Ostiral honetan Nafarroako Errege Artxibo Nagusian Agustín González Acilu konpositorearen (Altsasu, 1929ko otsailaren 18a – Madril, 2023ko abuztuaren 15a) funtsaren dohaintza aurkezteko ekitaldia egin da. Ekitaldia Rebeca Esnaola Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak zuzendu du, eta bertan parte hartu dute, halaber, María José González Ribotek, familiaren ordezkari gisa, eta David Gálvezek, Iruñeko Ganbera Abesbatzaren zuzendari eta konpositorearen obraren aditu nabarmenak.
Artxiboaren dohaintza haren alabek —Ana, Begoña eta María José González Ribotek— egin dute. Azken horrek prestatu zuen dokumentazioa Nafarroako Errege Artxibo Nagusira eramateko. Dokumentazioa 2025eko maiatzaren 21ean jaso zen, funtsaren lehen entregaren barruan.
Dokumentu-multzoak balio handia du. Guztira, paperezko dokumentuak dituzten 166 kutxa eta 264 argazki biltzen ditu, baita CD, DVD, soinu-disko, kasete, VHS eta bobina ugari ere. Funtsaren garrantzia dela eta, haren inbentario xehatua egitea beharrezkotzat jo zen; horregatik, dokumentazioa identifikatzeko, sailkatzeko eta antolatzeko lanek urtebeteko iraupena izan dute. Funtsa kontsultagai dago Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren egoitzan bertan, bai eta Musika eta Arte Eszenikoen Artxiboko (AMAEN) programaren webgunean ere.
Ahaleginaren balioa
Hamabi urte zituela hasi zen Altsasuko Udal Musika Bandan, klarinete piccolo bat jotzen. 1940. urtetik aurrera solfeoko, klarineteko eta saxofoiko ikasketak egin zituen, eta, aldi berean, herriko bandako interprete-jardueran parte hartu zuen. Hala ere, oso gaztetatik bere jakin-mina eta interesa «musika egitera» bideratu ziren.
1950ean Madrilera joan zen, Aireko Armadaren Musika Bandan sartu eta hiriburuko Goi Mailako Errege Musika Kontserbatorioan ikasketak hasteko, ordurako konposizioari erabat ematea erabakita baitzuen. Bere irakasleen artean Julio Gómez (Konposizioa), Francisco Calés (Kontrapuntua eta Fuga) eta Massó aita (Harmonia) nabarmendu ziren. Bere prestakuntza akademikoa Kontrapuntu eta Fugako Lehen Saria eskuratuz amaitu zuen. Ondoren, ikasketak Parisen, Erroman, Venezian eta Darmstadten osatu zituen. Han, nazioarteko musika-abangoardiako figura garrantzitsuekin —Ghedini, Petrassi, Nono, Pousseur, Ligeti, Babbitt, Kagel eta Helms, besteak beste— harremanetan jarri zen, baita Umberto Eco, Roland Barthes, Edoardo Sanguineti, Giulio Carlo Argan, Jean Daniélou eta Diego Fabri bezalako intelektual ospetsuekin ere. Atzerrian egindako egonaldiak Europako abangoardiaren korronte nagusiekin harreman zuzena izateko aukera eman zion.
1966an Madrilera itzuli ondoren, ahotserako garrantzi handiko obrak sortu zituen, ordura arte aurrekaririk ez zuten musika-lanak: Arrano Beltza, Hymn to Lesbians, Dilatación fonética, Aschermittwoch, Omaggio a P. P. Pasolini, De rerum natura eta beste hainbat. Lan horietan, Aciluk fonologiaren eta fonetikaren azterketa zientifiko sakona aplikatu zuen.
1978an, oposizio bidez, Madrilgo Goi Mailako Errege Musika Kontserbatorioan sartu zen. Bertan Harmonia irakasgaia eman zuen irakasle gisa erretiroa hartu arte. Irakaskuntza-lana hainbat ikastarorekin uztartu zuen; horien artean, bereziki aipatzekoa da Nafarroako Gobernuaren babesarekin 1984 eta 1987 artean Iruñeko Pablo Sarasate Musika Kontserbatorioan emandako Konposizio Garaikideko Teknikak ikastaroa. Ikastaro horretatik sortu zen gero Iruñeako Taldea Musikagilleak, Patxi Larrañaga, Jaime Berrade, Luis Pastor, Vicente Egea eta Teresa Catalán konpositoreek osatua. Bertan, autoeskakizunean, etengabeko bilaketan eta gogoetan oinarritutako printzipioak transmititzen zituen.
1951ko Belaunaldiko kidea izan zen, eta Ramón Barce, Claudio Prieto, Miguel Ángel Coria, Jesús Villa-Rojo, Francisco Cano eta Carlos Cruz de Castrorekin batera, Espainiako Konpositore Sinfonikoen Elkartearen sortzaileetako bat izan zen 1976an.
Bere bizitza osoan zehar adiskidetasun estua izan zuen hainbat artista eta intelektual nabarmenekin, hala nola Manuel Alcorlo, Antonio Zarco eta Rafael Moneorekin. Bereziki aipagarria izan zen, halaber, Teresa Catalán konpositorearekin izan zuen harremana; izan ere, hura izan zen bere ikasle eta jarraitzaile nagusia.
