es | eu | en | fr

Joaquín Larreglaren (1865-1945) heriotzaren 75. urteurrena

2020/06/08
Joaquín Larreglaren (1865-1945) heriotzaren 75. urteurrena

Joaquin Larregla (Irunberri, 1865 – Madril, 1945) konpositore eta piano-jotzailea hil zela 75 urte bete direnean, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak, berari eskainiko dio “Oroitzapenak” zikloaren barruan, ekaineko mikroerakusketa. Erakusketak erretratuak, argazkiak, bere lanik ezagunenen partiturak eta bere bizitzari buruzko hainbat dokumentu bilduko ditu.

Larreglaren (1865-1945) heriotzaren 75. urteurrena izeneko mikroerakusketa formatu txikiko erakusketa da, sarbide librekoa eta doakoa, eta ekainean zehar egongo da zabalik, egunero, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, Nafarroako Artxiboko beheko galerian.

Nafarroako Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboa programako funtsen ekarpenari esker antolatu ahal izan da. Horren adibide dira Artearen Adiskideen funtsaren argazki-erretratu handi bat, Natalio Cayuelak bildutako bilduma diskografikotik ateratako jota duen arbelezko disko bat eta Siempre P’alante, Himno a San Francisco Xavier edo ¡Viva Navarra! bezalako partiturak, Iruñeko Orfeoiaren artxiboko funtsetakoak, Sivanio Cervantesenak eta Huarte Familiakoak.

Dokumentu horietako gehienak Nafarroako Errege Artxibo Nagusian gordetzen dira, jabeek dohaintzan emanda; Iruñeko Orfeoiaren artxiboak, berriz, gordailu-erregimenean.

Joaquín Larreglaren biografia

Joaquín Larregla 1865ean jaio zen Irunberrin. Txikitatik musikarekiko zaletasuna sentitu zuen, eta, horregatik, Iruñeko Bigarren Hezkuntzako Institutu Probintzialean egiten zebilen batxilergoko ikasketak eta Nafarroako hiriburuko Udal Musika Eskolako piano klaseak bateragarri egin zituen.

1881ean bere aita zenak Domingo Larreglak, semearen talentua ikusita eta Madrilgo Musika Kontserbatorio Nazionalean musika-ikasketak jarraitzeko aukera izan zezan, Nafarroako Foru Aldundi Probintzialera jo zuen diru-laguntza eskatzeko.  Aukera honetan publikoarentzat erakusgai dagoen eskaera-orrian, Domingo Larreglak dio bere semea, musikarekiko grina irmoa izateaz gain “-adimentsuen adierazpenaren arabera- bere semea benetako jenioa zela”.

Baieztapen hori babesteko eta, agian, semearenganako maitasunean bakarrik oinarritutako baieztapenaren zalantza horiek uxatzeko,  Iruñeko Udaleko Musika Eskolako zuzendari izandako Mauricio Garcíak eta  Santa Zezilia orkestrako zuzendaria izandako Joaquín Mayak emandako ziurtagiri bana aurkeztu zituen. Azken horrek ziurtagirian dio Joaquín Larreglak “musikarako antolaketa berezia duela erakutsi izan duela”.

Eskaera bideratu ondoren, Nafarroako Aldundiak Larreglari 2.000 errealeko pentsioa ematea erabaki zuen Madrilen ikasketak egiteko.

Larreglak laster hartu zuen ospe handia   interprete gisa, bai Espainia barruan, bai eta kanpoan ere. Era berean, behin eta berriz hartu zuen parte Iruñeko musika bizitzan, garai hartan Pablo Sarasatek eta Santa Zezilia Kontzertuen Elkarteak eta Iruñeko Orfeoiak biziki dinamizatuta.

Hain zuzen ere, Larreglak azken erakunde horrekin izan zuen lotura bereziaren ondorioz, konposizio bat eskaini nahi izan zion. Eusebio Blasco Soler poeta eta antzerkigilea arduratuko zen konposizioaren letraz. Larregla eta Blascoren ideia 1898ko San Ferminetarako obra prest edukitzea zen, Larreglak, Iruñeko Orfeoiko lehendakariari eskuz idatzi zion gutun batean azaltzen duen bezala- eta hau ere mikroerakusketan sartutakoa.

Lana ezin izan zuten garaiz amaitu, eta, azkenik, abesbatza eta orkestrarako jota nafar bat zen konposizio hura, hurrengo urtean argitaratu zen Siempre P’alante izenburuarekin.

Larreglak ere ospe handia hartuko zuen Himno a San Francisco Xavier egiletzagatik. Konposizio honekin, San Frantzisko Xabierkoaren jaiari musika- konposizio bat emateko Aldundiak antolatutako lehiaketa irabazi zuen.

Hala ere, seguru asko, Larregla maisuari bizitza osoan zehar eta hil ondoren ospe handiena emango liokeen obra ¡Viva Navarra! izango litzateke. 1895ean konposatutako jotak, izugarrizko ospea lortu zuen, gaur egun Espainiako musika klasikoaren ikusleek gehien ezagutzen duten piezetako bat izan arte. Partitura honekin amaitzen da, hain zuzen ere, musikari eta konpositore nafarraren heriotzaren 75. urteurrena ospatzeko erakusketa.

Zerrendara itzuli