es | eu | en | fr

Iruñeko Ganbara Abesbatzaren dohaintza

2019/05/06
Iruñeko Ganbara Abesbatzaren dohaintza
Logotipo de la Agrupación

Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak dohaintzan jaso du Iruñeko Ganbera Abesbatzaren funts dokumentala, Nafarroako Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboan sartzeko xedez. Funtsak abesbatzaren 73 urteko jarduerari loturiko administrazio arloko dokumentazioa, partiturak, argazkiak eta kartelak bildu ditu.

Ekitaldiaren aurkezpenean parte hartu du Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilari Ana Herrerak, abesbatzaren ibilbide luze eta emankorra eta Nafarroako kulturari eta gizarteari egindako ekarpen handia nabarmentzeko. Harekin batera izan dira Abesbatzako lehendakariorde Celia Poza eta Artxiboen eta Ondare Dokumentalaren Zerbitzuko zuzendari Joaquim Llansó.

Dohaintza

Iruñeko Ganbera Abesbatzak dohaintzan emandako artxiboa zenbait ataletan banatuta dago:

- Musika notatuaren atala, edozein motatako partituren (eskuz idatzitakoak, inprimatuak nahiz digitalak) berariazko tipología dokumentala ardatz duena.

- Atal historiko eta administratiboa, Abesbatzaren jardueraren hasieraz geroko administrazio eta kudeaketa arloetako dokumentazioa eta dokumentazio historikoa biltzen dituena: akta-liburuak, gutunak, kontabilitatea, bazkideei buruzko dokumentazioa, memoria artistikoak eta Ohorezko Liburuak, baita konposizio lehiaketari buruzkoa eta disketxekiko kontratuak ere.

- Hemerotekaren atala, aldizkako argitalpenak eta prensa-dossierrak barne dituena.

- Argazkien atala, Abesbatzaren berezko jardueretatik sorturiko irudiak eta erretratu

  bilduma biltzen dituena.

- Dokumentu grafikoen atala, programak nahiz kartelak biltzen dituena.

- Soinu dokumentuen atala, diskoen bilduma barne hartuz.

- Abesbatzaren jabetzako bestelako objektuak, garaikurrak, dominak nahiz eskulturak

   barne hartuz, baita jardueran erabilitako lanabesak ere.

Dohaintza-emaileek, dohaintzan emandako lanen jabetza intelektualaren eta horien ustiapen-eskubideen titularrak diren heinean, jendaurreko berregite eta komunikazio eskubideen esklusibotasunik gabeko zesioa egin dute Jabetza Intelektualari buruzko Legearen arabera, jendearen eskura jarri ahal daitezen.

Bestetik, Administrazioak bere gain hartu du dohaintzan emandako dokumentuen kontsulta eta kopia bermatzeko konpromisoa, hala dagokienean, baita egilearen eskubide moralak errespetatzeko eta dokumentuen jatorria aitortzeko konpromisoa ere, dohaintzan emandako ondasunen erabilpen publikoetan egilea zein den zehaztuz. Horrez gain, musika funtsaren artxibo barneko tratamendua egiteko eta herritarren eskura jartzeko konpromisoa hartu du, baita dokumentazioa digitalizatzeko proiektua bideratzeko konpromisoa ere, kalitate handiko kopiak sortzeko xedez.

Abesbatzaren ibilbidea

Iruñeko Ganbera Abesbatza 1946ko azaroan sortu zen Luis Morondoren helbidean, hamabi kantari zituela, XV., XVI. eta XVII. mendeetako polifonia interpretatzeko xedez, Iruñeko Orfeoian errotu ez zen ekimena osatuz. Zenbait aste geroago, abenduaren 11n, jendaurreko lehendabiziko agerraldia egin zuen Coliseo Olimpian, Santa Zeziliaren Orkestraren zikloko kontzertu baten bidez, erabateko arrakasta lortu zuelarik.

