Fernando Remacha tuterar konpositorearen Jesucristo en la Cruz lana Nafarroako Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboko (AMAEN) Nafar Fonotekan —Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak bultzatutako programa— txertatu da gaur. XX. mendeko nafar musika-ondarearen obra garrantzitsu hau jendearen esku dago dagoeneko, doan, (https://www.amaen.es/eu/nafar-fonoteka) webgunearen bidez.
Jesucristo en la Cruz obraren grabazioa beste mugarri bat da Baluarte Fundazioaren eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren, Iruñeko Ganbara Abesbatzaren eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren arteko lankidetzan, nafar musika-ondarearen obra adierazgarrienak pixkanaka-pixkanaka zabaltzera bideratua, Nafar Fonotekan argitaratuz. Gaur egun, jatorri nafarreko ehun konposizio baino gehiago daude, XVII. mendetik gaur egun arte mp3 formatuan modu unibertsalki eskuragarri.
2025eko otsailaren 26an egindako grabazioaren interpreteak honako hauek izan ziren: Nafarroako Orkestra Sinfonikoa (OSN) eta Iruñeko Ganbara Abesbatza, Perry Sok eta David Gálvez Pintadoren zuzendaritzapean, hurrenez hurren. Bakarlari lanetan Andrea Jiménez soprano iruindarra, Leticia Vergara mezzosopranoa, Gillen Munguía tenorea eta Iosu Yeregui baxua aritu ziren. Aste horretan OSNren 24-25 Denboraldiko bi kontzertutan interpretatu zen lana, Baluarte Auditorioan (Iruñea) eta Gaztambide Antzokian (Tutera).
Remacha, bere garaia baino aurrerago zihoana
Fernando Remachak bere jaioterrian hasi zituen biolin ikasketak eta, ondoren, Iruñean, Felipe Aramendíarekin jarraitu zituen. Madrilen José del Hierrorekin biolin ikasketak egin zituen eta Conrado del Camporekin konposizio ikasketak. 1923an San Fernandoko Arte Ederren Akademiaren Erromako Saria lortu ondoren, Italiara joan zen, non Gian Francesco Malipierorekin ikasi zuen.
1928an Madrilera itzuli zen, non "Grupo de los Ocho" delakoan sartu zen, 27ko Belaunaldiko musikari adierazgarrienetariko bat bilakatuz. Cuarteto con piano (1932) lanarekin Musikako Sari Nazionala jaso zuen eta zinemarako lan egindako lehen konpositore espainiarretako bat izan zen. Espainiako Gerra Zibila eta gero, Fernando Remacha Tuterara itzuli zen, eta ia berrogeita hamarreko hamarkadara arte utzi zuen konposizioa. Ondoren, Iruñeko Pablo Sarasate Kontserbatorioko zuzendaria izan zen eta baita Lizarrako Antzinako Musikaren Astearen sustatzailea ere. 1980an, berriz ere, Musikako Sari Nazionala jaso zuen.
Nahiz eta ekoizpen handirik ez izan, Remacha XX. mendeko musikari espainiar nagusietako bat da. Bere lehen lanetan Igor Stravinsky, Manuel de Falla eta Malipieroren nolabaiteko eragina aurkitzen da, nahiz eta independentzia estilistiko bat erakusten duen, non espainiar esentziari uko egin gabe, nazionalismo epidermikotik aldentzen den.
XVI. mendeko polifoniaren eta XX. mendeko estetikaren artean
Orkestra, abesbatza eta bakarlarientzat konposatutako Jesucristo en la Cruz kantata 1964an estreinatu zen Cuencako Musika Erlijiosoaren Astean, non Tomás Luis de Victoria saria eskuratu zuen. Francisco Asenjo Barbieriren Cancionero de Palacio izeneko testu anonimoetan oinarrituta, partitura hau konpositorearen heldutasuneko lanen artean kokatzen da, Concierto para guitarra y orquesta (1956) edo La bajada del Ángel (1973) bezalako tituluekin batera, bere katalogoaren barruan funtsezko multzoa osatuz.
Obra honek XVI. mendeko espainiar polifoniaren elementuak biltzen ditu, Tomás Luis de Victoria edo Francisco Guerrero bezalako konpositoreen ildotik, XX. mendeko estetikaren baliabide propioak ere erabiliz. Emaitza tamaina handiko eta adierazkortasun handiko partitura da, une batzuetan atonaltasunera hurbiltzen den lengoaian kokatua. Hartara, kantata introspektiba sakoneko obra gisa eratzen da, zeina zenbait pasartetan, testuaren dramatismoa ekartzen baituen gogora indar ia fisiko batez.
Jesucristo en la Cruz pasioari heltzen dioten sei mugimendutan egituratzen da: “Tierra y cielos”, “¡Oh mancilla inestimable!”, “Pues es muerto el Rey del Cielo”, “Está la Reina del Cielo”, “Di, ¿por qué mueres en Cruz?” eta “Tú quisiste recibir”.
Legatuaren babesa
Nafarroako Gobernuak 1988an erosi zion Rafaela González Fierro alargunari Fernando Remacharen musika-artxiboa. Artxiboak 1986an Margarita Remachak, konpositorearen alabak, eta Antonio Baciero musikariak egindako inbentarioa zuen.
Hasieran Nafarroako Liburutegian gordailatu ondoren, 2017an Nafarroako Errege Artxibo Nagusira eraman zuten, tratamendu artxibistikoa egiteko eta behin betiko kontserbazioa bermatzeko. Eskuratze-prozesua 2020an osatu zen, Margarita Remachak konpositorearen artxibo pertsonaleko dokumentu multzo bat dohaintzan emanda.