es | eu | en | fr

Nafarroako Artxiboak hainbat jarduerarekin ospatuko du Artxiboen Nazioarteko Astea

2021/06/08
Nafarroako Artxiboak hainbat jarduerarekin ospatuko du Artxiboen Nazioarteko Astea

Artxiboen Nazioarteko Astea dela eta, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak bat egin du Artxiboen Nazioarteko Kontseiluak nazioarte mailan sustatzen dituen ospakizunekin, herritar guztiei irekitako doako jarduera-programa bat eskaintzeko. Artxiboen Nazioarteko Eguna 1948an UNESCOren babespean Artxiboen Nazioarteko Kontseilua sortu zela ospatzeko ospatzen da, eta haren helburua da erakunde horien balioa sustatzea ikerketaren, kulturaren, oroimenaren eta gardentasunaren zerbitzura.

Zehazki, artxiboak herritarrei hurbiltzeko antolatu diren jarduerak ondorengoak dira: ikus-entzunezko baten aurkezpena, Iruñeko Ganbera Abesbatzak aurrez grabatutako kontzertu bat, dantza-dokumentazioari buruzko webinar bat eta ate irekien jardunaldia. Jarduerak ekainaren 9an eginen dira.

Ekitaldi birtualak

Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak erakunde enblematiko honen berezitasunari buruzko ikus-entzunezko bat aurkezten du. Bertan, erakundeko talde teknikoak eta egunero eraikinera hurbiltzen diren erabiltzaile, ikertzaile eta bisitarien ordezkariek parte hartu dute. Lana MorganCrea azterlan sortzaileak egin du. Honek emozioetan oinarritutako narrazio-hizkuntza erabili du publiko guztiekin konektatzeko. Bost minutuan zehar eta hainbat planoren bidez, ikuslea eraikinean eta ekipamenduetan sartzen joaten da, eta haren funtsak eta kontserbazio- eta hedapen-baliabide teknikoak ezagutarazten dira. Bideoa Nafarroako Kulturako Youtubeko kanalean dago eskuragarri, esteka honen bidez https://youtu.be/0_E3McgbwaU.

Gainera, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak bigarren ikus-entzunezko baten grabazioa sustatu du, Iruñeko Ganbera Abesbatzaren kontzertu, batekin, sortu zeneko 75. Urteurrenaren harira. Abesbatza 1946an sortu zen Luis Morondo Urra lehen zuzendariaren eta Iruñeko Orfeoiko hainbat abeslariren ekimenez. 75 urte hauetan, estatuan eta nazioartean ospe handia izan duen ibilbidea egin du, eta 2019an Nafarroako Errege Artxibo Nagusiari bere artxiboa eman zion, non Nafarroako Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboa programaren parte den. Horregatik guztiagatik, eta Artxiboen Nazioarteko Astearekin bat eginez, Ganbera Abesbatzak 45 minutuko kontzertua grabatu du Iruñeko Errege Jauregiko kripta protogotikoan. Ekitaldiko bideoa ekainaren 9an estreinatuko da, 19:00etan, Nafarroako Kulturako Youtube kanalean eta www.amaen.es web gunean, Multimedia/Kontzertuak/2021eko Artxiboen Nazioarteko Astea atalaren barruan. Abesbatza osoarentzat bereziki garrantzitsuak diren lanak interpretatuko dira; hala nola, Fernando Remacha, Salvador Bacarisse, Eduardo Grau, Arturo Dúo Vital eta Luis Morondoren partiturak.

Azkenik, Artxiboen Nazioarteko Eguneko jardueren esparruan, Atalak proiektuak, sorkuntza koreografiko garaikideari laguntzeko mugaz haraindiko sareak, topaketa bat antolatu du profesionalen eta dantza-erakundeen eta dokumentazioaren artean, zenbait lan-metodo azaltzeko eta artisten eta erakundeen artean sor daitezkeen sinergiak sortzeko, dantzako dokumentazioari dagokionez. “Memoria eszenikoaren garrantzia”, izeneko sinposioa, ekainaren 9an bertan izango da, 10:00etan, webinar formatuko plataformaren bidez. Hainbat gonbidaturen aurkezpenekin hasiko da sinposioa, eta elkarrekin hitz egiteko eta eztabaidatzeko tartea izango da. Interesatuek hemen eman beharko dute izena: atalak@dantzaz.eus.

Bisita gidatuak

Azkenik, ekainaren 9an, asteazkenarekin, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren eraikinera bisita gidatuak egingo dira. Bisitak gaztelaniaz eta euskaraz egingo dira, eta jende guztiarentzat zabalik egongo dira, 12:00etan, artxiboko teknikarien eskutik. Bisita gidatu horietan parte hartu nahi dutenek 848 42 46 67 telefonora deituta eman beharko dute izena.

Ibilbidean zehar, parte-hartzaileek Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko hainbat gela bisitatu ahal izango dituzte; hala nola, dokumentu-gordailuak edo zaharberritze-tailerra. Rafael Moneok diseinatutako eraikinaren erraiak, Nafarroako errege-erreginen jauregi gisa duen jatorria, egungo eginkizunak eta egunero egiten diren artxibo-lanak ezagutuko dituzte.

Artxiboen Nazioarteko Asterako aurreikusitako ekitaldi guztiak irekiak eta doakoak dira. Edozein zalantza izanez gero, era guztietako iradokizunei erantzungo zaie 848 42 46 67 telefonoan.

Zerrendara itzuli