es | eu | en | fr

Nafarroako Artxiboak Udazken Artximusikal zikloaren edizio berria ospatuko du

2023/11/08
Nafarroako Artxiboak Udazken Artximusikal zikloaren edizio berria ospatuko du
"Udazken Artximusikal" zikloaren iragarpen kartela

“Udazken Artximusikala” izeneko zikloa Nafarroako Errege Artxibo Nagusira itzuli egiten da, erakundeak zaintzen dituen musika-funtsen ezagutza bultzatzeko eta Nafarroako Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboa programaren barruan musika zabaltzeko ekitaldi berriekin. Jarduerak Nafarroako Errege Artxibo Nagusian eginen dira azaroaren 8, 15, 22 eta 23an, eta abenduaren 12an eta 13an.

HOTSAK / SONIDOS

Lehenik eta behin, azaroaren 8an eta 15ean, asteazkenak, 19:00etan, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko ekitaldi-aretoan izango da Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiak antolatutako “HOTSAK / SONIDOS” mahai-ingurua. Solasaldiak azaroaren 8an izango dira "Komunikabideen eginkizuna musikaren hedapenean" izenburupean, Fernando Palacios eta Arturo Reverteren partaidetzarekin, eta azaroaren 15ean, “Musika klasikoa eta publikoa: oraina eta etorkizuna” izenburupean, non Martín Lladek eta Tomás Marcok hartuko duten parte.

Fernando Remacha bere jaiotzaren 125. urteurrenean

Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren berezko jardueren artean, azaroko eta abenduko hainbat egunetan Fernando Remacha konpositore tuteratarraren sorreraren 125. urteurrena ospatzeko helburuarkin jarduera-ziklo bat antolatu da.

Margarita Remacha alabak idatzitako Fernando Remacha: una vida en armonía konpositorearen biografiaren berrargitalpenaren aurkezpenarekin hasi egingo da, azaroaren 22an, 11:00etan. Egun horretan bertan, 19:00etan, konpositorearen irudia ikuspuntu desberdinetatik aztertzeko “Jenio baten soziologia” izeneko mahai-ingurua antolatu da. Margarita Remacha, Aurelio Sagaseta, Marcos Andrés eta David Gálvez izango dira bertan, eta Carolina Queipo arituko da moderatzaile gisa.

Azaroaren 23an, 19:00etan, “Fernando Remachari eskainitako omenaldia” kontzertua izango da. Fermín Bernetxea eta Jan Maarten Van Der Marck izango dira bi pianorentzat bideratutako kontzertuaren interpreteak.

Abenduaren 12an, 19:00etan, Fernando Remacharen Las Canciones Galaico-Portuguesas obraren edizioa eta grabazioa aurkeztuko dira. Partitura ezezaguna eta argitaratu gabea da orain arte, Aurelio Sagaseta jaunak Nafarroako Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboko (AMAEN) programari emandako funtsa antolatzeko lanetan aurkitu baitzen. Kanta horiek, gainera, Iruñeko Ganbara Abesbatzak interpretatuko ditu, David Gálvezen zuzendaritzapean, ondoren emango den kontzertuan.

Jarduera-zikloa abenduaren 13an itxiko da, 19:00etan, Belén Pérez Castillo hizlari gisa aritu den “Exilioak, insilioak eta espetxeak: diktadura frankistako musikariak” izeneko hitzaldiarekin.

Jarduera guztiak Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko areto nagusian eginen dira, non sarrera librea izanen da lekua bete arte.

Mikroerakusketak

Programatutako jardueren osagarri gisa, "Fernando Remacharen jaiotzaren 125. urteurrenari (1898-1984)" eskainitako bi mikroerakusketa prestatu dira, AMAEN programaren esparruan konpositorearen funtsean gordetzen diren dokumentuetatik abiatuta.

Mikroerakusketa horietako lehena azaroaren 13tik 30era izango da, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko Mediatekan, poster formatuan, “Hamaika” zikloaren barruan.

Bigarrena Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko beheko galerian eginen da abenduan, artxiboko hileroko mikroerakusketen ohiko formatuan.

Bietan Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko Musikologia Gelaren laguntza izanen da.

Zerrendara itzuli