es | eu | en | fr

Beethoven irudiak. Kapritxo Sinfonikoa

Nafarroako Orkestra Sinfonikoa / Orquesta Sinfónica de Navarra

Koldo Karmelo Pastor Arriazu 1947ko urtarrilaren 1ean jaio zen Iruñean.  Musika ikasten hasi zen Pablo Sarasate Kontserbatorioan, baina Kontrapuntu eta Fuga ikasketak Donostiako Kontserbatorio Nagusian amaitu zituen. Harmonia eta Konposizio, Musika Pedagogia eta Koru Zuzendaritza ikasketak, aldiz, Zaragozako Goi Mailako Kontserbatorioan burutu zituen. Bere formakuntza akademikoaren osagarri modura, konposizio eta musikaren soziologia ikasketak Agustín González Azilu eta Ramón Barce bezalako musikari garrantzitsuekin egin zituen.

Iruñeko Taldeko kide, lan handia egin du konpositore gisa, musika eszeniko, sinfoniko, banda, abesbatza, ahots eta akonpainamendu, musika-tresna, piano, baliabide misto eta zinerako intzidente-musika lanekin.

Baluarte Fundazioaren enkarguz, Koldo Pastorrek Beethoven Irudiak. Kapritxo Sinfonikoa konposatu zuen Nafarroaren Egunerako. Obra hau Beethovenen 3., 5., 7. eta 9. sinfonietan oinarritzen da, horiek eragin baitute eraginik handiena konpositorean. Konpositore alemanaren musika-pasarteak kopiatzera mugatu gabe, oso lan pertsonala da, Koldo Pastorrek Beethovenen irudiarekiko mirespenaren ondorioz sortua.

Grabaketa data

2020ko irailaren 21etik 25era.

Interpretatzaileak

Nafarroako Orkestra Sinfonikoa

Nafarroako Orkestra Sinfonikoa Pablo Sarasate jaunak sortu zuen 1879an; horrenbestez, jardunean ari den talderik zaharrena da Espainiako orkestren artean. Baluarte Fundazioan integraturik dago, eta nola fundazio hori nagusiki Nafarroako Gobernuak finantzaturiko erakunde bat den, Nafarroako Orkestra Sinfonikoa Foru Erkidegoko orkestra ofiziala da. Bere ehun eta berrogei urteko historian, Nafarroako Orkestra Sinfonikoak emanaldiak eskaini ditu Espainiako zein atzerriko auditorio, opera denboraldi eta jaialdi garrantzitsuenetan. Bereziki garrantzitsuak izan dira Parisko Theatre des Champs Elysees eta Theatre du Chatelet antzokietan eskaini dituen kontzertuak, bai eta Universal Music zigiluak Europako auditorio garrantzitsuenetan barrena antolatutako kontzertu bira. Nafarroako Orkestra Sinfonikoa Pablo Sarasate konposatzaile eta biolin-jolearen erreferentziazko interpretea da, eta nazioarteko kritikariek aho batez goraipatu dute Tianwa Yang biolin-jolearekin grabatu zuen Sarasateren integralaren diskoa (Naxos zigilua). Nafarroako Orkestra Sinfonikoak hainbat grabaketa garrantzitsu egin ditu Antoni Wit (zuzendari titularra 2017-2018 denboraldira arte) maisu poloniarrarekin. NOSak kontzertu-denboraldia aurkezten die urtero Nafarroako biztanleei, besteak beste, Iruñeko Baluarte Auditorioan eta Tuterako Gaztanbide Antzokian. Jarduera sozial eta hezitzailea garatzen du Foru Erkidego osoan.

Manuel Hernández-Silva

Zuzendaria

Vienako goi-mailako kontserbatorioan graduatu zen ohorezko matrikularekin Reinchard Schwarz eta Georg Mark irakasleen katedran. Bere diplomaturaren urtean, Vienako Ganbera Orkestrak antolatutako Forum Jünger Künstler zuzendaritza lehiaketa irabazi zuen, eta talde hori, hain zuzen, Austriako hiriburuko Konzerthaus edo Linz hiriko Brucknerhaus kontzertu etxean zuzendu zuen.

Kordobako Orkestrako zuzendari titularra izan da eta Caracasko Simón Bolívar Orkestrako zuzendari nagusi gonbidatua. Andaluziako Gazte Orkestrako zuzendari musikala ere izan da. Gaur egun, Malagako Orkestra Filarmonikoaren eta Nafarroko Sinfonikoaren zuzendari titular eta artistikoa da.

Hernández Silva maisuak lan oparoa egin du irakaskuntzan. Izan ere, nazioarteko zuzendaritza eta interpretazio ikastaroak eman ditu, bai eta hitzaldi aunitz ere.

Orkestra askotara gonbidatu dute zuzendari aritzeko. Hona hemen: Vienako Sinfonikoa, Pragako Irratikoa, Israelgo Sinfonikoa, Seulgo Filarmonikoa (Korea), Nord-Tchechische Philarmonie (Txekiar Errepublika), Karlsbadeko Sinfonikoa (Txekiar Errepublika), Olomouceko Filarmonikoa (Txekiar Errepublika), Rheinische Philharmonie, BIel Orkestra Sinfonikoa, Puerto Ricoko Sinfonikoa, Txileko Nazionala, Venezuelako Sinfonikoa, Bogotako Filarmonikoa, Mexikoko Sinfoniko Nazionala, Caracasko Udal Orkestra, Simón Bolívar Sinfonikoa (Venezuela), Wuppertalgo Orkestra Sinfonikoa (Alemania) eta Janacek Filarmonika (Txekiar Errepublika). Espainian ia orkestra guztietara gonbidatu ohi dituzte.

Dokumentuak

Beethoven irudiak. Kapritxo Sinfonikoa
15/03/2021