es | eu | en | fr

Ansó Zunzarren, Mariano

Ansó Zunzarren, Mariano

Iruñea, 1899 – Biarritz, 1981

Abokatua, politikaria, idazlea eta antzerki egilea

Mariano Ansó Zunzarren abokatu eta politikari errepublikanoa izan zen.

Tafallako eta Iruñeko Eskolapioetan, Maristetan eta Iruñeko Institutuan ikasi zuen. 1921ean Zuzenbidean lizentziatu zen Madrilgo Complutense Unibertsitatean. Gaztaroan, abokatu formazioa eta antzerkigile bokazioa uztartu zituen. Bere lehen obra, Redimirse izeneko komedia dramatikoa, Gayarre Antzokian estreinatu zen 1919ko maiatzaren 8an.

Primo de Riveraren diktaduran, buruzagi anarkista garrantzitsu batzuen defendatzaile izan zen.

Nafarroako errepublikanismoaren buru esanguratsuenetako bat izan zen.

1931ko apirileko hauteskundeetan, Iruñean gehiengoa lortu zuen hautagaitza errepublikano-sozialistako kide izan zen, eta Nafarroako hiriburuko udaletxeko balkoitik erregimen berria aldarrikatzeko ekitaldian parte hartu zuen hizlari gisa. 1931ko maiatzaren 13an sortutako batzorde txostengileko kide izendatu zuen Diputazioko Gestorak, autonomia-estatutuko bi proiektu egiteko: Euskal Herria-Nafarroakoa eta Nafarroakoa soilik. Udal berriaren eraketan, 1931ko ekainaren 5ean, Mariano Ansó aukeratu zuten Iruñeko alkate.

1931ko ekainean Gorteetarako hauteskundeetan diputatu hautatu zuten.

1936ko otsaileko hauteskundeetan, Gipuzkoako Ezker Errepublikano alderdiko hautagai gisa aurkeztu zen Fronte Popularreko zerrendetan, eta berriz ere diputatu akta lortu zuen. Altxamendu militarraren albistea Madrilen ezagutu zuen. Tropen aurrerapenak Donibane Lohizunera joatera behartu zuen.

Juan Negrinen lehen gobernuan Justizia Ministerioko idazkariorde izendatu zuten. Manuel Irujok dimisioa eman ondoren, Justizia ministro izendatu zuten 1937ko abenduan, eta kargu hori izan zuen 1938ko ministerio-krisia arte.

Gerra zibilaren amaieran Frantziara pasatu zen, non Vichyren erregimenaren egoera zailei aurre egin behar izan zien eta hainbat aldiz espetxeratu zuten. Mundu Gerra amaitu ondoren, Londresera joan zen, non Negrinekin zuen lankidetzari berrekin zion. 1945ean Biarritzen jarri zen bizitzen, eta handik jarraitu zuen Errepublikako Gobernuarekin elkarlanean erbestean.

Erbestean bi antzezlan idatzi zituen: La patria dormida eta Cartas a mujeres, Editorial Gomezek 1960an argitaratuak. 1977an bere memoriak argitaratu zituen Yo fui ministro de Negrín izenburuarekin, zein Espejo de España sarian finalista suertatu zen.

Funtsa 2017an sartu zen NAOn, Amancio Ansó López-ek eta Gloria Ansó López-ek dohaintzan eman ondoren.