es | eu | en | fr

Te Deum para orquesta y coro

Nafarroako Orkestra Sinfonikoa / Orquesta Sinfónica de Navarra eta Iruñeko Orfeoia / Orfeón Pamplonés

Lorenzo Ondarrak Nafarroako, Kantabriako eta Aragoiko Kaputxino probintziako Berrezarpenaren I. Mendeurrena ospatzeko konposatu zuen Te Deum 1998. urtean. Obra honek amaiera eman zion Errenteriako (Gipuzkoa) Musikaste Euskal Musikaren XXVIII. jaialdiari. Partitura melodia gregorianoetan oinarritzen da. Horrek, izaera modala ematen dio musikari, baina orkestrazio distiratsua dauka haize-instrumentuei esker. Musikagilearen kalitate artistikoa dela eta, haren musikak hainbat sari jaso zituen: Arte Ederren Sari Nazionala, 1969an; Euskal Herriko Txistularien Elkartearena edo Nafarroako Koruen Federazioaren Urrezko Domina, 2011n.

Grabaketa data

2020ko irailaren 21etik 25era.

Interpretatzaileak

Iruñeko Orfeoia

Iruñeko Orfeoiaren historia 1865ean hasten da. Urte horretan sortu zen Joaquín Mayak zuzendu eta Conrado García buru zituen erakundea. 1873an desagertu egin zen lehen talde honen jarduera. 1881ean Iruñeko Orfeoi Ateneoa sortu zen, 1885 arte egon zena. Azkenik, Fidel Mayak zuzendutako behin betiko Iruñeko Orfeoia sortu zen 1890eko abuztuaren 28an. 1891n kargua utzi eta Remigio Múgicak ordezkatu zuen. Iruñeko Orfeoiaren zuzendaritzatik, musikaren arloko hainbat pertsonaia ospetsu pasa izan dira: Martín Lipúzcoa, Juan Eraso, Pedro Pirfano, José Antonio Huarte, Juan Carlos Múgica, Koldo Pastor, Pascual Aldave, Alfonso Huarte eta egungo zuzendaria den Igor Ijurra.

Hamarkada hauetan guztietan, jarduera handia egin du errepertorio sinfoniko koralean, eszenikoan eta capella-n. Nafarroako kultur bizitzan duen adierazgarritasuna dela eta, garrantzi artistiko, sozial eta instituzional berezia duten ekitaldietan egotea eskatzen diote. Erakunde honen garrantzia ez da Foru Komunitatera soilik mugatzen. Azken hamarkada honetan, nazioartekotze-prozesu bat bizi izan du, eta, horren ondorioz, Mexiko, Estatu Batuak, Ingalaterra, Frantzia eta Errusia bezalako herrialdeetako agertoki handietara iritsi da, eta nazioarteko jaialdi sinfoniko ospetsuenetako batzuetan parte hartu du; hala nola, PROMS edo San Petersburgoko Gau Zurietan.

Vianako Printzea Saria, Arte Ederren Merituaren Urrezko Domina eta Nafarroako eta Iruñeko Urrezko Dominak ditu jasotako sarien artean.

Igor Ijurra Fernández

Zuzendaria

Abesbatza Zuzendaritzako goi-mailako tituluduna da MUSIKENE Euskadiko Goi Mailako Musika Eskolan. Kantu eta Solfeoko titulua eskuratu zuen Iruñeko Sarasate Musika Kontserbatorioan eta zuzenbidean lizentziaduna da, Nafarroako Unibertsitatean. Juanjo Mena, Philip Ledger, Johan Duijck, Javi Busto, Gary Graden, Peter Erdey, Laszlo Heltay, Gabriel Baltes, Donato Renzetti, Massimiliano Caldi, Kenneth Kiesler, Manuel Hernández Silva eta Yaron Traub bezalako garrantzi handiko zuzendarien gidaritzapearekin batera zabaldu du bere musikari gisa duen prestakuntza. 

Iruñeko Orfeoiaren egungo zuzendariak errepertorio sinfoniko koral handia landu du, baita Mozart, Verdi eta Pucciniren operak edo Fallaren La vida breve ere. Bere errepertorian 30 obra berri sartu zituen. Espainiako Abesbatza Nazionala, RTVEko Abesbatza, Madrilgo Komunitateko Abesbatza, Iruñeko Ganbera Abesbatza, Nafarroako Orkestra Sinfonikoa eta Malagako Orkestra Filarmonikoa bezalako beste talde batzuetan abesbatzako eta orkestrako zuzendari gisa parte hartu du. Zuzendaritza-ikastaroak, musika-tailerrak zein hitzaldiak ematen ditu, eta abesbatza-lehiaketetan epaimahaikide aritzeko ere gonbidatzen dute.

