es | eu | en | fr

Valentín Redín antzerki-zuzendariaren dokumentu-funtsa gehitu egiten du Nafarroako Artxiboak

2023/02/15
Valentín Redín antzerki-zuzendariaren dokumentu-funtsa gehitu egiten du Nafarroako Artxiboak
Chon Marcotegui eta Valentín Redín Cenicienta-ren eszena batean (Gayarre Antzokia, 1974)

Chon Marcoteguik, Valentín Redínen ezkontide eta lankide ezagunak, Nafarroako Artxiboari Valentin Redínen nortasuna erakusten duen funts dokumental garrantzitsu bat eman dio, Nafarroako panorama eszenikoaren erakusle den aldetik.

Valentín Redínek antzerki-zuzendari (bereziki nabarmendu zen eremua), aktore eta dramaturgo gisa egindako jardueraren dokumental-erakusketa batek osatzen du dohaintzan emandako funtsa. Bertan, besteak beste, Yo, Leonor eta Luz de ensayo bezalako sorkuntza propioak eta San Frantzisko Xabierkoari buruzko Javier. El divino impaciente bezalako egokitzapenak daude, L’Elisir d’Amore opera-ekoizpenak aparte. Obra propioen eta egokitzapenen testuekin batera, antzezpen bakoitzari dagozkion dokumentu-mota ugari dago: ideia-koadernoak, libretoak, korrespondentzia, lan-dokumentuak, ikuskizun-dosierrak, tresneria-elementuak, soinu-falkak, jantzietarako lan-materiala, eszenografia, figurinak, atrezzoa eta argiak, musika notatua eta inprimatua, abestien eta musika-gaien koadernoak, fitxa teknikoak, Jabetza Intelektualaren Erregistroko inskripzioak, antzezpenetarako baimenak, eskubideen lagapenak, kontratuak, antzezpen-egutegiak, lan-egutegiak eta parte-hartzaileen zerrendak, zirriborroak, esku-programak eta kartelak, argitalpenak, muntaien aurkezpenak, curriculumak, kontaktuak eta gonbidapenak, prentsa-zatiak, aurrekontuak eta kontabilitatea, fakturak eta ordainagiriak.

Funtsak, gainera, parte hartutako emanaldiei dagozkien ikus-entzunezko grabazio eta argazki ugari biltzen ditu, eta baita hainbat antzerki muntai, Iruñeko kabalgata eta Cunas Erakundearekin lotutako XX. mende hasierako argazki bilduma bat ere.

Funtsa Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboaren programan sartu ondoren, Nafarroako Errege Artxibo Nagusia artxibo-tratamenduari ekin dio jada, herritarren eskura jartzeko asmoz.

El Lebrel Blancoren kutsua

Valentín Redín Flamarique (Iruñea, 1943ko urtarrilaren 24a - 2010eko urtarrilaren 18a) antzerki-zuzendari gisa nabarmendu zen, aktore eta antzerkigile izateaz gain. Umetan hasi zen eszena-munduan, Cunas Erakundeak Gabonetako jaietan Gayarre Antzokian egiten zituen haurrentzako ipuin-muntaietan. Antzerkiarekin zuen lotura Ximénez de Rada Institutuan eta 1960ko hamarkadako unibertsitate-ekoizpenetan jarraitu zuen.

1970ean, El Lebrel Blanco Nafarroako antzerkiaren historiako antzerki-konpainia garrantzitsuenetarikoa sortu zuen. Konpainia hori 1971n jarri zen abian haur-antzerkiaren arloan, Aita Carmeloren El violín encantado antzezlanarekin. Ondoren, Francis Bartolozziren ipuin-egokitzapenak egin zituen, eta 1973an helduentzako antzerkira iritsi zen, García Lorcaren Yerma antzezlanarekin. Horrekin batera, Patxi Larrainzarrek idatzitako lanak eszenaratu zituen, non une hartan iritzi publikoa zatitzen zuten gai politikoak planteatu zituen, hala nola Carlismo y Música Celestial, Utrimque Roditur eta Navarra sola o con leche.

1976an, Valentín Redínek, 1789 o La ciudad revolucionaria es de este mundo lanari esker, El País egunkariak emandako zuzendaritza nazional onenaren Saria lortu zuen. Obra hori Estatu osoan urteko ikuskizunik onena bezala kalifikatua izan zen.

Valentín Redín eszena-zuzendari handi gisa nabarmendu zen bere ibilbide osoan, El Lebrel Blancoren eta beste talde batzuen eskutik bultzatu zituen muntaia ugarietan kritikaren eta publikoaren aldetik izugarrizko arrakasta izanda, eta, era berean, administrazio publikoen babespean kultur kudeatzaile eta animatzaile aparta zela erakutsi zuen. 1994an, Iruñeko Gayarre Antzokiaren Konpainia Titularra sortu zuen, non hainbat muntaia egin zituen: Celos en el aire, La ratonera, Peribáñez y el comendador de Ocaña, Dina la cerillerita edo Crimen perfecto. Geroago, bere muntaietarako “Lebrel Blanco Produkzioak” sortu zuen, 2006an Luz de Ensayo estreinatu zuen bezala.

90eko hamarkadan, Iruñeko Errege Magoen Kabalgata Elkartearekin lan egin zuen eszenografiarako eta jantzietarako, bai eta Villoslada Nafar Institutuko eskola-antzerkiko taldeekin ere.

Antzerkiaren sustatzailea zerbitzu publikotik

Iruñeko Udaleko funtzionarioa izan zen, non hainbat postu bete zituen Iruñeko Udaleko Protokolo eta Kultura arloetan. 1991tik 1995era bitartean informazio-bulegoa zuzendu zuen, Udaleko protokolo-burua izan zen eta 1995ean Kultura Gaien arloko zuzendaritza hartu zuen. Handik, Gayarre Antzokiaren berreskuratzea bultzatu zuen, udal jabetzakoa izan arren, enpresa pribatu batek kudeatzen baitzuen. Orduan sortu zen Gayarre Antzokia Udal Fundazioa, eta bertako lehen gerentea izan zen. Antzokia hirira zabaldu zuen, askotariko programazio erregularrarekin. 1983ra arte Vianako Printzea Erakundeko Kultur Jardueren Zerbitzuko buru ere izan zen, eta 1981ean Erriberriko Jaialdiak sortu zituen. Geroago, Nafarroako Gobernuaren enkarguz, antzerkia, dantza eta lurreko folkloreari buruzko musikarekin Ama Lur muntaia sortu zuen 1992ko Sevillako Erakusketa Unibertsalerako. 1999an Nafarroako Parlamentura pasa zen José Luis Castejón presidentearen kabineteburu gisa (1999-2003). Iruñeko Udalera itzuli zen eta bertako Turismo Departamentutik erretiroa hartu zuen 2006an.

Zerrendara itzuli