Musikaren indarra
Agustín González Aciluren konposizio guztiek ezaugarri komun bat dute: koherentzia formal handia, osotasun organiko gisa pentsatua. Adierazkortasun handiko izaera duelarik, haren obra etengabeko esperimentazio teknikoaren emaitza da. Bizitza osoan garatu zuen ikerketa-jarduera hasierako urteetan bertan agertu zen jada, Vianako Printzea Erakunderako XVIII. mendeko Nafarroako konpositoreei buruz egindako musikologia-lanen bidez —San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiaren Carmen del Río bekari esker gauzatuak—, baita Musikari aplikatutako hizkuntzalaritzaren arloko ikerketen bidez ere, Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenean (CSIC).
Bere ekoizpenean ia musika-genero guztiak daude ordezkatuta. Bereziki aipagarriak dira hizkuntzalaritzaren eta fonetikaren arloan egindako ikerketak, gaztelaniaren, euskararen, alemanaren, ingelesaren, frantsesaren eta latinaren adierazkortasun-potentziala ahalik eta gehien garatzeko helburuarekin.
Bere maisutasunaren erakusgarri dira ibilbide osoan jaso zituen sari eta aintzatespen ugariak: Kontrapuntu eta Fugako Lehen Saria (1958), San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiaren Carmen del Río beka (1960), Samuel Ros Konposizio Saria Sucesiones Superpuestas lanagatik (1962), 1967-1968 denboraldian estreinatutako Espainiako konposiziorik onenaren akzesita Aschermittwoch lanagatik (1968), Musikako Sari Nazionala Oratorio Panlingüístico obrari esker (1971), SMICen Espainiako Atalaren finalista (1972), Juan March Fundazioaren beka (1972), Kultura Ministerioaren Musikako Sari Nazionala bere obra osoagatik (1998), Nafarroako Gobernuaren Vianako Printzea Kultur Saria (2009), Madrilgo Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren Urrezko Domina (2009) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Doctor Honoris Causa izendapena (2011).
Teresa Catalán konpositoreak, haren ikasle nagusiak, honela deskribatzen du Agustín González Acilu: «Soinuak konbinatzeko estrategien asmatzailea izan zen; bere bizitza osoa egunero hobeto nola egin ikasteari eskaini zion. Ahalegin horri esker, modetatik eta oportunismotik urrun, arreta handiz aztertu beharreko ezaugarri oso pertsonalak dituen obra sortu zuen. Sormen-askatasunak, zorroztasunak eta beti oinarri etikoekin lotutako pentsamendu egituratu baten koherentziak aparteko izaera organikoa eta indarra dituen musika eratzen dute». Konpositorearen hitzetan, maisua hobekien definitzen duten ezaugarriak «diziplina eta sendotasunez eraikitako musika-egitatearekiko zuen ikuspegi sendoa» dira.
Dohaintzan emandako funtsa
Dohaintzaren xede den funtsa Agustín González Aciluk konpositore, irakasle eta musika-ikertzaile gisa izan zuen ibilbide profesionalean sortu eta bildutako dokumentazioak osatzen du. Funtsaren ardatz nagusia haren ekoizpen konpositiboaren multzoa da; bertan biltzen dira eskuizkribuzko partiturak, zirriborroak, eskemak, prestaketa-materialak, lan-bertsioak, behin betiko partiturak eta obra bakoitzari lotutako dokumentazioa. Horri esker, haren musika-katalogoaren sorkuntza-prozesuak eta bilakaera ezagutu daitezke.
Dokumenturik aipagarrienen artean jatorrizko musika-eskuizkribuak nabarmentzen dira. Horien bidez haren obra askoren sormen-bilakaera jarrai daiteke. Halaber, konposizio ugariren prestaketa-materialek eta gordetako zirriborroek agerian uzten dute Agustín González Aciluk garatutako abangoardiako konposizio-teknika, eta interes handiko iturria dira haren sormen-prozesua aztertzeko.
Era berean, funtsak haren irakasle-jarduerari buruzko dokumentazioa biltzen du, bereziki Madrilgo Goi Mailako Errege Musika Kontserbatorioan garatutakoa, baita ikastaroetan, hitzaldietan, epaimahaietan, konposizio-enkarguetan, ikerketetan, erakunde-harremanetan eta bestelako jarduera profesionaletan izan zuen parte-hartzeari buruzkoa ere. Dokumentazio pertsonala, prentsako ebakinak, kontzertu-programak, idazkiak, prestakuntza-materialak, konposizio-sistemak eta liburutegi espezializatu bat ere gordetzen dira.
Jatorrizko eskuizkribuak eta haren konposizioei lotutako dokumentazioa kontserbatzeak aukera paregabea eskaintzen du musika garaikidearen sorkuntza-prozesuak eta XX. mendearen bigarren erdiko konpositorerik garrantzitsuenetako baten eskutik Espainiako musikak izan zuen garapena ezagutzeko.