es | eu | en | fr

Nafarroako Artxiboak dohaintzan jaso du Artearen Adiskideen funts musikala

2020/03/05
Nafarroako Artxiboak dohaintzan jaso du Artearen Adiskideen funts musikala

Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak dohaintzan jaso du “Los Amigos del Arte-Artearen Adiskideak” musika-funtsa. 1918an sortu zenetik elkarte horren jardueraren lekuko diren dokumentu gehienak biltzen ditu. Funtsa musika-partiturak dituzten 38 artxibo-kutxek osatzen dute. Horietako asko jatorrizkoak dira, formatu handiko 35 argazki positibo, 7 orri, 3 diploma eta egoitzan zegoen programa bat, hainbat kartelez gain. Funtsa Nafarroako Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboa programako antzeko edukia duten beste funts batzuetan sartuko da, eta tratamendu teknikoa jasotzen ari da ikertzaileen eskura jartzeko.

Artearen Adiskideak

Artearen Adiskideak izeneko musika elkartea 1918ko ekainaren 1ean sortu zuen musikari talde batek Iruñean, tartean Paulino eta Santiago Otamendi anaiak, musika sustatzeko asmoz. Musika klasikoko kontzertuak egiten zituzten hainbat espaziotan, Gayarre Antzokian edo Olimpia Antzokian kasu, eta beste alderdi batzuei ere laguntzen zieten, hala nola dantzaldiei eta herri-musikako jaialdiei. Geroztik, Iruñeko herri eta kultur bizitzako gertaera nagusietan presente egon da elkartea, errondaila eta kalejira bidez, jaialdietan eta Sanferminak edo Sampedrada bezalako kultur ekitaldietan. Bere urte gorenetan 80 musikari izatera iritsi zen. Jota-lehiaketak, euskal kanta eta kanta modernoa egiten zituzten.

1983an, Koldo Pastorrek Paulino Otamendi Ganbera Orkestra sortu eta zuzendu zuen, eta horrek ekarri zuen errondaila ganbera-orkestra bihurtzea, plektro-musika sustatu eta zabaltzeko. Elkarteko orkestrak Paulino Otamendi, Alfredo Lumbreras edo Saturnino Sorbet izan ditu zuzendari, besteak beste. 1998az geroztik, Iruñean jada finkatuta dagoen "Plectroko Musika Jaialdia" antolatzen du, eta nazio mailako taldeen parte-hartzearekin. Gaur egun, hogei instrumentistek (hari pultsatua, egurrezko haizea, teklatua eta perkusioa) osatzen dute Paulino Otamendi Ganbera Orkestra eta Errenazimendutik gaur egunera arte doan errepertorio zabaleko egitaraua eskaintzen du.

Talde teknikoa dokumentu-funtsa antolatzen ari da, Nafarroako Errege Artxibo Nagusian gordetako gainerako dokumentuek jasotzen dituzten baldintza beretan kontsulta dadin.

Zerrendara itzuli