es | eu | en | fr

Nafarroako Artxiboak El Lebrel Blanco Antzerki Taldearen 50. urteurrena ospatuko du martxoko mikroerakusketan

2022/03/11
Nafarroako Artxiboak El Lebrel Blanco Antzerki Taldearen 50. urteurrena ospatuko du martxoko mikroerakusketan

Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak El Lebrel Blanco Antzerki Taldearekin zerikusia duten zenbait dokumentu jendaurrean jarriko ditu martxoko mikroerakusketan, agertokietan aurkeztu zenetik 50 urte bete direnean.

Ekimen honekin elkarteak martxoan zehar Iruñeko hainbat kultur gunetan antolatu dituen oroitzapenezko ekitaldiekin bat egiten du erakundeak.

Zehazki, mikroerakusketa honetan, 1972ko otsailean egindako lehen emanaldiaren esku-programak erakusten dira, El Violín Encantado obrari eta haurrentzako eta helduentzako beste antzezlan batzuei dagokiena, baita elkartearen legezko eraketari buruzko administrazio-dokumentuak ere.

 “El Lebrel Blanco Antzerki-taldearen lehen emanaldiaren 50. urteurrena (1972)” izenburupean, formatu txikiko erakusketa bat egingo da, sarrera libre eta doakoa, eta Nafarroako Artxiboko beheko galerian egongo da zabalik martxoko egun guztietan, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

El Lebrel Blancoren jaiotza

El Lebrel Blanco Antzerki Taldearen sorrera Iruñean izan zen 1970eko hamarkadaren hasieran, pertsona-multzo batek elkarrekin lan egitea erabaki zuenean, antzerki-talde bat sortzeko asmoz. Taldearen jarduera haurrei eskainitako antzerkira bideratu zen hasiera batean, Iruñeko Udalaren eta Iruñeko Aurrezki Kutxaren laguntzarekin.

Haurren tipologia honi dagokio, hain zuzen ere, El Violín Encantado, taldeak 1972ko martxoaren 5ean Gayarre Antzokiko eszenatokian estreinatzeko egin zuen lana. Obra horren esku-programak irekitzen du mikroerakusketa.

Lehen emankizun haren arrakastari esker, Udalaren eta Aurrezki Kutxaren laguntzarekin, hurrengo urteetan taldearen antzezpenak protagonista izan zituzten haur eta gazteei eskainitako antzerki-kanpainak antolatu ziren.

Hala ere, haurrentzako antzerkiaren esparruan ia aldi berean, El Lebrel Blancok eremu dramatiko orokorrean ere jardun zuen. Horrela, 1973an, Gayarre Antzokian haurrentzako antzezlanarekin debuta egin eta urtebetera, konpainiak Federico García Lorcaren Yerma obra antzeztu zuen Iruñeko koliseoan ere.

1973an, halaber, taldea elkarte gisa legez eratu zen, eta El Lebrel Blanco Antzerki Taldea izenarekin inskribatu zen Nafarroako Elkarteen Probintzia Erregistroan. Hurrengo urtean, erakundea ganbara-antzokitzat hartuko da legez, eta Registro Nacional de Teatros de Cámara o Ensayo y Agrupaciones Escénicas de Carácter No Profesional-ean inskribatuko da.

Urte haietan taldeak izan zuen bizitza emankorraren ondorioz, Nafarroako hainbat agertokitan eta Espainiako beste leku batzuetan biderkatu zituen bere emanaldiak.

Era berean, eta Nafarroan antzerki-kulturaren alde egindako lanaren elementu nabarmena izanik, taldeak El Lebrel Blanco Antzerki Literatur Saria sortzea sustatu zuen.

1976an ospatutako lehiaketaren lehen edizioan epaimahai bat izan zen, zeinetan gure herrialdeko idazle, aktore eta antzerki-ekoizle ospetsuek hartu zuten parte; besteak beste, Antonio Buero Vallejo eta Adolfo Marsillach. Hauen ospeak Iruñeari garai hartako agenda dramatiko nazionalean lekua egiten lagundu zion.

Mikroerakusketa sariaren epaiaren aktarekin ixten da, baita emateari buruzko dokumentuekin ere.

Beste ekitaldi batzuk Nafarroako Artxiboan

2021ean, El Lebrel Blanco Antzerki Taldearen 50. urteurreneko Elkarteak bere artxiboa dohaintzan eman zion Nafarroako Gobernuari, Nafarroako Errege Artxibo Nagusian zain zezan, Nafarroako Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboa programaren barruan.

Hori dela eta, funts hori osatzen duten dokumentuak biltzen dituen mikroerakusketaz gain, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak datorren asteazkenean, martxoak 30, 20:00etan, El Teatro Independiente en España saioari buruzko mahai-ingurua egingo du, Víctor Iriarte kazetari eta antzerki-egileak moderatua, non Guillermo Heras eta Etelvino Vázquezek bertan parte hartuko duten.

Zerrendara itzuli