es | eu | en | fr

Nafarroako Artxiboak Pablo Sarasate Kontserbatorioaren funts dokumentala jaso du

2020/12/23
Nafarroako Artxiboak Pablo Sarasate Kontserbatorioaren funts dokumentala jaso du
Funtsaren dokumentu-lagin txikia

Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalak ekoiztutako eta bildutako funts dokumentalak jaso ditu; hain zuzen ere, Musikaren Hiriak transferitu dizkio, Hezkuntza Departamentuaren Eleaniztasun eta Arte Irakaskuntzen Zerbitzuan integratuta dagoenak.

Ehun urtez, 1901etik 2000ra, zentroaren jarduera hartzen duen material-transferentzia honi Felipe Aramendía, Martín Lipúzcoa, José María Beobide, Eslava Kasinoa, Pedro de Felipe, Alfredo Lumbreras, Maribel Iturralde eta Manuel Sainz de los Terreros gehitu behar zaizkio.

Bederatzi ekarpen hauetatik handiena 200 kutxa eta 60 liburu dituen Kontserbatorio Profesionalari dagokio. Loteak Iruñeko Udal Musika Eskolak sortutako dokumentazioaren zati bat jasotzen du, Iruñean musika irakaskuntza eman zuen lehen erakunde publikoa izan baitzen (1858) eta Espainiako lehen ikastetxe publikoetakoa ere bai.

Iruñeko Musika Eskola

1856an, Iruñeko Udalak batzorde bat sortu zuen, Mariano García Zalba (Hilarión Eslavaren lankide eta laguna) eta Sebastián Cantera musikariak osatua. Hauek Musika Eskolaren araudia prestatu zuten. 1911tik aurrera Udal Musika Akademiaren izena eman zitzaion eta 1951n "kontserbatorio-maila" aitortu zitzaion.

Bost urte geroago, Nafarroako Foru Diputazioak Pablo Sarasate Nafarroako Musika Kontserbatorioa sortu zuen. Hura arautzeko patronatu bat eratu zen: foru diputatu bat presidente gisa, Iruñeko Udaleko alkateorde bat lehendakariorde gisa, irakasleen bi ordezkari, Ikasleen Gurasoen Elkarteko bi, ikasleetako bat eta zuzendaria. Finantzaketa Nafarroako Foru Diputazioaren (% 60) eta Iruñeko Udalaren (% 40) artean banatzen zen.

Félix Huarte enpresaburuak eta Martín Lipuzcoa eta Fernando Remacha musikari nafartarrek sustatu zuten proiektua. Lehenbizikoaren omenez, Felix Huarte katedra sortu zen. Kontserbatorioak 1961. urtera arte eutsi zion bere egoitzari Musika Eskolan, Vínculo plazan, Agoitz kaleko eraikina proiektatu zen arte.

1986ko urriaren 13an Pablo Sarasate Kontserbatorioko Patronatua desegin zen eta zentroa Nafarroako Gobernuaren menpe geratu zen oso-osorik. Urte horretan bertan sortu zen kontserbatorioan integratua dagoen Pablo Sarasate Orkestra Gaztea.

2002ko martxoaren 27an Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioa sortu zen. 2005. ikasturtean zehar, Julio Escauriazaren zuzendaritzapean zegoen Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionaleko (Ezpeletako Jauregian du egoitza, Kale Nagusiko 63. zenbakian) eta Ramón García Olkóz-en zuzendaritzapean zegoen Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko (2005-2006. ikasturtea) banaketa fisikoa eta administratiboa gauzatu zen. 2011ko irailean, bi zentroek Mendebaldea auzoko Musikaren Hirira eraman zuten egoitza.

Zentroen eraldaketek eta egoitza aldaketek zuzeneko eragina izan dute gordetako dokumentazioaren antolamenduan. 2016. urtean, Musikaren Hiria Koordinatzeko Bulegoak eta Berta Moreno Musikologia irakasleak bultzatuta, Virginia García Miguel artxibozain nafartarraren esku utzi zen artxibozaintzako tratamendua. Dokumentazio gehiena zentroek beren historian zehar egindako funtzioen isla da.

Dokumentazio garrantzitsua

Dokumentazioaren zati handi batek, ikastetxeek beren historian zehar izan dituzten funtzioak islatzen ditu. Hala, 1901eko korrespondentziatik 2007ko prentsako ebakinetara bitarteko kronologia du. Gordetzen duen dokumentazio administratiboaren artean, honako hauek aurki daitezke: zentroek arautzen duten erregelamenduak, ikasketa-planak, erdi-maila eta goi-maila ezartzeko proiektuak eta hainbat musika-diziplina.

Nabarmentzekoa da Nafarroa osoan banatutako eskola filialen ezarpenari buruzko dokumentazioa, ia Foru Komunitate osoan musika hezkuntzarako sarbidea ahalbidetu baitzuten. Funtsaren gutunek kontserbatorioak beste erakunde eta profesional batzuekin zituen harremanak adierazten dituzte, ez soilik Estatukoak, baita Parisko Gregoriano Institutuarekin ere. Aipatzekoa da, halaber, Fernando Remacharen lana.

