es | eu | en | fr

Teresa Catalán, 2021eko Arte Ederretako Merezimenduaren Urrezko Domina

2021/12/29
Teresa Catalán, 2021eko Arte Ederretako Merezimenduaren Urrezko Domina
Teresa Catalán

Miquel Iceta Kultura eta Kirol ministroak proposatuta, Ministroen Kontseiluak astearte honetan onartu du 2021eko Arte Ederretako Merezimenduaren Urrezko Dominak kultura-arloko 31 pertsona eta erakunderi ematea. Horien artean, Teresa Catalán konpositore iruindarra nabarmentzen da. Sari honek sormen artistiko eta kulturalaren alorrean nabarmendu diren pertsonak eta erakundeak saritzen ditu, baita artea eta kultura sustatzeko, garatzeko edo zabaltzeko edo ondare artistikoa kontserbatzeko zerbitzu nabarmenak eman dituztenak ere. Nafarroako Gobernuak konpositorea zoriondu zuen atzo emakida horrengatik.

2019tik, haren funtsa Nafarroako Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboan dago. Funts hori konpositoreak berak egindako aldizkako dokumentazio-dohaintzen bidez handituz doa, eta, gaur egun, programaren funts garrantzitsuenetako bat daa.

Biografia

Teresa Catalán Sánchez-ek Pianoa eta Konposizioa ikasi zituen Iruñeko "Pablo Sarasate" Kontserbatorioan, Pilar Bayona, Fernando Remacha, Juan Eraso, Luis Morondo eta Luis Tabernarekin. Geroago, maisutzat jotzen dituenekin sakondu zuen: soziologia- eta estetika-gaietan, Ramón Barcerekin, eta konposizio garaikideko tekniken ikastaroetan, Agustín González Acilurekin, eta Franco Donatonirekin, Sienako Chigiana Musika Akademian T. Marco, L. Nono, Sammuel Adler, Yihzak Sadai, George Benjamin, Leo Brower, Guy Reibel eta abarren eskola magistraletan eta ikastaroetan parte hartu zuen ere bai. Halaber, Valentziako Unibertsitatean eskuratu zuen Musika Estetika eta Sormenaren Masterra eta baita Artearen Filosofian egin zen doktore.

Irakaskuntzaren arloan, Tarazonako Kontserbatorioko zuzendaria, Konposizio, Instrumentazio eta Forma musikaletako katedraduna eta Zaragozako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko zuzendariordea izan zen, eta Balear Uharteetako Goi Mailako Kontserbatorioan irakasle gonbidatu eta elkartua ere bai. Madrilgo Goi Mailako Musika Errege Kontserbatorioko Konposizio eta Instrumentazio katedraduna izan da, eta 2018an bertako Katedradun Emerita izendatu zuten.

Ikastaroak eta hitzaldiak eman ditu jaialdi, erakunde, unibertsitate eta kontserbatorioetan, eta, haien artean, bereziki nabarmentzekoa da Moskuko Tchaikovski kontserbatorioak gonbidatuta emandakoa, baita Europako beste hiri batzuetan, Heidelberg eta Algheron kasu, emandakoak ere.

Sistemas compositivos temperados del siglo XX buruzko tratatu baten egilea da, eta Música no tonal: las propuestas de J. Falk y E. Krenek egilekidea, hainbat artikulu eta ponentziez gain, Estatuko kontserbatorioetako ikasketa-programaren parte dira bere zenbait obra. Papeles del Festival de Cádiz aldizkariaren erredakzio-kontseiluko kidea da.

Iruñeako Taldea Musikagileak / Grupo de Compositores de Pamplona kide sortzailea da. Antzezten diren formak eta baliabide paratonalak erabiltzeak, musika-tresnen erabilera tradizionalak eta tonuaren/atonalaren aurkakotasuna gaindituko duten sistema harmonikoak eraikitzeko nahiak bereizten dute estetikoki. Halaber, Euskal Herriko Konpositoreen Elkarteko kide sortzailea da.

Zaragozako Veruela Monasterioko (Zaragoza) Musika Garaikidearen Nazioarteko Jaialdi eta Ikastaroaren zuzendaria izan da eta baita Nafarroako Gobernuko Kultura Kontseiluko kidea ere. Hainbat musika-ekitaldiren antolaketan parte hartu du. 2007ko urrian Lucenan (Kordoba) egindako Ramón Barceren omenezko “Sensxperment” Sorkuntzarako IX. Topaketaren komisario izan zen.

2010eko uztailean, Arte Eszenikoen eta Musikaren Estatuko Kontseiluko kide izendatu zuten, Arte Eszenikoen eta Musikaren Institutu Nazionalak (INAEM) berak proposatuta. 2015ean, Euskadiko, Nafarroako eta Akitaniako (JAKIUNDE) Zientzia, Arte eta Letren Akademiako kide oso izendatu zuten. 2011n, Merezimendu Zibilaren Ordenaren Agindua jaso zuen. 2017an Musikako Sari Nazionala eman zitzaion, Konposizioaren modalitatean, eta 2021ean Vianako Printzea Kulturaren Saria.

Hainbat konposizio-sari (“Fernando Remacha”, “Konposizio musikaleko 1985eko Musikaren Europako Urtea”, “Sabina de Plata”) eta interpretazio-sari (“Paulino Caballero”) jaso ditu, baita estatuko eta nazioarteko hainbat erakunderen enkarguak ere. Horien artean honako hauek nabarmentzen dira: Iruñeko Udala, Associazione Amici della Musica de Anghiari, Heidelberg-eko Internationales Festival für neue Musik (Alemania), Budapest-eko Magyar irratia (Hungaria), Europako Musikaren Foroa (Frankfurt), Segoviako Juan de Borbón Jauna fundazioa, San Petersburgoko (Errusia) “Tardes de España” Jaialdia, Valentziako Unibertsitatea, Santanderreko Nazioarteko Jaialdia LI. edizioan, Cádizko Espainiako Musikaren IV. Jaialdia, Tactum Taldea eta Musika Garaikidea Jakitera Emateko Zentroa.

Bere lanen katalogoa ia genero guztiak biltzen dituen 70 konposizio ingurukoa da, non ganbarakoa eta pianorako obrak nabarmentzen diren. Bere konposizioak jaialdi garrantzitsuenetan eta hainbat herrialdetan (Alemania, Italia, Espainia, Frantzia, Argentina, Errusia, AEB, Herbehereak, Kuba, Errumania, etab.) programatu dira. Horietako batzuk Espainian eta Hungarian grabatutako CDetan daude.

Bere lan berrienen artean El canto de Atenea lana nabarmentzen da. Obra hori Baluarten estreinatu zen, Nafarroako Orkestra Sinfonikoak 2021-2022 Denboraldia ireki zuen programaren barruan. Gainera, 2022rako Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren enkargu den La victoria vacía obraren estreinaldia aurreikusita dago, munduari lehen itzuliaren 500. urteurrena ospatzen duen musika-proiektuaren barruan. Obra hori Baluarten entzun ahal izango da maiatzaren 19an, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen egingo duen biraren barruan.

(Biografia: https://www.musicadanza.es/es/tematicos/monografico-2/teresa-catalan - Kontsultatua: 2021/12/29)

Bideoak

Teresa Catalán Sánchez - Spot
11/12/2018

Zerrendara itzuli