es | eu | en | fr

Kasino Berriarekin Sinatutako Lankidetza-Hitzarmena

2019/02/13
Kasino Berriarekin Sinatutako Lankidetza-Hitzarmena
Fotografía de Julio Altadill datada hacia 1891, procedente del Fondo de la Comisión de Monumentos Históricos y Artísticos de Navarra, conservado en el AGN-NEAN.

Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak Iruñeko Kasino Berriaren ondare dokumentala eta bibliografikoa hedatzea bultzatuko du, Kulturako Zuzendari Nagusiak eta erakundearen Lehendakaritzak sinatutako lankidetza-hitzarmenaren arabera. Modu horretan, Nafarroako Artxiboak Nafarroako ondare dokumentala kontserbatzeko, hedatzeko eta horri balioa emateko erreferentzia-instituzio gisa duen lidergoarentzako babes berria jaso du.

Kasino Berriak, akordioa osatzeko, Pianistaren Liburuaren faksimile ale bat eman dio Nafarroako Artxiboari, liburutegi historikoan bildutako ondare-aberastasunaren adibide moduan.

Hitzarmenaren edukia

Hitzarmenaren bitartez, Kasino Berriaren liburutegi historikoaren katalogora telematikoki sartu ahal izango dute Nafarroako Artxiboaren erabiltzaileek; era berean, funts dokumentalen eta bibliografikoen gainean egindako argitalpen bakoitzaren alea entregatuko dio, Artxiboaren liburutegi espezializatuan sartzeko. Horrez gain, Kasino Berriko artxibo historikoan kontserbatutako funts dokumentalen antolamendu eta deskribapen artxibistikoak uzten duen neurrian, erakundeak Nafarroako Artxiboari osatzen duten dokumentuen inbentarioa emango dio, eta horren inguruko informazioa Nafarroako Artxiboen Erroldan gordeko da.

Orobat, hitzarmenak ondare dokumentala hedatzeko bestelako ekimenetarako lankidetza eskaintzen du; bereziki, biltzarrak, interpretazio musikalak eta argitalpenak.

Liburutegi historikoaren garrantzia

Kasino Berriak 1856. urtean ireki zituen ateak, Gaztelu plazan bertan, Teatro Principal eta Aldundiaren Jauregiaren ondoan, eta 1887. urtean egungo egoitzara aldatu zen. Bertan, aztarna kultural sendoko jarduerak egin ziren, eta garai hartako Iruñean erreferentea izan zen pintura, musika eta literatura bezalako espresioetan.

Bazkideek garaiko gertaera nagusiak ezagutzeko zuten interesak erakusten du hasieratik Kasino Berriak estatuko eta atzerriko egunkarien bilduma garrantzitsua egin zuela, egunero hogei bat titulu. Beranduago, aldizkariak eta bilduma egitekoak iritsi ziren, eta, jarraian, entziklopediak eta hiztegiak, hori guztia balio handikoa garaiari buruzko ikerketa egiteko, espainiar literaturako eta literatura unibertsaleko bitxiez gain (tartean nabarmentzekoa El Quijoteren lehen edizio tipografikoa). Aldizkarien artean, honako hauek aurkitzen dira: La Ilustración Española y Americana, La Ilustración Nacional, Gaceta Ilustrada, La España Moderna, Revue Des Deux Mondes, Mercure de France, Paris Match, Figaro Illustré, L’Illustration, Journal Universel, Le Genie Civil, La Esfera, The Studio, The Illustrated London News edo L’Illustrazione Italiana.

Liburutegiko bilduma gutxi gorabehera lau mila alek osatzen dute.

Pianistaren Liburua

Kasinoa sortu zenetik, musika egunero entzuten zen Musika Aretoan protagonista batekin: pianoa.

Lehen pianoa Ingalaterran erosi zuten kobrezko hamalau mila txanpon errealen truke, Kasinoa sortu eta handik zazpi urtera. Lehen piano-jotzaile bezala Lucio García ageri da. Bi urtera, oposaketa deitu zuten urteko bost mila errealeko esleipen ekonomikoarekin eta, erretirotik aurrera, eguneko kobrezko lau txanpon errealeko errentarekin. Carmelo Calvo izendatu zuten, eta pianoa jotzen aritu zen 1882. urtera arte. Pianoa zaintzeaz Joaquín Maya arduratzen zen.

1906. urtean, piano berria erosi zuten Parisen, Emilio Arrietak aholkatuta, 5.500 pezetaren truke. Gran Erard bat zen, isats handikoa, material nobleekin; egun oraindik aktibo jarraitzen du. Oposizio berri baten bidez, postua Santos Laspiurrek hartu zuen, Gorritiren ikasleak, piano-jotzaile eta musikologo handiak; Pianistaren Liburuko protagonistetariko bat ere bada.

Liburua pieza bikaina da, eta horren faksimilea Nafarroako Artxiboari eman diote. Bertan, ondorengoak jasotzen dira: pianistaren Erregelamendua, Zuzendaritza Batzordearen bileren aktak, artxiboan zaintzeko pianistak jasotako musika-piezen eta operen inbentarioak, piano solorako, harmonium solorako edo piano eta harmoniumerako, eta horien ordainagiriak pianista ezberdinek sinatuta. Agiri exentu batekin ixten da bolumena: plaza hutsaren iragarkia eta 1890eko apirilaren 15eko ariketen programa.

Zerrendara itzuli