Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak dohaintzan jaso du, Nafarroako Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboan sartzeko xedez, espainiar musikari nagusietakotzat jotzen den Teresa Catalán Sánchez, konpositorearen legatu pertsonala. Catalán-ek Kanpo Arazoetako Ministerioak 2011n emandako Meritu Zibilaren Ordenaren Golardoa jaso du, baita Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren 2017ko Musikaren Sari Nazionala ere, besteak beste.
Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak dohaintzan jaso du, Nafarroako Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboan sartzeko xedez, espainiar musikari nagusietakotzat jotzen den Teresa Catalán Sanchez konpositorearen legatu pertsonala. Catalán-ek Kanpo Arazoetako Ministerioak 2011n emandako Meritu Zibilaren Ordenaren Golardoa jaso du, baita Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren 2017ko Musikaren Sari Nazionala ere, besteak beste.
Urtarrilaren 4an, ostirala, izandako aurkezpen ekitaldian, Ana Herrerarekin batera izan dira Catalán bera eta Artxiboen eta Ondare Dokumentalaren Zerbitzuko zuzendari Joaquim Llanso. Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilari Ana Herrerak berariaz nabarmendu du Teresa Catalán-ek, Nafarroako Kultura Kontseiluko kidea izanik, Nafarroako Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboaren sorreran izan duen zeregina, izan ere, era aktiboan parte hartu du horren zabalkundean eta musika eta antzerkiko beste profesional batzuen dohaintzak erakartzeko ahalegineanen.
Ondoren, akordioa sinatu da, eta, horren arabera, emaileak erreprodukzio eta komunikazio publiko- eskubideak lagatu ditu, ez esklusiboki, jendaurrean jarri ahal izateko, kultura-bitartekaritzako (erakusketak) eta pedagogiako jardueren bidez. Gainerako egoeretan, berriz, bakar-bakarrik, ikasketa-, ikerketa- edo irakaskuntza-helburuetarako erabiliko dira. Beste edozein motatako komunikazio publikorako, obra erakusteko, erreproduzitzeko edo lagatzeko, zein beste edozein modutan erabiltzeko, artxiboak emailearen edo haren ordezkarien edo jaraunsleen berariazko baimena jaso beharko du.
Nafarroako Artxiboak, bere aldetik, konpromisoa hartu du, jasotako dokumentuak kontsultatu eta erreproduzitzeko, Jabetza Intelektualaren Legeak ezarritako baldintzen arabera; egilearen eskubide moralak errespetatzeko, modu honetan, dohaintzan emandako ondasunen erabilera publiko guztietan, horiek Teresa Catalán Funtsa-koak direla agerraraziko da, baita dagokion egilea ere. Halaber, Artxiboak, berak dokumentu-funtsaren tratamendu artxibistikoa ere eginen du zein jendaurrean jarri, eta agiriak digitalizatuko ditu kalitate handiko kopiak sor daitezen.
Nafarroako Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboa Nafarroako Errege Artxibo Nagusian kontserbatzen diren musika, dantza eta antzerkiaren arloetako funts dokumentalek osatzen dute, eta bertan, artxiboko tratamendua ematen diete ezagutzera emateko eta horien balioa aldarrikatzeko. Arlo horietan nabarmendu diren pertsonek egindako dohaintzez elikatzen da, nagusiki, eta ekarpen horien baturaren bitartez, Nafarroako musikaren eta arte eszenikoen historiaren ezagutza sustatu nahi du epe luzera begira, Artxibora funtsak ikertzeko nahiz zabakunde zientifikoa emateko inguratzen direnei horien aitorpena egiteko lana erraztuz.
Dohaintzaren edukia
Teresa Catalán-en dohaintza bi epetan eginen da. Lehendabizikoan, Nafarroako Artxiboan funtsa ireki izanaren kariaz, emaileak egindako ekoizpenaren lagin adierazgarria bildu da, eta bigarren fasea Catalanen sorkuntza-jarduera bukatu ondoren eginen da, tarteko dohaintzak egiteko aukera emanez.
Teresa Catalán-ek orain eman duen dokumentazioan era askotako agiriak bildu ditu; hala nola, 1994ra arte izandako korrespondentzia profesionala; 1981az geroko prentsa-oharrak; Konposizioaren espezialitaterako Irakasle Bereziaren (Katedra) plaza baterako oposizioen memoria; Alberto Bolet orkestra zuzendari eta biolinista kubatar-estatubatuarrak Nafarroako 1983ko jaialdietan emandako ikasgaiaren jatorrizko agiri bat; zenbait partitura, horien artean, Juan Berruezo de Mateo musikari militar eta La Pamplonesako zuzendariak 1920 aldera taxututako “Amaia” Poema Sinfonikoaren orkestrarako moldaketa, eskuz idatzitako sonatinak dituen partitura zahar bat eta Gartziaren Mezako lehenengo ahotsaren partitura; emailea buru izan duten Veruelako ikastaro eta jaialdiei buruzko dokumentazioa (paperezkoa), euskarri informatikoak bildutako informazio osagarriarekin; eta 1938ko martxoaren 15eko data daraman idazmakinaz idatziriko liburua, titulado “Melodía, frase y formas musicales” izenburukoa, azalean Hilarión Martín-Caro Bautista musikariari dagozkion siglak dituena.