Hego Euskal Herriko autoreen konposizioak sarri estreinatzen eta interpretatzen ditu, eta Lorenzo Ondarra (1931-2012) konpositorearen lana ezagutarazten du.

Abesbatza Elkarteen Espainiako Konfederazioak (COACE) ematen duen Urrezko Diapasoia saria eskuratu zuen 2014an. 2016ko azarotik, Jakiunde, Nafarroako, Euskadiko eta Akitaniako Zientzia, Arte eta Letren Akademiako ikasle gaztea da.

Nafarroako Orkestra Sinfonikoa

Nafarroako Orkestra Sinfonikoa Pablo Sarasate jaunak sortu zuen 1879an; horrenbestez, jardunean ari den talderik zaharrena da Espainiako orkestren artean. Baluarte Fundazioan integraturik dago, eta nola fundazio hori nagusiki Nafarroako Gobernuak finantzaturiko erakunde bat den, Nafarroako Orkestra Sinfonikoa Foru Erkidegoko orkestra ofiziala da. Bere ehun eta berrogei urteko historian, Nafarroako Orkestra Sinfonikoak emanaldiak eskaini ditu Espainiako zein atzerriko auditorio, opera denboraldi eta jaialdi garrantzitsuenetan. Bereziki garrantzitsuak izan dira Parisko Theatre des Champs Elysees eta Theatre du Chatelet antzokietan eskaini dituen kontzertuak, bai eta Universal Music zigiluak Europako auditorio garrantzitsuenetan barrena antolatutako kontzertu biratan. Nafarroako Orkestra Sinfonikoa Pablo Sarasate konposatzaile eta biolin-jolearen erreferentziazko interpretea da, eta nazioarteko kritikariek aho batez goraipatu dute Tianwa Yang biolin-jolearekin grabatu zuen Sarasateren integralaren diskoa (Naxos zigilua). Nafarroako Orkestra Sinfonikoak hainbat grabaketa garrantzitsu egin ditu Antoni Wit (zuzendari titularra 2017-2018 denboraldira arte) maisu poloniarrarekin. NOSak kontzertu-denboraldia aurkezten die urtero Nafarroako biztanleei, besteak beste, Iruñeko Baluarte Auditorioan eta Tuterako Gaztanbide Antzokian. Jarduera sozial eta hezitzailea garatzen du Foru Erkidego osoan.

Manuel Hernández-Silva

Zuzendaria

Vienako goi-mailako kontserbatorioan graduatu zen ohorezko matrikularekin Reinchard Schwarz eta Georg Mark irakasleen katedran. Bere diplomaturaren urtean, Vienako Ganbera Orkestrak antolatutako Forum Jünger Künstler zuzendaritza lehiaketa irabazi zuen, eta talde hori, hain zuzen, Austriako hiriburuko Konzerthaus edo Linz hiriko Brucknerhaus kontzertu etxean zuzendu zuen.

Kordobako Orkestrako zuzendari titularra izan da eta Caracasko Simón Bolívar Orkestrako zuzendari nagusi gonbidatua. Andaluziako Gazte Orkestrako zuzendari musikala ere izan da. Gaur egun, Malagako Orkestra Filarmonikoaren eta Nafarroko Sinfonikoaren zuzendari titular artistikoa da.

Hernández Silva maisuak lan oparoa egin du irakaskuntzan. Izan ere, nazioarteko zuzendaritza eta interpretazio ikastaroak eman ditu, bai eta hitzaldi aunitz ere.

Orkestra askotara gonbidatu dute zuzendari aritzeko. Hona hemen: Vienako Sinfonikoa, Pragako Irratikoa, Israelgo Sinfonikoa, Seulgo Filarmonikoa (Korea), Nord-Tchechische Philarmonie (Txekiar Errepublika), Karlsbadeko Sinfonikoa (Txekiar Errepublika), Olomouceko Filarmonikoa (Txekiar Errepublika), Rheinische Philharmonie, BIel Orkestra Sinfonikoa, Puerto Ricoko Sinfonikoa, Txileko Nazionala, Venezuelako Sinfonikoa, Bogotako Filarmonikoa, Mexikoko Sinfoniko Nazionala, Caracasko Udal Orkestra, Simón Bolívar Sinfonikoa (Venezuela), Wuppertalgo Orkestra Sinfonikoa (Alemania) eta Janacek Filarmonika (Txekiar Errepublika). Espainian ia orkestra guztietara gonbidatu ohi dute.

Dokumentuak

Te Deum para orquesta y coro
15/03/2021