es | eu | en | fr

Pedro Iturralde, 2017ko Francisco de Javier saria

2018/02/22
Pedro Iturralde, 2017ko Francisco de Javier saria

Uxue Barkos Nafarroako presidenteak atzo, asteazkena, otsailak 21, eman zuen 2017ko "Francisco de Javier" saria Pedro Iturralde Ochoa saxofoi-jotzaile eta musikagileari, zeinari "irakasleen irakasle, aitzindari eta munduko jazz legenda bizi" bezala definitu zuen.

Ekitaldia Madrilgo Lázaro Galdiano museoan izan zen. Bertan parte hartu zuten Ana Herrera, Kultura, Kirol eta Gazteria sailburuko aholkulariak eta Ana Ollo, Herritarren eta Erakunde Harremanen sailburuak.

Nafarroako Gobernuak abenduaren 27an adostu zuen sari hau Pedro Iturralde-ri ematea jazzaren balioak zabaltzeko egindako lan eskergagatik. Jazzaren izena saxofoiari lotua dago jada, eta musika klasikoan berandu sartu den instrumentua baldin bada ere, bere balio eta aukera ia mugagabeak zabaldu eta goresten asmatu du musikariak, sona handiko maisu batek musikatik ateratzen duen magia guzti hori aterata". Sari honekin, Nafarroako irudia Foru Komunitatetik kanpo sustatzea aitortzen da.

Biografia

Pedro Iturraldek (Faltzes, 1929), 2007an Vianako Printzearen Kultura Saria ere jaso zuenak, Nafarroan igarotako haurtzaro eta gaztaroan zehar jorratu zuen bere musika-bokazio bizia.

Madrilen saxofoi-karrera ikasi ondoren, klarinete-, piano-, biolin- eta armonia-ikasketekin batera, zortzi urteko bira egin zuen Europa osoan zehar, eta Madrilgo "Whiski Jazz Club" izenekora itzuli zen gero, non Donald Byrd, Lee Konitz, Hampton Hawes, Ferry Mulligan edo Tete Montoliúren tamainako lehen mailako musikariekin batera aritu zen. "Flamenco Jazz" musika-proiektua estreinatu zuen gerora Berlineko Jazz Jaialdian, 1967an, jazzaren eta flamenkoaren fusioan aitzindari bilakatuz eta nazioarteko ospea erdietsiz.

Irakaskuntzari dagokionean, Saxofoi-katedran jardun izan da Madrilgo Goi Mailako Errege Kontserbatorioan.

Zerrendara itzuli