Halaber, “Tonterías que dije en el Ateneo Navarro” idatzia duen antzinako paper multzoa bildu da. Barnean, Iruñeko Musika Bandak Iruñeko Orfeoiarekin eta Ganbera Orkestrarekin batera 1945eko azaroaren 24an Gaiarre Antzokian eskaini zuen San Zeziliaren Eguneko kontzertuaren programa dago. Kontzertu honetan, Juan Berruezo de Mateoren Amaia poema sinfonikoa programatu zen, Iruñeko Musika bandaren eskutik. Berruezo, “La Pamplonesa” taldearen 20ko hamarkadako lehen zuzendarietakoa eta ospe handiko musikaria ez ezik, Teresa Catalán-en ahaidea ere izan zen.
Teresa Catalán-en legatuan, poema sinfoniko honen egileak orkestra sinfonikorako landu eta sinatu zuen partitura ere bildu da. Luis Morondo zen zuzendaria, Remigio Múgica Orfeoia ondoan zuela.
Dohaintza osatzeko, Juan Berruezok Nafarroako Ateneoan hitzaldia emateko 1935eko martxoaren 18an bete zuen baimen-eskaera ofizialaren jatorrizko dokumentazioa bildu da, baita baimena eman zion erantzun ofiziala, hitzaldia iragarri zuten prentsa-ebakinak eta Juan Berruezok emandako hitzaldiaren testu osoa ere.
Dohaintza-egilearen biografia
Teresa Catalán Sánchez-ek Iruñeko “Pablo Sarasate” Kontserbatorioan egin zituen musika ikasketak, Fernando Remacha, Luis Morondo, Juan Eraso, Luis Taberna eta Pilar Bayona gisako irakasleek lagunduta, eta Pianoan eta Konposizioan titulatu zen. Ikasle ibili zen Ramón Barcek emandako Soziologia eta Estetika ikastaro egonkorretan, baita Agustín González Aciluren Konposizio Garaikideko Teknikei buruzko ikastaroetan ere, 1983tik 1986ra bitartean. Formakuntza garai horretan, halaber, Sienako (Italia) Accademia Musicale Chigiana delakoan emandako hobekuntza ikastaroetan parte hartu zuen Franco Donatoni konpositorearen esanetara, eta Luigi Nono, Samuel Adler, Yihzak Sadai, George Benjamin, Luca Lombardi, Leo Brower eta Guy Reibelen ikasgai magistralak jaso ditu, besteak beste.
Garai horretan, 1985ean, Iruñeko Musikagileen Taldearen sortzailekidea izan zen.
1990ean, oposizio bidez, Konposizio, Instrumentazio eta Forma Musikalen katedra lortu zuen, eta kargu horrexetan izan da Madrilgo Musika Errege Kontserbatorio Nagusian erretiroa hartu berri duen arte. Irakasle garaian nahiz egungo aldian, doktorego tesiak zuzentzen ditu zenbait unibertsitateren lankidetzaz, eta ikastaroak eta hitzaldiak ematen ditu hainbat erakunde eta entitatetan. Horrez gain, epaimahaikide gisa parte hartu ohi du konposizio eta interpretazioaren arloko estatuko zein nazioarteko sari eta lehiaketetan.
Catalán-ek Estetika eta Sorkuntza musikalari buruzko Masterra egin zuen 2000an eta Artearen Filosofian doktoratu zen 2005ean Valentziako Unibertsitatean. Hainbat liburu, artikulu eta txostenen egilea ere bada.
Bere konposizioetako batzuk Espainian eta Alemanian argitaratu ditu eta hainbat kontserbatoriotako ikasketa-programei atxikita daude. Arte Eszenikoen eta Musikaren Estatuko Kontseiluko eta Musikaren Kontseilu Artistikoko kidea izan da. Era berean, Nafarroako Kultura Kontseiluko kidea izan da bi legealditan eta Jakiunde Euskadi, Nafarroa eta Akitaniako Zientzia, Arte eta Letren Akademiako kidea da.
Konpositore bezala, Catalán-en lana musika post-tonalaren esparrukoa da eta bere lanik gehienak instrumentalak dira, pianorako zein ganberarako egindakoak, orkestra eta abesbatzarako obrak ere eginak dituelarik. Estatuko zein nazioarteko hainbat interprete eta erakunderen enkarguak jaso ditu, Budapesteko Radio Magyar, Franfurteko Europako Musikaren Foroa, Segoviako Don Juan de Borbon Fundazioa, Santanderko Nazioarteko Jaialdia, Cadizko Musika Espainiarraren Jaialdia, Valldemossako Chopin Jaialdiak eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoa tarteko direla, besteak beste.
Catalán-en lana Italia, Alemania, Frantzia, Errusia, Estatu Batuak, Errumania, Argentina, Hungaria eta Kuba gisako Europako eta Amerikako hainbat herrialdetako jaialdietan programatu izan da.
Teresa Catalán Sánchez - Spot
11/12/2018