“Udazken Artximusikala” zikloa Nafarroako Errege Artxibo Nagusira itzultzen da, erakundeak berak zaintzen dituen musika-funtsen ezagutza bultzatzeko eta “Nafarroako Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboa” programaren esparruan musika zabaltzeko ekitaldi berriekin. Jarduerak urriaren 16an eta 30ean, azaroaren 8an eta 27an eta abenduaren 10ean eta 11n izango dira Nafarroako Errege Artxibo Nagusian.
Urria: Hotsak / Sonidos
Lehenik eta behin, urriaren 16an eta 30ean, asteazkenetan, 19:00etan, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko ekitaldi-aretoak Jakiundek, Euskal Herriko Zientzia, Arte eta Letren Akademiak antolatutako “Hotsak / Sonidos” solasaldi-zikloa hartuko du. Solasaldiak urriaren 16an izango dira, “Kantu lirikoa gozagai” izenburupean, María Bayoren eta Javier Monrealen parte-hartzearekin, eta urriaren 30ean, “Zer bilatzen du musikak eta zer bilatzen dugu guk musikan?” izenburupean, Ramón Andrés eta Tomás Marcoren parte-hartzearekin.
Azaroa
Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren berezko jardueren artean, fonogramen kontserbazioaren, tratamendu teknikoaren eta digitalizazioaren inguruko jardunaldi tekniko bat antolatu da, “Soinu-ondarearen babesa” izenburupean. Jardunaldi horren helburua da soinu-ondarea ahalik eta ondoen kontserbatu nahi duten profesionalei nahiz pertsonei soinua finkatzeko dauden euskarrien ezaugarriak hurbiltzea eta euskarri horietara hurbiltzeko moduari buruz orientatzea, bai ezaugarri fisikoengatik, bai edukiagatik. Azaroaren 8an izango da, ostiralarekin, goizeko eta arratsaldeko saioetan, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko balio anitzeko aretoan. Aurrez izena eman beharko da posta elektronikoz (archivomusica@navarra.es), plaza kopurua mugatua baita.
Azaroaren 27an, asteazkena, 19:00etan, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko ekitaldi-aretoan, AMAEN bildumako 2. partituraren aurkezpena egingo da, joan den 2023an Fernando Remacharen Las Canciones Galaico-Portuguesas argitalpenaren edizioarekin hasitakoa. Jesús García Leozen Impromptu para arpa izenekoa da. Aurkezpena Laura Celayak, Jesús García Leoz: un legado interrupido (1904-1953) liburuaren eta baita edizioaren sarreraren egileak, egingo du. Partitura hori, gainera, Alicia Griffithsek interpretatuko du ondoren, zeina edizio kritikoa prestatzeaz arduratuko den. Kalitate handiko Mp3an grabatuta eta eskuragarri dago pieza hori, Nafarroako Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboaren webgunean, Multimedia - Nafar Fonoteka atalean.
Abendua
Abenduan, antzinako musika ardatz duten bi jarduera izango dira. Abenduaren 10ean, asteartean, 19:00etan, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko ekitaldi aretoan, Santiago Ruiz Torresek “Nafarroako Artxiboaren zati liturgiko-musikalak: ondare funts sakabanatu baten fisionomia” izenburupeko hitzaldia emango du.
Zikloari amaiera emateko, abenduaren 11n, asteazkena, 19:00etan, Raquel Andueza sopranoaren kontzertua hartuko du Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko ekitaldi-aretoak, Jesús Fernández Baenaren “Amodiozko bataila” tiorbak lagunduta.
Jarduera guztiak doakoak eta sarrera librekoak dira, aretoa bete arte.