ES/NA/AGN/F025
Felipe Gorriti
1882
Funtsa
2 kutxa
Felipe Gorriti Osambela
Uharte Arakilen jaio zen 1839ko abuztuaren 23an eta bere aitaren eskutik prestakuntza musikala jaso zuen. Aita garai hartan organista zen, eta hori erabakigarria izango zen berak ere etorkizunean organoarekin lan egiteko bai ibilbide profesionaletik bai konposizioan. Tafallako Santa María elizako organista izendatu zuten 1859an. 1867an Tolosara bizitzera joan zen eta bere maisu izandako Cándido Aguayo organistaren postua hartu zuen. Bertan, jarduera musikal itzela hedatu zuen, konposizioa, interpretazioa eta irakaskuntza barne hartzen zuena, 1896ko martxoaren 12an zendu zen arte.
Felipe Gorriti-ren prestakuntza musikalaren ibilbideak argi islatzen du bere garaiko konpositoreek zer prestakuntza-aukera zituzten. Ordukoa trantsizio-unea izan zen, non prestakuntza musikala oraindik, hein handi batean, elizetako kaperetan zentralizatuta zegoen, baina, halaber, erakunde zibilen mendekoak ziren musika irakasteko zentro berriak sortzen hasi ziren (kontserbatorioak, eskolak). Horrela, bere aita León Gorriti-k, bere herriko idazkari-organistak, musikaren lehenengo ezagutzak eman zizkion, baina berehala ulertu zuen haurraren talentuak arreta berezia merezi zuela, izan ere, 11 edo 12 urte baino ez zituela Tafallara bidali zuen José Preciado kapera-maisuarekin ikastera. Geroago, Felipe Gorriti-k Pianoa eta Harmonia ikasi zituen Mariano García-rekin, zeinak Iruñeko Katedralean lan egiten zuen konpositore eta instrumentista gisa. Horrez gain, prestakuntza jaso zuen Cándido Aguayo Tolosako Santa Mariako organista eta kapera-maisuaren eskutik. 1855ean Madrilgo Errege Kontserbatorioan izena eman zuen eta, bertan, Román Jimeno-rekin Organoa eta Konposizioa Hilarión Eslava-rekin ikasi zituen, zeinak urte horretan katedra estreinatzen zuen. Felipe Gorriti Burlatako maisu gisa hartu izan da beti eta ikasketak amaitu zituenean, oraindik 20 urte bete gabe zituela, zilarrezko domina lortu zuen kontserbatorioak urtero antolatzen zuen lehiaketan.
Ikasketak amaitu eta gutxira, 1859an, Tafallako Santa Maria parrokiako kapera-maisuaren eta organistaren postua eskuratu zuen oposizio bidez. Orduz geroztik nolabaiteko fama hartzen hasi zen eta inguruko herrietako dizipuluak erakartzen hasi zen, haien artean, Apolinar Brull, San Martin Unxekoa, eta Calixto Barcos. Gorriti berehala integratu zen hiriko giroan eta Eugenia Izurekin ezkondu zen. Bertan jaio ziren ere bai bere hiru seme-alabak: Mª Felisa, hiru urte eta erdi baino ez zituela hil zena, Felipa Santiaga Segismunda (familiartean “Segis” ezizena zuena) eta Silvino, lau urte zituela Uharte Arakilen hil zena. Tolosan beste bi alaba izan zituen: Elodia eta Silvina, azken hori jaio eta egun batzuetara hil zena. Tafallan, kaperako musika zuzendu zuen, oraindik hasiberria zen musika-banda antolatu zuen eta bere obra onenetako batzuk idatzi zituen: Surge propera, Misa de Requiem, sonatak, organorako beste obra batzuk, etab.
1867an Tolosako (Gipuzkoa) kaperako organista eta maisuaren postua hutsik geratu zen, bere irakaslea izan zenak, Cándido Aguayok, uko egin baitzion. Gorritik postua eskuratu zuen oposizio bidez eta kargu horretan aritu zen 1896an zendu zen arte. Santa Mariako parrokian bere obra erlijiosoak interpretatzeko 28 musikariz (gizonezko abeslariak, harizko eta haizezko musika-tresnak) osatutako kapera bat zuen; aintzat hartzeko moduko kopurua da hori Espainian XIX. mendearen erdi aldeko kaperen egoera prekarioa kontuan hartuz gero. Tolosan musika-bandaren zuzendaritzan eta irakaskuntzan lan egin zuen, eta dizipulu musikari ezagunak izan zituen, Vicente Goicoechea eta Eduardo Mocoroa adibidez.
