es | eu | en | fr

Martin Zalba konpositorearen legatua

2019/02/11
Martin Zalba konpositorearen legatua
Martín Zalba en su estudio

Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak Martin Zalba konpositorearen (Iruña, 1958) funts profesional eta pertsonala jaso berri du, herritarren eskura jartze aldera Nafarroako Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboan.

Dohaintzan, konpositorearen beraren borondatez, artxibo osoa jaso da; beraz, etorkizunean ere legatu osoak bizirik jarraitzea ziurtatzeko lan berriak sartu ahal izango dira funtsaren barnean. Besteak beste, monografiak eta inprimaturiko musika-aleak aurkitzen dira, apunte, lan, ohar, partitura, korrespondentzia, argazki, programa, prentsa, kontratu, kartel eta gonbidapenez gain.

Aipamen berezia merezi du legatu digitalak (argitalpen, biografia, elkarrizketa, grabazio, programa, tutorial eta biltzar eta jardunaldietarako jakinarazpen ezberdinak) eta, are garrantzi handiagoa, musika zein argazki sormen osoa hartzen duten fitxategi informatikoek.

Dohaintza-akordioko zehaztapenen arabera, legatua kontserbatzeaz eta horren tratamendu teknikoa egiteaz arduratzeaz gain, Nafarroako Artxiboak konpromisoa hartuko du hori hedatzeko, jarduera kultural eta pedagogikoen bitartez, eta ikerketa zientifikoa bultzatzeko ere bai.

Konposizioa eta argazkigintza arte gisa

Martín Zalba Ibáñez-ek (Iruña, 1958) lan garrantzitsua egiten du konpositore eta argazkilari gisa, Nafarroako Kontserbatorio Nagusian pianista errepertorista eta Ganbera eta Errepertorioko musikako irakasle izatearekin batera.

Iruñeko Loiola Eskolanian hasi zen ikasten, lehenik haur kantari bezala, eta, gero, organo eta pianorako laguntzaile gisa talde horrek Espainian eta Europan egiten zituen emanaldietan. Horrela, Pueri Abeslarien Federazioko kide egin zen. Solfeo, Piano eta Konposizioko goi-ikasketak egin zituen Espainian eta Frantzian. Etapa horretan, Javier Sagüés jesuitaren eragina jasoko du, obra osoan zehar izango duena.

1983az geroztik, pianoko irakaslea izango da 1991. urtean Iruñeko Pablo Sarasate Kontserbatorio Nagusian sartzen den arte Analisi, Kontrapuntu-Fuga eta Konposizioko irakasle moduan; aldi berean, Euskal Herriko Goi Mailako Ikastegiko-Musikeneko irakasle lanetan ere arituko da.

Konpositore gisa, ganbera eta orkestrako genero ezberdinetako obrak estreinatuko ditu, eta horiek honako hauek bezalako argitaletxetan argitaratuko dira: Boileau, Alpuerto, Mundimúsica Ediciones, Ediciones Arlu, Real Musical, Grupo Editorial Telecinco, Arpista Ludovico eta Harposphére (Paris).

Haren sormen-lanei eskainitako estreinaldiak eta kontzertu monografikoak egin dira Europan eta Ipar eta Hego Amerikan, edota Espainiako jaialdi, musika garaikideko ziklo, fundazio eta sozietate filarmoniko ezberdinetan, eta Estatuko telebista ezberdinek eta RNEk eman dituzte.

Haren ganbera-obra gehiena Telecinco telebista-kateko Nocturnos programarako (2002 eta 2006 urte artean) eta RNErako ere grabatu da.

Haren lan garrantzitsuenen artean honako hauek aurkitzen dira: Stabat Mater, Suite Homenaje a J.S.Bach, Cantos del Camino, Suite para dos violoncellos, Quinteto Ludovico, Trío Viajes de Otoño edo Cuarteto de cuerda Impresiones de un viaje a Viena, eta bi CD monografikotan erregistratu dira. Grabazioak partekatu ditu Tomás Marco eta Teresa Borrasekin nahiz B3 Classic Live Hirukotearekin. Nabarmentzekoa da, baita ere, Ars Incognita Fundazioaren “A los cinco vientos” albumean parte hartu zuela (2003) Quinteto Azul lanarekin, Hilario Extremiana, Juan Carlos Pérez, Jesús Echeverría, Javier Jacinto edo Francisco García bezalako konpositoreekin batera. Haren musika-konposizio zabala helbide honetan aurki dezakegu:

https://soundcloud.com/martinzalba.

Martín Zalba bereziki berritzailea da argazkigintza musika-sormenean sartzeagatik. Argazkilari gisa, paisaien gaueko argazkiak egin ditu, argazki infragorria, natura hila eta makroa, paisaia oro har eta hiriko argazkiak. Argazki-sormenak Interneten ikus daitezke helbide honetan: https://1x.com/member/martinzalba y https://500px.com/martinzalba.

Konpositore bezala lortutako sarien artean, nabarmentzekoak dira "Global Music Awards" ospetsuek haren konposizio garrantzitsuenei emandako domina ezberdinak, tartean honako konposizio hauek: Elegy for Mary, Eastern melodies, In an imaginary country eta Epic Overture 2018an, eta horiei gehitu behar zaizkie honako hauen bidez aurretik lortutakoak: Clarinet & Piano Sonatine, In an imaginary country VIII (Flute Harp and Orchestra), II Mov Mediterranean Harp Concert edo Sonatina Cl & piano (I, II eta III).

Bideoak

Martín Zalba Ibáñez - Spot
10/01/2019

Zerrendara itzuli