es | eu | en | fr

Nafarroako Artxiboak Artxiboen Nazioarteko Astea ospatzen du

2024/06/05
Nafarroako Artxiboak Artxiboen Nazioarteko Astea ospatzen du

Artxiboen Nazioarteko Astearen karietara, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak herritar guztientzat bideratutako doako hainbat jarduera antolatu ditu. Artxiboen Nazioarteko Eguna ekainaren 9an ospatzen da, 1948an UNESCOren babespean Artxiboen Nazioarteko Kontseilua sortu zela ospatzeko. Efemeride hori Artxiboen Nazioarteko Kontseiluak edo International Council of Archives (ICA) erakundeak aldarrikatu zuen 2008an, eta 2019an Artxiboen Nazioarteko Astea izenekoa aste osora zabaldu zen.

Ekainaren 3tik (astelehena) 9ra (igandea) burutuko den aurtengo Artxiboen Nazioarteko Astearen kanpainak #CiberArchivos du goiburu. 2023. urtearen amaieran ICA-ko 400 kide baino gehiagok eta sektoreko profesionalek hautatutako lelo horrek aurrerapen teknologikoek artxiboetan duten eraginari buruzko elkarrizketa birtualaren parte izatera gonbidatzen ditu artxiboetako eta dokumentu-kudeaketako profesionalak, bai eta antzeko erakunde eta sektoreak ere. Datuen boterea aprobetxatzean eta teknologia berriak erabiltzean, artxiboek gizarteei erabaki informatuak hartzeko, gardentasuna sustatzeko eta kultura-ondarea zaintzeko aukera ematen diete.

Artxiboak herritarrengana hurbiltzeko asmoz, ate irekien jardunaldi bat eta aire zabaleko latinoamerikar-musikako kontzertu bat izango dira ekainararen 7tik 8ra bitarte antolatutako jarduerak.

Bisita gidatuak

Ekainaren 7an, ostirala, bisita gidatuez osatutako ate irekien jardunaldia aurreikusi da. Gaztelaniaz eta euskaraz egingo diren bisitak jende guztiarentzat zabalik egongo dira, 12:00etan, artxiboko teknikarien eskutik. Ibilbidean zehar, parte-hartzaileek Rafael Moneok diseinatutako eraikina, Iruñeko Errege Jauregi gisa duen jatorria, gaur egungo funtzioak eta egunero egiten diren artxibo-lanak eta dokumentazioa zaharberritzeko lanak ezagutu ahal izango dituzte. Bisitara joan ahal izateko 848 42 46 67 telefonoan izena eman beharko da, astelehenetik ostiralera goizeko ordutegian deituz.

Kontzertua

Azkenik, ekainaren 8an, larunbata, 12:00etan, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko lorategi-patioan Hacer las Américas. Joan-etorriko bidaia musikala”, izeneko kontzertua egingo da, non Luis Giménez (gitarra elektrikoa), Patxi Ugarte (ahotsa, gitarra, perkusioak) eta Jokin Zabalza (gitarra klasikoa eta baxua) hirukoteak Latinoamerikako musika errepertorio bat interpretatuko duen; horrela, bertaratutakoei Amerikako kontinentean barrena, Kubatik eta Mexikotik, Argentinaraino, “bidaiatzeko” gonbitea eginez.

Artxiboen Nazioarteko Asterako aurreikusitako ekitaldi guztiak sarrera librekoak dira, bisita gidatuak izan ezik, horietarako beharrezkoa baita aldez aurretik izena ematea. Edozein zalantza argitzeko, 848 42 46 67 telefonora deitu beharko da.

Bideoak

"Hacer las Américas". Joan-etorriko bidaia musikala
08/06/2024

2024ko Artxiboen Nazioarteko Eguna

Zerrendara itzuli