es | eu | en | fr

Concierto para piano y orquesta n. 2

Nafarroako Orkestra Sinfonikoa / Orquesta Sinfónica de Navarra eta Jorge Robaina

Emiliana de Zubeldia bederatzi anai-arrebetatik zortzigarrena izan zen. Pianojole, zuzendari eta irakasle gisa aritutako konpositore honek Iruñean hasi zituen ikasketak José Ezcurrarekin batera eta geroago, Udal Musika Akademian. Haren musika-hezkuntza dedikazio profesional bihurtu zenez, Parisera joan zen Vincent d’Indyk eta Charles Bordes folkloristak sortutako Schola Cantorum delakoan ikasketak zabaltzeko asmoz. Horregatik, bere konposizioetan erabiltzen ditu folkloretik datozen melodiak ñabardura nazionalistak adierazteko. Iruñera itzultzean, pianoko kontzertista gisa hasi zen eta Iruñeko Udal Musika Eskolako irakasle postua lortu zuen. Dibortziatu ondoren, Parisen jarri zen bizitzen, Balet Errusiarren piano-jole gisa, eta organo-jole gisa ere aritu zen. Iruñerako buelta labur bat eta gero, Ameriketara joan zen Brasil, Uruguai, Argentina edo Estatu Batuetatik pasatuz, eta, azkenean, Mexikon jarri zen bizitzen. Bertan, bizitza berri bat eraiki zuen jaioteguna aldatuz eta biografiaren xehetasunak ezkutatuz.

Grabaketa data

2020ko irailaren 21etik 25era.

Interpretatzaileak

Jorge Robaina

Kanaria Handiko Las Palmasen jaio zen, eta hantxe bertan hasi zen musika ikasten. 15 urterekin Austriara joan zen eta Vienako Estatu Kontserbatorioan osatu zuen bere musika ikaskuntza. Nazioko eta nazioarteko hainbat sari irabazi ditu; hala nola, Pegasus eta Bosendorfer sariak Vienan, Coleman Santiagon, Espainiako Gazteria Musikalak eta Jacinto Guerrero Fundazioaren piano-jole onenaren saria bi aldiz. Bakarlari gisa aritu da Asturiasko Orkestra Sinfonikoarekin, Kanaria Handiko Filarmonikarekin, Tenerifeko Sinfonikarekin, Oviedoko Orkestra Sinfonikoarekin, Kordobako Orkestrarekin, Espainiako Orkestra Nazionalarekin, RTVEeko Orkestrarekin, Poloniako Irrati-Telebistaren Orkestrarekin, Murtzia Eskualdeko Orkestrarekin, Hungariako Ganbera Orkestra Sinfonikoarekin eta Vienako Mozart Orchester-ekin; besteak beste.

Ritmo aldizkariaren saria jaso zuen Guridi eta Aita Donostiaren pianorako lanen diskoagatik. Bakarkako bigarren diskoa bigarren errepublikako konpositore espainiarren obran oinarritu zen. Ondorengo obretan munduko lehen grabazioak egin zituen: Falcón-Sanabriaren Concierto para piano-n, Carmelo Bernaolaren Nostálgico para piano y orquesta-n eta Ángel Martín Pompey-ren Concierto para dos pianos y gran orquesta-n Marta Zabaletarekin batera. Gaur egun, Madrilgo Goi Mailako Kantu Eskolako Ahots Errepertorioko katedraduna da eta espezialitate honetako ikastaroak ematen ditu Espainian eta Estatu Batuetan.

Nafarroako Orkestra Sinfonikoa

Nafarroako Orkestra Sinfonikoa Pablo Sarasate jaunak sortu zuen 1879an; horrenbestez, jardunean ari den talderik zaharrena da Espainiako orkestren artean. Baluarte Fundazioan integraturik dago, eta nola fundazio hori nagusiki Nafarroako Gobernuak finantzaturiko erakunde bat den, Nafarroako Orkestra Sinfonikoa Foru Erkidegoko orkestra ofiziala da. Bere ehun eta berrogei urteko historian, Nafarroako Orkestra Sinfonikoak emanaldiak eskaini ditu Espainiako zein atzerriko auditorio, opera denboraldi eta jaialdi garrantzitsuenetan. Bereziki garrantzitsuak izan dira Parisko Theatre des Champs Elysees eta Theatre du Chatelet antzokietan eskaini dituen kontzertuak, bai eta Universal Music zigiluak Europako auditorio garrantzitsuenetan barrena antolatutako kontzertu biratan. Nafarroako Orkestra Sinfonikoa Pablo Sarasate konposatzaile eta biolin-jolearen erreferentziazko interpretea da, eta nazioarteko kritikariek aho batez goraipatu dute Tianwa Yang biolin-jolearekin grabatu zuen Sarasateren integralaren diskoa (Naxos zigilua). Nafarroako Orkestra Sinfonikoak hainbat grabaketa garrantzitsu egin ditu Antoni Wit (zuzendari titularra 2017-2018 denboraldira arte) maisu poloniarrarekin. NOSak kontzertu-denboraldia aurkezten die urtero Nafarroako biztanleei, besteak beste, Iruñeko Baluarte Auditorioan eta Tuterako Gaztanbide Antzokian. Jarduera sozial eta hezitzailea garatzen du Foru Erkidego osoan.

Manuel Hernández-Silva

Zuzendaria

Vienako goi-mailako kontserbatorioan graduatu zen ohorezko matrikularekin Reinchard Schwarz eta Georg Mark irakasleen katedran. Bere diplomaturaren urtean, Vienako Ganbera Orkestrak antolatutako Forum Jünger Künstler zuzendaritza lehiaketa irabazi zuen, eta talde hori, hain zuzen, Austriako hiriburuko Konzerthaus edo Linz hiriko Brucknerhaus kontzertu etxean zuzendu zuen.

Kordobako Orkestrako zuzendari titularra izan da eta Caracasko Simón Bolívar Orkestrako zuzendari nagusi gonbidatua. Andaluziako Gazte Orkestrako zuzendari musikala ere izan da. Gaur egun, Malagako Orkestra Filarmonikoaren eta Nafarroko Sinfonikoaren zuzendari titular artistikoa da.

Hernández Silva maisuak lan oparoa egin du irakaskuntzan. Izan ere, nazioarteko zuzendaritza eta interpretazio ikastaroak eman ditu, bai eta hitzaldi aunitz ere.

Orkestra askotara gonbidatu dute zuzendari aritzeko. Hona hemen: Vienako Sinfonikoa, Pragako Irratikoa, Israelgo Sinfonikoa, Seulgo Filarmonikoa (Korea), Nord-Tchechische Philarmonie (Txekiar Errepublika), Karlsbadeko Sinfonikoa (Txekiar Errepublika), Olomouceko Filarmonikoa (Txekiar Errepublika), Rheinische Philharmonie, BIel Orkestra Sinfonikoa, Puerto Ricoko Sinfonikoa, Txileko Nazionala, Venezuelako Sinfonikoa, Bogotako Filarmonikoa, Mexikoko Sinfoniko Nazionala, Caracasko Udal Orkestra, Simón Bolívar Sinfonikoa (Venezuela), Wuppertalgo Orkestra Sinfonikoa (Alemania) eta Janacek Filarmonika (Txekiar Errepublika). Espainian ia orkestra guztietara gonbidatu ohi dute.

Dokumentuak

Concierto para piano y orquesta n. 2
15/03/2021