1947an, Abesbatzak Nafarroatik kanpo kantatzeari ekin zion, Logroñon eta Donostian, alegia, eta bost urteko epean, mundu osoko kontzertu-areto nagusietan kantatzen hasi zen, bereziki Lilleko Nazioarteko Abesbatza Lehiaketan 1950eko maiatzean lortutako Sari Nagusiari esker eta Frantziako Royaumont Abadiako Nazioarteko Musika Asteetan izandako parte-hartzeari esker. Kritikaren txaloak jaso zituzten Frantzian, Ingalaterran, Alemanian, Argentinan (Colon Antzoki arras ezagunean kantatu zuen), Estatu Batuetan, SESBen, Israelen, Argelian eta beste hainbat herrialdetan eskainitako kantaldiek, baita Palau de la Música Catalana delakoan, Madrilgo Errege Antzokian eta Espainiako beste leku batzuetan eskainitako kontzertuek ere. Gainera, nazioarteko jaialdirik ospetsuenetan parte hartu zuen, eta jarduera honetan jarraitu du gaurdaino.

Luis Morondo eta Fernando Remacharen arteko adiskidatzaren ondorioz, tuterako musikagileak zenbait lan konposatu zituen Abesbatzarako: Copla de Jota, Cantantibus Organis, Juegos edota Llanto por Ignacio Sánchez Mejías. Salvador Bacarissek ere hainbat lan idatzi zituen Abesbatzarako; hala nola, Ojos claros, serenos edo El caballero de Olmedo. Gauza bera egin zuten 27ko belaunaldiko beste autore batzuek ere. Hauen artekoak ditugu erbestean bizi ziren Julián Bautista eta Eduardo Grau eta ospe handi-handia lortu zuten Oscar Esplá eta Joaquín Rodrigo. Hauei gehitu behar zaizkie Paul Arma hungariarra eta Henry Sauguet frantziarra. 70eko hamarkadan, Abesbatzak Espainian estreinatu zuen Tomás Marcoren Transfiguración eta Agustín González Acilu altsasuarraren Arrano Beltza, eta 80ko hamarkadaren bukaeran, azken horren Izena ur izana lanaren erabateko estreinaldia egin zuen.

Luis Morondo 1983ko urtarrilean hil ondoren, zuzendaritzaz arduratu ziren José Luis Eslava, Abesbatzaren jatorrizko izaerari eutsiz; Máximo Olóriz (1994an), aurreko interpretazio-estiloa aldarazi zuten ahots gazteak txertatuz; Koldo Pastor (1998), musikarik abangoardistena errepertorioaren ardatz gisa sartuz (Koldo Pastor, Carlos Etxeberria, Vicent Egea, Carles Guinovart, Iruñeako Taldea eta beste hainbaten lanak tarteko); Pello Ruiz (2001ean) eta David Guindano (2004an), antzinako musikan sakonduz, Abesbatzaren barnean Nova Lux Ensemble abesbatza profesional espezializatua sortuz eta sorkuntza sustatzea xede duen Lehen Luis Morondo Konposizio Lehiaketa abian jarriz. 2008tik aurrera, zuzendaritza artistikoaz arduratu dira Jesús Echeverría, Sergi Moreno-Lasalle eta Josep Cabré, harik eta 2013an David Gálvezek karguaz jabetu eta Morondo, Eslava eta Koldo Pastorren ildora itzultzea erabaki zuen arte, errepertorioa estreinaldi berriekin handituz, Abesbatza egungo musika merkatuan sartzeko.

Ibilbide emankor honetan, Abesbatzak garrantzi handiko aintzatespenak lortu ditu; hala nola, Lille Hiriaren Urrezko Domina (1950), San Nicolás Hiriaren (Argentina) Urrezko Domina (1951) eta Vincennes Hiriaren Urrezko Domina (1955), baita Meritu Zibilaren Ordenaren Golardoa (1955), Europako Dokumentazio Zentroaren “Europa 1994” Saria (1994), EiTBren Iparragirre Saria (1996), Laneko Merituaren Urrezko Domina (2005) eta Kulturaren Vianako Printzea Saria (2018) ere.

Zerrendara itzuli