es | eu | en | fr

Nafar Fonoteka sarrera librea duten nafar musika ondarearen 29 konposiziorekin jarri da martxan

2021/04/14
Nafar Fonoteka sarrera librea duten nafar musika ondarearen 29 konposiziorekin jarri da martxan
García Leoz-en Impromptu para arpa

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak eta Baluarte Fundazioak proiektu bat aurkeztu dute ostegun honetan. Nafarroako Foru Komunitateko musika-ondareko konpositore eta interprete nafar garrantzitsuen 29 lan grabatzen hasi dira, eta Nafarroako Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboaren webgunean dagoen Nafar Fonotekan sartzen ahalko da, libre eta dohain.

Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuko arduradunen ustez, “Gaur egungo Nafarroako musikaren panoraman proiekzio gehien duen lanetako bat da, bai musika-ondarea berreskuratzeko, kontserbatzeko eta zabaltzeko, bai konpositore eta interprete nagusiak ezagutarazteko”.

Musikaren legatuari eta memoriari dagokienez, azaldu dute grabazioak eskura jartzearekin “jauzi kualitatibo garrantzitsu bat gertatu egiten dela Nafar musika ezagutzeko eta ikertzeko”. “Esan daiteke ezen, bere tamaina eta helburuengatik, proiektua mugarria dela Espainiako fonografian”.

Lehen grabazio-errepertorioa Ignacio Apezteguía Vianako Printzea Kultur zuzendari nagusiak, Joaquín Llansó Artxiboen eta Ondare Dokumentalaren Zerbitzuko zuzendariak eta María Antonia Rodríguez Baluarte Fundazioko zuzendari kudeatzaileak aurkeztu dute.

“Kontu handiz hautatutako nafar konpositoreen lanak dira, XVII. mendetik gaur egun arte Nafarroan izan diren genero eta forma musikalen aniztasun zabalaren adierazgarri, non obra koral barrokoak eta konposizio sinfoniko berriak barne hartzen diren”.

Grabazioak Baluarten burutu ziren, 2020ko irailaren 14tik 25era.

Nafar Fonoteka

Grabazioak eskuragarri daude Nafarroako Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboaren web orrian, Nafar Fonoteka izeneko atal berezi batean. Lan bakoitzak dagokion lotura dauka, kalitate handiko mp3 formatuko erreprodukzioarekin.

Fonotekako informazioa lau hizkuntzatan agertzen da (gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez eta frantsesez). Bere egitura, mendeen eta konpositoreen araberako antolaketa bati dagokio, bere obraren ezaugarrien arabera izendatuak.

Indize orokor batek informazioa osatzen du, dauden esteken arteko nabigazioa errazteko eta eskura dauden grabazio guztien ikuspegi orokorra izateko.

Azkenik, grabazioaren estekarekin eta exekuzio-datarekin batera, konposizio bakoitzak egilearen biografia dauka, obraren sorreraren testuinguru zehatzera egokitua, bai eta grabazioan parte hartzen duten interpretatzaileena ere.

Iragana eta orainaldia uztartzea

Nafarroako musika-ondarearen grabazioen programari hasiera emateko, hemezortzi nafar konpositore ezagunen hogeita bederatzi lan hautatu dira: Bernardo de Peralta (1617an zendua), José de Cáseda (1660-1725), Simón de Araya (1676-1738), Fernando de Acuña (1690-1754), Andrés de Escaregui (1711-1773), Juan María Guelbenzu (1818-1886), Emilio Arrieta (1821-1894), Joaquín Gaztambide (1822-1870), Dámaso Zabalza (1835-1894), Felipe Gorriti (1839-1896), Buenaventura Íñiguez (1840-1902), Pablo Sarasate (1844-1908), Agustín Pérez Soriano (1846-1907), Joaquín Larregla (1865-1945), Emiliana de Zubeldía (1888-1987), Jesús García Leoz (1904-1953), Lorenzo Ondarra (1931-2012) eta Koldo Pastor.

Jorge Robaina eta Rinaldo Zhok (pianoa), Andrea Jiménez (sopranoa) edo Alicia Griffiths (harpa) bezalako interpreteek eta Manuel Hernández-Silvak zuzendutako Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren, Igor Ijurrak zuzentzen duen Iruñeko Orfeoiaren eta David Galvezek zuzentzen duen Iruñeko Ganbera Abesbatzaren mailako erakundeek egin dituzte grabazioak.

2021ean aurreikusitako grabazioak

Baluarte Fundazioak eta Nafarroako Artxiboak erabaki dute 2021erako Nafar musika-ondarearen grabazioen programarekin jarraitzea. Aurreikusitako programazioaren arabera, Jesús Echeverríak zuzendutako Nafarroako Orkestra Sinfonikoak Teresa Catalán-en El canto de Atenea (Baluarte Fundazioak konpositoreari egindako mandatuaren erabateko estreinaldia) eta Jesús Echeverría-ren Arravan. Fantasía para orquesta interpretatuko ditu.

Gainera, Nafarroako Orkestra Sinfonikoak berak eta Iruñeko Orfeoiak Lorenzo Ondarraren Tripticum lana (1931-2012) eta Valentín Ruizen Himno de Navarra interpretatuko dituzte.

Programan, halaber, José Castelen sei hari-hirukote (1737-1807) grabatuko dira, Nafarroako Orkestra Sinfonikoko harizko solisten eskutik, eta Emilio Arrietaren konposizioak (1821-1894), Sonia de Munk sopranoa eta Miguel Huertas piano-jotzaileen eskutik.

Zerrendara itzuli