Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak Nafarroako Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboaren programaren baitan 18 funts dokumental berri argitaratu ditu sarean. Adierazgarriak diren artista zein instituzioen dokumentuak dira, horietariko gehienak dohaintzan jaso dira eta nabarmentzekoak dira Fernando Remacha, Javier Navarro, Iruñeako Taldea eta Pablo Sarasate Kontserbatorioko lanak.
Dokumentazioaren barnean, partiturak, planoak, argazkiak, korrespondentzia, diskoak, soinu-grabazioak eta ikus-entzunezkoak jaso dira formatu ezberdinetan. Euskarri digitalak nagusi dira tradizionalen aurrean, bereziki sormen berrienetan; hori dela-eta, Artxiboak babes digitalerako estrategia egin du denboran zehar irautea eta behar bezala hedatzea bermatzeko.
Azken urte eta erdian sartutako funtsak herritarren eta ikertzaileen eskura daude programaren web orrialde espezifikoan helbidean. Epe ertainera, dokumentu garrantzitsuenak Artxiboen eta Ondare Dokumentalaren Zerbitzuak bultzaturiko Artxibo Irekia online tresnan sartuko dira, eta hortik zabalduko dira Nafarroa Kultura Atari Digitalaren bidez.
Horrez gain, dokumentazio horren guztiaren jatorria kontsulta daiteke ondorengo estekan. Programan, egun, 60 funts dokumental daude.
Musika, dantza eta antzerki arloko funtsak
Musika-arloko pertsona ospetsuen inguruan dohaintzan jasotako funts dokumentalen artean, aipatzekoa da Fernando Remacharen ondarearen beste zati bat, Margarita alabak kontserbatua, edota Javier Navarroren funtsa. Horiei gehitu behar zaie, gainera, Francisco Rodrigoren funtsa, musika-sormeneko prozesu betean aurkitzen den autorearena.
“Funts berezien multzo horri duela gutxi gehitu zaio Iruñeako Taldeak ekoiztutakoa; taldea Vicent Egea, Teresa Catalán, Jaime Berrade, Patxi Larrañaga eta Koldo Pastorrek osatzen dute. Era berean, López-Chaparteguiren familia-funtsa gehitu behar zaio, diskoen bilduma interesgarriak osatua”, azaldu dute Artxibokoek.
Halaber, “Pablo Sarasate” Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren eta Kontserbatorio Profesionalaren funtsa sartu da, Hezkuntza Departamentuak egindako transferentzia bidez jasoa. “Funts horrek berebiziko garrantzia du, eta berezitasun bat du; alegia, aurretik egondako erakundeen dokumentu-funtsak biltzen dituela, honako hauen legatuekin batera: Pedro de Felipe, Martín Lipúzcoa, Alfredo Lumbreras, Maribel Iturralde, Manuel Sáinz de los Terreros, José María Beobide eta Felipe Aramendía, edota Eslava Kasinoaren funtsa”, gaineratu dute.
Errege Artxibo Nagusitik, eskasagoak badira ere, honako hauen legatuen garrantzia nabarmentzen dute: “dantza eta antzerki arloa. Dantzan, Ana Morenoren eta Bertha Bermúdezen funtsek AMAEN programan jada daudenak osatzen dituzte (Nafarroako Dantza Eskola, José Laínez – Concha Martínez eta Almudena Lobón). Antzerkian, berriz, Jesus Elsoren eta Javier Salvoren dohaintzak nabarmendu behar dira”.
AMAEN programa
Sartu berriak diren funtsek Nafarroako Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboaren programa finkatzen laguntzen dute. 2017ko ekainean abian jarri zenetik, programa honek Nafarroako Errege Artxibo Nagusian musikaren, dantzaren eta antzerkiaren arloan kontserbatutako funts dokumentalen batuketa azpimarratzen du. Funts horiek artxibo-tratamendua jasotzen dute, ondoren zabaltze aldera.
Eremu horietako bakoitzean nabarmentzen diren pertsona ospetsuek egindako dohaintzekin osatzen da batik bat; era horretan, “ekarpen horiek guztiak batuta, Nafarroako musikaren eta arte eszenikoen historia epe luzera ezagutzen laguntzen dute eta Artxibora hurbiltzen direnek hura aintzatesten ere bai, aztertu eta, ondoren, zientifikoki zabaltzeko”, adierazi dute.
Sortzaileen inplikazioa
AMAEN programaren funtsezko alderdi bat da “jarduneko sortzaileen inplikazioa”, gogoratu dute. Estatuan lehen mailako pertsona ospetsuek, tartean Teresa Catalán konpositoreak eta Alfredo Sanzol antzerki autore eta zuzendariak, beste sortzaile garrantzitsu batzuekin batera, bat egin dute dagoeneko ekimen honekin.
Modu horretan, dohaintza etapen arabera zehazten da. Lehena Nafarroako Artxiboan funts dokumentala irekitzearen ondorioz sortua da. Erakundetik argitu dute prozesua honela izaten dela: “dohaintza-emaileak egindako dokumentazioaren lagin esanguratsua ematen da; ondoren, segidako faseetan eta haren borondatearen arabera, funtsa osatzen joango da, sortzeko jarduera amaitzen den unera bitarte”.
Bestalde, Nafarroako Artxiboak konpromisoa hartuko du dohaintzan emandako dokumentuak kontsultatzeko eta erreproduzitzeko aukera bermatzeko, Jabetza Intelektualaren Legeak ezarritako baldintzen arabera; hala nola, “egilearen eskubide moralak errespetatzea eta funts dokumentalaren artxibo-tratamendua egitea, herritarren eskura jartzearren, kontserbatzea, hedatzea eta horri balioa ematea bermatuaz”.