dago TOPIC ibilbide luzeko erakundea dela, eta nazioartean mundu osotik datozen txotxongiloen kontserbazioan eta balioan espezializatutako erreferentea. Aldi baterako lagapen-hitzarmenaren sinaduraren bidez, Nafarroako Gobernuak bermatu nahi du, hitzarmenak ezarritako epean zehar, Faro – Bueno funtsa herritar guztien eskura egongo dela, txotxongiloak eta objektu eszenikoak zabaltzeko eta erakusteko helburu argiarekin, eta ikerketa zientifikoa sustatuko duela.

Dohaintza akordioa

Dohaintza egiteko erabakiaren arabera, dohaintza-emaileak, jabetza intelektualeko eskubideen eta obren ustiapen-eskubideen titularra den aldetik, erreprodukziorako eta komunikazio publikorako eskubideak lagatzen ditu modu ez-esklusiboan, Jabetza Intelektualari buruzko indarreko araudiarekin bat etorriz, jendearen eskura jarri ahal izan daitezen.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak konpromiso hauek hartzen ditu: dohaintzan emandako dokumentuen zaintza, kontserbazioa, kontsulta eta erreprodukzioa bermatzea, egilearen eskubide moralak errespetatzea, funtsaren artxibo-tratamendua egitea eta herritarren esku jartzea, eta digitalizazio-proiektu bat hastea Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren bulegoetan.

Juan Faro eta Ana Bueno, txotxongiloen senar-emazte zale amorratua

Juan Farok (Lisboan jaioa) eta Ana Buenok (Iruñekoa) sortu zuten “Retablo de Figurillas” familia-konpainia.

Juan Farok Lisboako Musika Akademia Amateurrean ikasi zuen. 1952an lehen txotxongilo emanaldiak egin zituen bere auzoko Centro Social da Bempostinha zentroan, eta geroago Fernando Passos antzerkigilearekin kolaboratu zuen. Ana Buenok, berriz, piano eskolak jaso zituen Iruñeko Musika Akademian, eta 12 urte zituenetik hasi zen Maria Inmaculada ikastetxeko taldearekin antzerkia egiten.

Juan Faro eta Ana Bueno Portugalera joan ziren, non Juan Faro Musika Hastapeneko irakaslea zen, eta biek batera lan egin zuten txotxongiloekin emanaldi didaktikoetan. 1970ean Iruñera itzuli ziren, eta 1981ean, Pilar eta Juanjo seme-alabekin batera, "Retablo de Figurillas" taldea sortu zuten, Nafarroan sortu zen txotxongiloen lehen antzerki taldea, zeinarekin muntaia ugari egin zituzten. Juan Faro izan zen bere zuzendaria, antzeztutako lanen egilea, panpinen sortzailea eta interpretea; Ana Bueno, berriz, eszenografiaz eta interpretazioaz arduratu zen, konpainiaren harreman publikoez baliatzeaz gain.

Euren ibilbide artistikoan zehar, Portugal, Espainia edo Frantziako hainbat tokitan eta nazioarteko jaialditan obrak antzeztu zituzten. Barañaingo Nazioarteko Titere eta Txotxongilo Jaialdiaren bultzatzaile izan ziren; zeinek joan den maiatzean 25. urteurrena ospatu zuen, eta 2001ean omenaldia jaso zuten horregatik.

Txotxongiloen balioa tresna pedagogiko gisa

Txotxongiloaren mundura hurbiltzeak, Faro-Bueno funtsaren dohaintzaren ondorioz, Nafarroako Artxiboari erakutsi zion zer ahalmen zuen antzezpen-bitarteko horrek Nafarroako historiaren hainbat pasarte haurren artean zabaltzeko. Horregatik, Artxiboak “Titiristoria-Txotxongistoria” zikloa antolatu du abenduaren 23, 26 eta 27an, euskarazko (11:00) eta gaztelaniazko (12:00) emanaldiekin.

Lehen edizio honetan, Toda erreginaren figura eta haren biloba den Sancho el Craso sendatzeko Kordobara egindako bidaia izango dira hizpide. Ventura Ruiz-ek idatzi du libretoa, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren enkarguz eta ikuskaritzapean.

Laster web honen agendan argitaratuko da emanaldiei buruzko informazio zehatza.

Zerrendara itzuli