es | eu | en | fr

Nafarroako Artxiboak Udazken Artximusikal zikloaren edizio berria ospatuko du

2022/10/28
Nafarroako Artxiboak Udazken Artximusikal zikloaren edizio berria ospatuko du
"Udazken Artximusikal" zikloaren iragarpen kartela

“Udazken Artximusikal” izeneko zikloa Nafarroako Errege Artxibo Nagusira itzuli egiten da, erakundeak zaintzen dituen musika-funtsen ezagutza bultzatzeko eta Nafarroako Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboa programaren barruan musika zabaltzeko ekitaldi berriekin. Jarduerak Nafarroako Errege Artxibo Nagusian eginen dira azaroaren 2, 9, 11, 16, 23 eta 30ean.

Lehenik eta behin, azaroaren 2, 9, 16 eta 23an, asteazkenetan, 19:00etan, Jakiundek, Euskal Herriko Zientzia, Arte eta Letren Akademiak antolatutako “HOTSAK-SONIDOS: Ideien hotsak” hitzaldi zikloa izango da Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko erabilera anitzeko aretoan. Hitzaldiak honako hauek izango dira: azaroaren 2an, Enrique Barón Cresporen eskutik “Por una educación musical europea”; azaroaren 9an, Marta Curesesen “Nessun Dorma: sonidos de la ciudad futurista”; azaroaren 16an, Igor IIjurraren “La Música en la sociedad actual: Quo vadis? Nora zoaz?” eta, azkena, azaroaren 23an, Álvaro Guiberten “Apreciar la Música hoy: el papel de la crítica en un mundo cambiante”.

Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren berezko jardueren artean, lehenik eta behin, azaroaren 11rako, ostirala, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioarekin elkarlanean antolatutako saio bat nabarmentzen da. Nafarroako Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboan musika-ikasketak egiteko gordetzen diren dokumentu-iturrien inguruko mahai-inguru bat izango da. Saioa Rebeca Madurga irakasleak emango du, Elena Aguirre, Erika Ardanaz eta Markel Ariztimuñorekin batera.

Jarduera hauei amaiera emateko, eta Sebastián Albero musikari nafarraren jaiotzaren 300. urteurrena dela eta (1722-1756), azaroaren 30ean, asteazkena, klabe-kontzertu bat egingo da Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko Areto Nagusian. Kontzertua María Teresa Chenlo interpreteak emango du. Bera nazioarteko jaialdi askotan parte hartu duen bakarlari ospetsua da, diskografia ugarikoa eta Sebastián Alberoren musikaren interpretazioan aditu nagusietako bat da ere bai. Hain zuzen ere, kontzertuan interpretatuko dira Veneziako Liburutegi Marcianan eta Madrilgo Goi Mailako Musika Kontserbatorioan kontserbatzen diren Erronkariko musikagileari esleitutako bi musika-eskuizkribu bakarretatik hautatutako piezak.

Udazken musikalarekin batera, azarorako aurreikusitako mikroerakusketa Tomás Asiain musikari nafarrari eskainiko zaio, haren jaiotzaren mendeurrena betetzen baita (Tutera, 1922-1989).

Emanaldi guztiak Nafarroako Errege Artxibo Nagusian eginen dira, eta sarrera librea izango da lekua bete arte.

Zerrendara itzuli