Ikastetxeko beste jarduera batzuei dagokienez, material ugari dago dantza barrokoari, musika hezkuntzako metodoei, kantu gregorianoari eta Agustín González Acilu, Ramón Barce edo, duela gutxi hil den Pedro Iturralde jaunak egindako ikastaroei buruz.

Sortutako jardueren artean, esku-programek Santa Zezilia eguna bezalako musika garrantzitsuen ideia bat ematen dute, Santo Domingo elizan meza eta ondorengo kontzertu batekin. Haren kultur bultzada Nafarroa osora zabaldu zen.

Horren erakusgarri dira Fernando Remachak antolatutako Lizarrako Antzinako Musika Astearen lehen hamalau edizioei buruzko esku-programak, korrespondentzia eta dokumentazioa. Bertan, Pablo Sarasate kontserbatorioak protagonismoa zeukan.

Hainbat talderi buruzko informazioa ere aurki daiteke; hala nola, Santa Zezilia Kontzertu Elkartea, Pablo Sarasate Gazte Orkestra edo 1980an José Laínez-ek eta Concha Martínez-ek sortutako eta zuzendutako Yauzakari taldea. Azken honen funtsa Nafarroako Errege Artxibo Nagusian ere aurkitzen da.

Paperezko testuez gain, soinu-dokumentuak ere gordetzen dira euskarri desberdinetan. Aipatzekoa da Sarasateko Habaneraren grabazioa, konpositoreak berak interpretatua, eta baita 1960ko hamarkadako hitzaldiak eta kontzertuak ere.

Ondare pertsonalak

Nafarroako Musika Kontserbatorioaren funtsaz gain, Felipe Aramendía, Martín Lipuzcoa, José María Beobide, Pedro de Felipe, Alfredo Lumbreras, Maribel Iturralde, Casino Eslava eta Manuel Sainz de los Terreros erakundeen zortzi legatu daude.

Felipe Aramendía Lezaeta (Lizarra 1866 – Iruñea 1942) biolinista, Iruñeko Udal Musika Eskolako irakaslea eta Aramendía laukotearen sortzailea izan zen. Funtsa, besteak beste, 53 kaxa ditu, moldaketa propioekin eta ganbera eta piano taldeentzako partiturekin.

Martín Lipúzcoa Urriza (Iruñea 1901 – Iruñea 1984) Iruñeko Orfeoiaren zuzendaria eta Pablo Sarasate Musika Kontserbatorioko irakasle eta zuzendariordea izan zen. Legatuak musika-liburutegia du, 7 kaxatan, kutxa berezi batean eta 10 liburutan. Bertan, Joaquín Mayaren sinadurarekin eskuz idatzitako partitura batzuk aurki daitezke.

José María Beobide Goiburu (Zumaia 1882-11-25; Burgos 1967-03-01) Kontserbatorioko organista, konpositore, irakasle eta zuzendariorde izan zen. Liburuak, aldizkako argitalpenak eta musika-liburutegi osagarritik editatutako partiturak dira: 23 kutxa, formatu bereziko 2 kutxa eta 420 liburu.

Pedro de Felipe Alayeto (Murchante, 1938ko ekainaren 6a – 2013) Nora Abesbatzaren zuzendaria izan zen, konpositorea eta ikastetxeko irakaslea ere bai. Bere ondarean 4 kaxa daude eta formatu bereziko kutxa bat, eskuz idatzitako eta inprimatutako lanak dituena. Bere obrak dira, harmonizazioak eta beste autore batzuen ikerketa edo transkripzio lanak.

Alfredo Lumbreras Urío (Iruñea, 1904- Iruñea, 1977) konpositorea, Artearen Adiskideko zuzendaria, Musika Eskolako biolin-irakaslea eta Pablo Sarasate Kontserbatorioa eta “Santa Zezilia Orkestrako” kontzertinoa izan zen. Bere ekarpena 7 kutxek eta 51 liburuk osatzen duten musika-liburutegia da.

Maribel Iturralde Ros pianista eta Pablo Sarasate Kontserbatorioko irakaslea izan zen. Hainbat agiri akademiko eta laboral, eskuz idatzitako dokumentuak eta argitaratutako liburuki eta partiturak dituzten 11 kutxek eta 12 liburuk osatzen dute funtsa.

Eslava Kasinotik partiturak dituzten 11 kutxa eta 172 liburu gordetzen dira. Hauek aretoko musika jotzeko erabiltzen ziren.

Manuel Sainz de los Terreros Villacampa bide-ingeniaria eta musikazale handia izan zen. Funtsean pianorako eta solfeorako errepertorio handia duten 4 kaxa eta 40 liburu daude.

“Zalantzarik gabe, funts horiek garrantzi handia dute Nafarroako musika-irakaskuntzaren historia ezagutzeko eta musika-irakaskuntzan, -konposizioan eta -interpretazioan figura handi batzuen bizitzara eta obrara hurbiltzeko”, diote Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko arduradunek.

Hemendik aurrera, Nafarroako Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboa osatzen duten gainerako funtsekin batera gordeko dira. Artxiboen tratamendua osatu ondoren, ikertzaileen eta interesdunen eskura jarriko dira, aurrez aurreko sarbidearen bidez eta Interneten bidez, artxibo irekian. Gainera, erakusketetan, hitzaldietan edo musika zikloetan bezalako ekimenetan arreta handia izango dute.

Zerrendara itzuli