es | eu | en | fr

Tolosako Nazioarteko Txotxongiloen museoak Nafarroako Retablo de Figurillas’ konpainiaren piezak izango ditu

2020/10/07
Tolosako Nazioarteko Txotxongiloen museoak Nafarroako Retablo de Figurillas’ konpainiaren piezak izango ditu
Diablo Cojuelo eta Rosa

Retablo de Figurillas konpainiaren txotxongiloek, Faro-Bueno familiak 2019an Nafarroako Gobernuari emanak, bizitza berria hartu dute Tolosako Txotxongilo Museoan (TOPIC), bi erakundeek sinatutako lankidetza-hitzarmen bati esker.

Kulturako zuzendari nagusia, Ignacio Apezteguía, Gipuzkoako herrira joan da egindako lana ezagutu eta bi erakunderen arteko lankidetza-baldintzak zehaztera. Bertan, Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuorde Andoni Iturberekin, Tolosako alkatea den Olatz Peonekin eta TOPICeko arduradunak diren Idoia Otegi eta Maria Sebastianekin bildu da.

Akordio horren arabera, txotxongiloen bilduma gordailatuko da zortzi urteko eperako, eta erakusketa bat ere egingo da 2021eko azken hiruhilekoan. Horren katalogoa Kulturako Zuzendaritza Nagusiak-Vianako Printzea erakundeak finantzatuko du.

Pasa den irailean, TOPIC-Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroak txotxongiloen eta konpainiaren material eszenikoen katalogoa osatu du, eta erakusketa iraunkorrean zenbait pieza erakusteko leku garrantzitsua egokitu du.

Museoan txotxongilo hauek jarri dituzte ikusgai: Diablo Cojuelo ("Deabru Ontziratua" 1976 eta "Gabonetako Oparia" 1979) eta Rosa (Portugalgo garaiko bi txotxongilo); "Animalien Inauteriaren" Eskeletoa eta Garezurra; biltegian, berriz, "Escenas Sanfermineras" eta "San Fermín" musikari banda ikus daiteke.

Aldi baterako gordailua TOPICen

Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroarekin egindako akordioak txotxongiloak eta dekoratu eszenikoak behar bezala kontserbatzea bermatzen du. 2019ko azaroan, lankidetza-hitzarmena sinatu zuten Tolosako Ekimen Turistikoen Zentroak kudeaturiko TOPIC-Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroari, ospe handia duenari, 8 urteko denboraldirako uzteko.

Hitzarmen horren arabera, TOPICen dagoen bitartean, erakunde horrek konpromisoa izango du piezak zaintzeko eta mantentzeko, funts guztiak behar bezala katalogatu eta txotxongiloaren inguruko datu-basean sartzeko, www.topictolosa.com web gunean, eta Faro - Bueno txotxongilo familiaren legatua, Retablo de Figurillas, zabaltzeko.

Faro-Bueno funtsa

2019ko irailean, Nafarroako Gobernuak bere ondarean sartu zuen Ana Buenok egindako dohaintza;hau da, berak eta haren senarrak, Juan Farok (Lisboa, 1932 - Iruña, 2011), sortutako material multzoa, Retablo de Figurillas konpainiaren sortzaile gisa. Funtsa Nafarroako Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboaren programan sartu zen, Nafarroako Errege Artxibo Orokorrak sustatutakoan.

Dohaintza titiriteroen dokumentazio osoak osatzen zuen, eta tartean honako hauek aurkitzen ziren: obrak prestatzeko dokumentazioa, testuak, marrazkiak eta eskemak, koadernoak edo dokumentazio administratiboa nahiz txotxongiloei, dramaturgiari, didaktikari eta eskulanei buruzko bilduma bibliografiko zabala, konpainiaren eta beste talde batzuen eta jaialdien kartelak eta programak, argazkiak, zintak, kasetak eta emanaldiei buruzko bideoak.

Horrez gain, dohaintza Juan Farok eraikitako eta Ana Buenok jantzitako 378 txotxongiloren multzoak aberastuta iritsi zen, dekoratu, gaztelu, tresneria eta guzti; horietako asko “Juan Faro y Ana Bueno: Retablo de Figurillas” monografian jaso ziren, Juanjo eta Pilar seme-alaben ekimenez 2013an argitaratutakoan.

Zerrendara itzuli