Uharte Arakilgo maisuak erdietsi zuen ospearen eta mailaren adibiderik argiena dira Pariseko Organista eta Kapera-Maisuen Nazioarteko Sozietatearen konposizio-lehiaketetan lortu zituen arrakastak. Haien epaimahaia munta handiko konpositorez osatuta zegoen; Dubois, César Franck, Guilmant eta Lefévre-Niedermeyer eta beste batzuez. Gorriti 1881etik aurrera zazpi aldiz aurkeztu zen lehiaketa horietara eta lehenengo lau sari eta lehenengo hiru aipamen irabazi zituen. 1882an sari horietako lau jarraian lortu zituenean, epaimahaiak erabaki zuen aurrerantzean lehiaketetan parte hartu ahal izango zuela baina soilik ohorezko gisa. Lehiaketa horien garrantziaren ideia bat egiteko, esango dugu sarituen artean Boëllmann eta Piernéren mailako organistak egon zirela.
Nazioarteko arrakasta horien ondoren, bere ospea nabarmen areagotu zen. Hala ere, Tolosan zuen bizitza xumearekin jarraitu zuen, parrokiaren zerbitzura, 1896ko martxoaren 12an zendu zen arte.
Bere katalogoa 240 obra inguruz osatuta dago, gehienak erlijiosoak. Bere ekoizpenean, aipatzekoak dira Misa en Do, 1885ean Tolosako Santa Mariako Stolz Frères organoaren inauguraziorako konposatu zuena; ahots zurientzako Misa en Re, klausurako mojen Santa Clara komentuko organoaren inauguraziorako; Miserere “Viejo” eta Miserere “Grande” ezagunak; Sub tuum proesidium moteta (Parisen saritua); Ecos de Andía, Iruñeko orfeoien lehiaketa baterako idatzitako konposizioa; Agur Jesusen Ama, birjinari eskainitako abesti izugarri ezaguna; Cinco versos sobre el Magnificat eta Marcha fúnebre para órgano, biak ala biak Parisen sarituak; etab.
Gorriti-ren musikak bere garaian Espainian eta nazioartean aitortza jaso zuen, eta egun izen handia du interpreteen artean, batez ere abesbatzen zuzendari eta kideen eta organisten artean. Bere konposizioen azterketak Espainiako musika erlijiosoaren une interesgarri bat islatzen digu, non bat egiten duten opera-estilo italiarrak (bereziki Bellini), Europaren erdialdeko erromantizismoak, Frantziako organo-eskolak, musika folklorikoaren eraginak eta musika erlijiosoaren erreformak.
Gainera, inprobisatzeko zuen trebetasun itzelarengatik gailendu zen, baita organoaren teknika menderatzen zuelako ere. Musika-tresna horretarako konposatu zituen Espainiako lehenengo obra erromantikoak; hortaz, baiezta dezakegu bere ekarpena erabakigarria izan zela hura jakitera emateko.
Bestalde, bere garaiko gizartearen testuinguruan, kapera-maisu gisa egin zuen lanak erakusten digu lan horrek barne hartu ohi zituen alderdi ezberdinei (konpositorea, irakaslea eta organista) esparru erlijiosotik at zeuden beste batzuk gehitzen zitzaizkiela (adibidez, bertako bandaren zuzendaritza eta musika-eskolako irakaslea).
Bere lan pedagogikoaren itzala guregana iritsi da “bere dizipuluen dizipuluen” bidez. Ildo horretan, ez dugu ahaztu behar bere lana jakitera eman zuela Javier Bello-Portuk, Eduardo Mocoroa-ren ikasleak, zeina, aldi berean, Gorritiren begiko dizipulua izan zen.
Laburbilduz, XIX. mendeko Espainiako musika erlijioso eta organistikoaren funtsezko pertsonetako bat da.
Berta Moreno Moreno-ren Felipe Gorriti (Kontsultatua: 2019/03/04).
[-] Ezkutatu
[+] Gehiago irakurri
Funtsa 1916an sartu zen Carmelo Calvo-ren dohaintzan.
Funtsa bi partiturez osatuta dago: Miserere "Viejo" eta Pasodoble.
Dokumentazioa modu presentzialean eskuragarria da publikoarentzat Nafarroako Errege Artxibo Nagusian eta Artxibo Irekiaren bitartez.
Bere kontsulta eta erreprodukzioa 373/2013 Ebazpena, abenduaren 9koa, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak emandakoari lotuta dago non onartzen dituen Nafarroako Errege Artxibo Nagusia dokumentuak eskuratu, kontsultatu eta erreproduzitzeko barne-arauak.
Musika erlijiosoa, Bandarako musika, Musika sinfoniko korala.