es | eu | en | fr

Federación de Coros de Navarra / Nafarroako Abesbatzen Elkartearekin sinatutako hitzarmena

2018/09/18
Federación de Coros de Navarra / Nafarroako Abesbatzen Elkartearekin sinatutako hitzarmena

Datorren ostiralean, irailak 21, goizeko 11: 30etan Kultura, Kirol eta Gazteria Sailaren eta Federación de Coros de Navarra/Nafarroako Abesbatzen Elkartearen (FCNAE) artean sinatutako hitzarmenaren aurkezpena burutuko da, Abesbatzak sortutako dokumentu ondarea kontserbatzeko Nafarroako Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboan.

Nafarroako Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboak Nafarroako Errege Artxibo Nagusian kontserbatutako dokumentu funtsak biltzen ditu. Hauek Nafarroari lotuta dauden pertsonaiek eta erakundeek bultzatu egin dituzte. Nafarroako Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboa Kultura, Kirol eta Gazteriako Departamentuak 2017ko ekainean bultzaturiko ekimena da, arriskuan dagoen izaera bereziko nafar ondare dokumentala berme osoz zaindu, antolatu, zabaldu eta aitortzea xede duena.

Nafarroako Abesbatza Federazioa helduen 68 abesbatzari eta haurren 7 abesbatzari lotutako 5.000 pertsona inguru biltzen dituen erakundea da, eta 30 urteko ibilbidean, bikaintasunaren mesedeko orientazio argia duen kolektiboa dela frogatu du.

Zehatzago esanda, hitzarmen honen sinaketaz, erakundeek elkarren arteko interesa adierazi dute, konposizio eta interpretazio koralaren bitartez kantu eta musikarekiko maitasuna bistaratzen duten testigantza dokumentalak zaindu, zabaldu eta herritarrei ezagutzera emateko. Abesbatzak bere alderdi askotan sortutako ondare dokumentala izango da akordioaren gaia: nafar musikarien partiturak –bereziki estreinaldiak–, kartelak, esku-programak, abesbatzen jarduera-memoriak, diskografia, argazkiak, egindako jardunaldiak edo topaketak. Dokumentu horiek guztiak Nafarroako Errege Artxibo Nagusian kontserbatuko dira, ondorengo belaunaldiei igorri beharreko ondare gisa.

Testuan bildutako ekintzak bi fasetan garatuko direla aurreikusi da: lehenengo fasean, abesbatzek artxiboetan gordeta dauzkaten jarduerari buruzko dokumentu eta grabazioen berri emango diote federazioari, azken honen eta Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren ordezkariek baloratu eta erregistra ditzaten. Bigarren fasean, abesbatzek ontzat jo diren dokumentuak eta grabazioak igorriko dizkiote federazioari, jatorrizkoak nahiz digitalizatuak. Nondik hartu diren adieraziz, dokumentuak Nafarroako Artxibora eramango dira, era koordinatuan.

Hitzarmenaren egun berean, 19:00etan, Abesbatzen Federazioaren ekimenez, Zangozako Nora Abesbatzaren emanaldia izango da Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko Ekitaldi Aretoan, Bruno Jiménezen zuzendaritzapean.

Programan, sortzezko zein bizimoldezko azken lau mendeetako zangozar musikarien lanak izanen dira entzungai. Hasteko, Nafarroatik kanpoko katedraletan lanean ibili eta XVIII. eta XIX. mendeetako eliz-musikako doinurik interesgarrienetako batzuk landu zituzten Juan Frances de Iribarren eta Buenaventura Iñiguezen piezak interpretatuko dituzte. Nafarroako euskal folkloreak ere berezko lekua izanen du Parisen ikasitako Genaro Vallejos piano-jotzaile handiaren eta Luis Eleizalde misiolari klaretarraren eskutik. Programa ixteko, Nora Abesbatza sortu zuen Fermin Iriarteren Herria eta hizkuntza eskainiko da. Saioan, Inés Hualde, Elena Oyaga, Álvaro Blasco, Fernando Otano eta Alberto Jiménez bakarlariek parte hartuko dute, pianoan Nuria Abadiak lagunduta.

Proposatutako programa honen bitartez, duela 50 urte, Nora Abesbatza sortu zenean, lortu nahi zituzten helburuak bildu nahi izan dira: garai eta estilo guztietako musika korala ezagutzea eta nafar konpositoreak ikertu eta ezagutzera ematea, bereziki zangozarrak.

Emanaldia publiko guztiari irekitakoa da eta sarrera librea eta doakoa izango da aforoa bete arte.

Egitaraua:

Nora Abesbatza-Nafarroako Abesbatzen Elkartearekin sinatutako hitzarmena

Bideoak

Abesbatza zikloa Nafarroan: Zangotzako Nora Abesbatza
21/09/2018

Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren Areto Nagusia (Iruñea) - 19ean

Zerrendara itzuli